OSASUNA 1 - 2 ATHLETIC

Azkonari eta Pekeri esker

Athletic Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da, Osasunari irabazita. Gorritxoak nagusi izan dira lehen zatian batez ere, baina zuri-gorriek sendo jardun dute atzealdean

Athleticeko eta Osasunako jokalariak lehia betean, atzo Taxoaren jokatutako Espainiako Kopako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Ane Azkonak (11. min).0-2: Pekek (64. min). 1-2: Sobronek (67. min.).

Futbolean erabakigarria gola da. Eta zein dira gol sena gehien dutenak? Bada, aurrelariak. Eta hain zuzen ere, bi aurrelariren, Ane Azkonaren eta Ainhize Barea Peke-ren jokaldiek eman zioten Espainiako Kopako finalerdietarako sailkapena Athletici, Osasunaren aurkako derbian: 1-2. Zuri-gorriek atzealdeko sendotasunean eta kontraerasoan oinarritu zuten sailkapena. 2020an iritsi ziren azken aldiz finalerdietara. Orduko hartan penaltietan galdu zuten Logroñoren aurka.

Txanponaren beste aldea Osasuna izan zen. Gorritxoek lehen zati oso ona jokatu zuten. Bi baloi bidali zituzten langara, eta beste bi zutoinera. Bigarrenean, ordea, nekearen ondorioz, apur bat behera egin zuten, eta gol bat sartu arren, kanpoan dira. Baina burua makurtu gabe esan dute agur. Orain, arreta osoa denboraldiko helburu nagusian jarri ahalko dute: Lehen Mailarako igoeran.

Bete egin zen Taxoare partida ikusteko. Athleticek bizi jokatuz ekin zion neurketari, joko zuzena eginez. Maila bat gorago jokatzen du talde zuri-gorriak, eta erritmoan dagoen aldea baliatzen ahalegindu zen. Baina Osasunarena izan zen neurketako lehen abagune argia. Oihane Valdezatek ez zuen baloia ondo aldendu, Maite Valerori ailegatu zitzaion, eta haren errematea langara joan zen. Baina, zer den futbola, hurrengo jokaldian Athletic aurretik jarri zen. Ane Azkonak pase sakon on bat jaso zuen; abiaduran Osasunako atzelariei aurrea hartu zien, eta ondo gurutzatu zion baloia Maitane Zalba atezainari, 11. minutuan.

Osasunak ondo erantzun zuen. Kakun Mainzen taldea ondo kokatuta zegoen zelaian, eta denbora aurrera joan ahala, zelai erdian nagusitu, eta partidaren agintea hartu zuen. Hala, beste aukera argi bat izan zuten nafarrek. Oraingoan ere langak haien gola eragotzi zuen. Korner batean izan zen, eta buruz errematatu zuena Maitane Vilariño (17. min).

Osasuna nagusi zen. Celia Otxoak, Valerok eta Mar Torrasek sekulako lana egin zuten presioan zelai erdian. Patricia Zugastik etaAlexia Blancok, berriz, bizitasuna jarri zioten erasoari. Athletic, berriz, huts baten edo kontraeraso baten zain zegoen, kanporaketa ia erabakita uzteko.

Ausart eta ziurtasunez jokatzen jarraitu zuen Mainzen taldeak. Baina atzo zorteak bizkar eman zion, 31. minutuan bi aldiz jaurti baitzuen baloia zutoinera. Berriro ere korner batean izan zen. Valerok buruz errematatu zuen, eta baloiak zutoina jo zuen. Aldaratzea Vilariñori iritsi zitzaion, eta hark ere ez zuen asmatu. Merezi zuen gola Osasunak, baina ez zuen lortu.

Indarrak iraun zion arte

Bigarren zatirako, Osasunak zelai erdian zuen nagusitasun horri aurre egin, eta taldeak baloi gehiago izan zezan, Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaileak Irene Ogiza zelairatu zuen, Yulema Korresen ordez.

Osasuna bizi hasi zen. Baina denbora pasatu ahala, lehen zatiko txinparta eta freskotasuna galduz joan zen. Izan ere, lehen 45 minutuetan egin zuen ahalegina handia izan zen. Athletic, gainera, lehen zatian baino hobeto zegoen kokatuta.

Mainzek taldea freskatu beharra zuen, eta hala egin zuen Carmen Sobron eta Iara Acosta zelairatuta. Baina handik gutxira bigarren kolpea jaso zuten nafarrek. Athleticek bigarren gola sartu zuen. Lehen zatian bezala kontraeraso batean izan zen.Oraingo honetan Ainhize Barea Peke-k baliatu zuen aukera (64. min).

Osasunak 1-2koa egin zuen;Sobronena izan zen gola (67. min). Ahalegindu zen berdinketa lortzen. Baina gehiago izan zen bihotzarekin, indarrak gutxi baitziren. Athleticek, berriz, neurketa osoan erakutsitako sendotasunari eutsi zion amaiera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.