'Txoministak' web telesaila estreinatuko dute hilaren 4an

Zortzi atal izango ditu lehen denboraldiak. Eñaut Gantxegi, Edurne Azkarate, Jon Ander Alonso eta Naroa Mikelarena dira aktoreak

Txoministak euskarazko web-telesailaren lantaldea. HIRU DAMATXO.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herria behin betiko askatuko duen alderdi politikoak plaza publikora egingo du jauzi egun gutxi barru: Txoministak. Horra alderdi berriaren izena. Horra euskarazko web telesail berri baten izena. Datorren asteazkenean estreinatuko dute, Interneten. Zortzi atalez osatuko da telesaila, bakoitza hamar minutu ingurukoa. Ari da sarean ikusmina pizten. Euskarazko fikzioaren panorama urrian beste saialdi bat izango da —Deus ez da perfektua da egun egiten den beste euskarazko web telesaila, Lekunberrin (Nafarroa) grabatzen dutena—.

Txoministak telesailaren atzean, Hiru Damatxo kooperatiba dago, komunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen ideien faktoria. Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea dira kooperatibako kideak. Nabarmendu dute hamalau lagunek osatutako lantalde batek egin duela telesaila, «hutsetik», eta ez dela izan Hiru Damatxok eta beste batzuen laguntzarekin egin duten zerbait. Aktore lanetan aritu dira Naroa Mikelarena, Jon Ander Alonso, Edurne Azkarate eta Eñaut Gantxegi. Gidoiez, atrezzoaz, kamerez, muntaketaz, produkzioaz eta beste lanez arduratu dira Eneritz Arzallus, Peru Isasi, Beñat Iturriotz, Ane Lusarreta, Mikel Fernandez, Mikel Roman eta Laida Zabala, lehen aipatutako Gaztelumendi, Matxain eta Arretxearekin batera.

Hiru Damatxori forma eman aurretik ere bazuten web telesail bat egiteko ideia. «Askotan salatu izan dugu hutsune handia dagoela alor horretan, eta, gure baliabideak mugatuak direla jakinda ere, bagenuen geure burua erronka horren aurrean jartzeko gogoa», azaldu du Lander Arretxeak.

Tramen inguruan ez dute gehiegi aurreratu. Lehenengo ataletan, alderdi politikoari forma emango dioten erabakiak hartu beharko dituzte pertsonaia protagonistek: liderra zein izango den, komunikazioari nola helduko dioten... «Balioko du, aldi berean,protagonisten izaera eta keriak ezagutzeko», iragarri du Larretxeak.

Jorratuko duten umoreari dagokionez, Hiru Damatxoko kideek nabarmendu dute gagetan fokoa jarri beharrean «ironia tonu fin konstante» bati eusten saiatuko direla atal guztietan. Alderdi politikoaren aldarri nagusia 8ak1 izango da, eta horrek lotura izango du atal kopuruarekin: zortzi.

Telesaila baliatuz, ataletatik kanpo zabaltzeko edukia ere prestatu dute: bideo laburrak, osagarriak...

'Gure bazka'-ren oihartzuna

Hiru Damatxoren Gure bazka elkarrizketa tarteak oihartzun handia izan zuen, joan den udazkenean. Ikus-entzunezkoen Argia saria ere jaso zuen, urtarrilean. «Espero ez genuen harrera izan zuen, baina egia da oso bestelako edukia dela orain sortu duguna», esan du Arretxeak. «Euskarazko ikus-entzunezko fikzioaren mundua oso da urria, eta guk, gure txikian, gure alea jarri nahi izan dugu, eduki masibo bat sortzeko pretentsiorik gabe». Saiatuko dira lantaldeko kideak produktua «ahal beste tokitan» zabaltzen. Oinarrizko gastuak ordaintzeko babesleak lortu dituzten arren, Arretxeak aitortu du zaila dela horrelako proiektu bati egonkortasuna ematea. «Dena dela, lantalde ederra osatu dugu, eta, tartean zatiketarik ez badago,nahiko genuke modu batera edo bestera hasitako bide honi batera jarraitzea», dio Hiru Damatxoko kideak. Ezagunak dira Euskal Herrian alderdietako zatiketak, baina koalizioak ere izaten dira.

Telesail bat egiteko atzean dagoen lana «sekulakoa» dela ikusi dute kooperatibako kideek. «Baina gauza bat da baliabide ezin mugatuagoekin web telesail bat egiten duenari eska diezaiokeguna, eta beste bat telebista publiko bati exijitu behar geniokeena. Alde horretatik, ETBko fikzioak kualitatiboki ez du ematen behar lukeen maila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.