Arrauna

Banderarekin, sailkapen buru

Hondarribiak seigarren garaipena eta bosgarren bandera irabazi ditu Aresen (Galizia), eta Eusko Label ligako buruan jarri da. Kaikuk maila galdu du, eta KAE 1 ligara jaitsi da

Ioseba Amunarriz, Hondarribia taldeko patroia, atzo Aresen irabazitako bandera astintzen, agintarien itsasontzian. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Hondarribiak arrantza handia egin zuen atzo Aresen (Galizia): bandera batetik, eta Eusko Label ligako lehen postua bestetik. Seigarren garaipena du ligan, eta bosgarren bandera. Hiru jardunaldi baino ez dira geratzen amaierara heltzeko, eta puntu kopuru bera dute Hondarribiak eta Santurtzik, baina bizkaitarrek bi garaipen bakarrik dituztenez, gipuzkoarrak dira lehen postuan.

Azkeneko txandan joan ziren bi traineruak, Urdaibai eta Oriorekin batera. Haize handia zebilen, Galizian ohikoa den bezala, eta eremua itsaso betean ez dagoenez, barrualdean bezala egin zuten arraun, olatu ale txiki apurren artean. Ez ziren baldintzak estropada iraultzeko, eta aurrea hartzeko abilezia eta gaia izan zuten traineruak izan ziren nagusi.

Horixe egin zuen Hondarribiakburua hartu zuenetik. Lehenengo ziabogara heltzean izan zen hori. Segundo apurra atera zien Santurtziri, Urdaibairi eta Oriori. Trainerua biratu, eta azkar batean, bizpahiru segundoan handitu zuen Santurtzirekiko aldea, eta lau, bost eta sei segundoren bueltan zituen Urdaibai eta Orio. Bigarren ziabogan, hirukoa zuen atzo arte ligako liderra zen taldearekiko tartea, eta Orio ere tarte horretara zeukan, Urdaibai seira zen bitartean.

Hirugarren luzean, haizea alde zutela, erritmoa sarritu zuten lau taldeek, eta lehia horrek bi galtzaile utzi zituen: Urdaibai eta Orio, bigarrengo eta aurreneko kalekoak, hurrenez hurren, sei segundo eta zazpi zituztelako galduta. Santurtziren galera laukoa zen. Azkeneko luzean, norabideak aukeratzeko egokieran, Oriok bakarrik egin zuen ababor aldera, eta hiru aurkariekin galdu zuen denbora. Hondarribia zen banderaren jabe, nahiz eta Santurtzik eta Urdaibaik alde pixka bat jan zioten azkeneko metroetan: 3,60 galdu zituen Sotera-k, eta 10,20 Bou Bizkaia-k. San Nikolas trainerua 15,32ra sartu zen Ama Guadalupekoa-rekin alderatuta.

Aise bota zituzten lau talde horiek Donostiarraren denbora eta lan ona, bigarren txandan egindakoa. Estropada sendoa egin zuen, eta lan horrek eduki behar zuen bestelako sariren bat, baina bosgarren izatearekin ase behar izan zuen. Bigarren txandatik azkenekora baldintzak leundu egin zirela begi bistakoa zen, izan haizearen indarra edo izan ur-lasterren eragina, eta batere mesederik ez zion egin horrek bigarren kaletik txanda aise menderatu zuen Donostiako taldeari. Isuntza etxean zela arraunlari baten COVID-19a kasuagatik, Cabo, laugarren kaletik, eta Zierbena, aurrenekotik, izan zituen aurkari. Ederra, eta arratsaldeko iraultza bakarra izan zen Cabok Zierbenari egin ziona: azkeneko txanpan gainditu zuen, sei ehunenengatik.

Alde handiagoekin ibili zen Ares lehendabiziko txandan, hasi eta buka ibili ere erosotasun horrekin. Kale edo bale egin beharra zeukan, Zarautz bi puntu goitik zuelako, azken-aurreko postuari ihes egiteko lehian. Bigarren kalea egokitu zitzaion atzo etxean zen taldeari, hirugarrena Zarautzi, baina elkarren alboan irteeran baino ez ziren egon. Lehenengo ziabogan, zazpi segundo ateratzen zizkion Aresek. Bien tartean Ondarroa ibili zen estropada osoan, lehenengo kaletik, eta bukatu ere hortxe bukatu zuen. Azkena Kaiku izan zen, oso atzean, laugarren kaletik, eta emaitza horrekin KAE 1 ligan ariko da datorren denboraldian talde historikoa, liga gorenera igo eta hamabi urtera. Gaurko estropadan, Boiron (12:10) ikusle izango da berez Zarautzen eta Aresen artean behar lukeen lehian: buruz buruko horretako irabazlea salbu izango da, eta galtzaileak jaisteko kanporaketa jokatuko du. Berdinduta daude orain, baina Ares da aurretik, zortzi estropadatan sartu delako Zarautzen aurretik zazpi bider euskal herritarrak. Gaurko txandak, ligako sailkapenaren arabera osatuko dituzte.

KAE ligak, ia argituta

Castro Urdialesen (Espainia) ere jokatu zituzten atzo estropadak, KAE eta ETE ligetakoak, hiru kasuetan azken-aurreko jardunaldikoak. KAE 1en, Pedreñak irabazi zuen bandera, San Pedrori 10,56 segundo ateraz, eta pasaitarrek lotu egin dute igoerako kanporaketa jokatzea. Getxo, aldiz, jaitsita dago, eta Donostiarra B-k oso zaila du mailari eustea. ETE ligan, Tolosaldeak irabazi zuen, eta Hibaikak bi punturen aldearekin ekingo dio gaur Zumaiaren aurretik, igotzeko kanporaketa zeinek jokatuko. KAE 2n, Castrok eta Lapurdik mailaz igotzea lortu zuten atzo, aurrena eta bigarren egin ondoren atzo. Gaur, ETE ligakoak 11:00etan ariko dira; KAE 1ekoak, 12:00etan; eta KAE 2koak, 18:00etan, Castron bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.