IRITZIA

Erasora jokatzeko beharra dute

Haritz Saez
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Hasiera batean, final berdintsua aurreikusten dut, parekatua. Ezkurdiaren baimenarekin, momentuko bi pilotari onenak iritsi dira finalera, eta ikustekoa izango da partida. Batez ere, biak dira artistak tantoa bukatzen, eta iruditzen zait egindako asko eta galdutako gutxi izango direla. Dirurik ez nuke jokatuko, baina faboritoren bat aukeratu behar banu, Altuna III.a hautatuko nuke. Zergatik? Orain arte izan duen jarrera aldatzeko prest ikusten dudalako. Alegia, aurkariaren zain egon beharrean, erasokor kantxaratu behar du; Jakaren joko bera egin behar du. Buruz burukoan ere Altuna III.a jotzen nuen faboritotzat, eta Jakak erakustaldia eman zuen.

Esan dut erasokor atera behar lukeela Altuna III.ak. Orain arteko partidetan aurkariak zer egingo zain egon da. Elezkano II.aren eta Bengoetxearen VI.aren kontra atzetik ibili zen, eta Jakaren kontra horrek ez dio balioko, lizartzarrak ukitzen duen pilotakada oro bukatu egiten duelako. Gaur egungo pilotekin musika jotzeak asko balio du, eta Altunak saiatu behar du kantxan tokia irabazten. Orain arte sakea ere ez du batere baliatu, eta hori hobetu beharko du. Gainerakoan, buruz indartsu ikusten dut. Finaletan ez du zorterik izan, eta buruz buru hartu zuen zaplaztekoak ikasteko balio izan dio: erasora jokatu beste aukerarik ez duela.

Finaletako porrotetatik hartu ditu zaplaztekoak Altuna III.ak, eta bizitzak berak egin dio gauza bera Jakari. Azkenaldian zoritxar asko gainditu ditu, eta, behera egin beharrean, gorakada izugarria izan du. Haren izaera oso gustuko dut, aurrera begiratzen baitu, bai bizitzan, baita pilotan ere. Oso garbi du arlo guztietan nola jokatu behar duen, eta horrek eraman du gorenera. Konfiantzaz gainezka dago, eta txapela janzten badu, ez da ezustekoa izango. Edonork irabazita ere, ikusteko finala izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.