Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Aretha Franklinen ahotsa

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'Amazing Grace'



Zuzendariak: Alan Elliott eta Sydney Pollack. Herrialdea: AEB.Iraupena: 87 minutu.

Aretha Franklinek, 1972an, bi egunetan gospel kontzertua eman zuen Los Angelesko eliza batean. Amazing Grace diskoa grabatu zuen kontzertu hartan, eta Sydney Pollackek eta Warner Brothersek filmatu zituzten bi saioak. Filmaren hasieran azaltzen denaren arabera, arazo teknikoak zirela medio, grabatutako materiala bere horretan gelditu zen. Alan Elliottek Pollacken lana hartu eta editatu egin zuen, Amazing Grace izeneko dokumentala sortuz.

Aretha Franklinek bost Grammy irabaziak zituen 1972. urterako. Haren karrera garairik gorenenean zegoen, eta bere jatorrira itzultzea erabaki zuen gospel diskoa eliza batean grabatzeko. Horretarako James Cleveland apaiza, musika banda bat eta Kalifornia hego-ekialdeko komunitate-abesbatza gonbidatu zituen. Bi kontzertu eman zituen bi egunean, eta ehunka pertsona joan ziren musikaz gozatzera, horien artean Franklinen beraren aita, baita Mick Jagger ere.

Aretha Franklinen ahotsa da filmaren protagonista, eta, noski, horrelako protagonistarekin zaila da huts egitea. Eliza hartan sortu zen giro hunkigarria pantailaren beste alderaino iristen da, eta jendeak une hartan sentitu zuena imajinatzeko gai gara. Pollacken lanak zuzenekoaren inperfekzioa du, eta kontzertuko energia handituz joan ahala, dena grabatu ezinaren larritasuna nabari dezakegu, horren handiak izan omen ziren saioak. Hatzak objektibo aurrean, nora begiratu ez zekien kamera, Pollack bera publikoa grabatzeko aginduz. Espero ez zuten olatuak harrapatu zituela dirudi, eta ulertzen dugu; Franklinek une horretan emandako guztia kameren bidez jasotzeak ez dirudi lan erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.