Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

5 egun, besterik ez

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Le rêve de Noura'

Zuzendaria: Hinde Boujeema. Herrialdea: Tunisia-Belgika-Frantzia-Qatar. Iraupena: 92 minutu.

Noura Jamelekin ezkonduta dago, eta hiru seme-alaba dituzte. Nourak, ordea, Lassad maite du. Jamel kartzelan dago, eta Noura eta Lassadek elkarrekin bizitzera joateko planak dituzte. Dibortzioa eskatu du Nourak, baina bost egun itxaron beharko ditu eraginkorra izan arte. Senarra ustekabean kartzelatik irtetean bikotearen maitasuna kolokan jarriko da; izan ere, tunisiar legeak bost urteko kartzela zigorra ezartzen du ezkontzatik kanpoko harremana edukitzeagatik.

Hinde Boujeema zinemagile tunisiarraren bigarren luzea da Le rêve de Noura. Emakume baten ezintasuna erakusten digu filmak; haren bizitzaren norabidea erabaki eta zorigaitza ekartzen dion harreman batetik ihes egiteko ezintasuna. Boujemaak maisuki bideratzen du ikuslea ezintasun horrekin enpatia sentitzera, Nouraren azalean jarri eta amaigabeak diruditen bost egun horien atzerako kontaketa egitera.

Lehen planoen erabilera fin batekin murgiltzen gaitu istorioan zinemagileak. Ohartzeko denborarik ere ez digu ematen; Noura ezagutu eta berehala jakin nahi dugu gehiago, eta istorioak aurrera egin ahala amorrua sentitzen dugu, ezintasuna, nahigabea, baita esperantza ere. Ederrena, ordea, zuzendariak artifizio handirik egin gabe lortzen duela da. Filma amaitu eta ez naiz kontziente muntaketa azkarra edo motela zen, argiaren erabilerak nolabaiteko eragina izan duen, ezta elkarrizketez gain soinurik bazen ere. Nouraren bizitzako bost egun ziren. Bere haurrekin igarotako bost egun. Senarra gorrotatzeko bost egun. Itxaropena galtzeko bost egun, baita irabaztekoak ere. Horren lekuko izaten utzi digu Hinde Boujemaak, umiltasun osoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.