KRONOLOGIA

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
2020ko uztailaren 3a. Whatsappek 1.400 laguni esan zien beren telefonoei eraso zietela NSO Israelgo enpresak sortutako Pegasus spywarearen bidez. Horien artean zen Roger Torrent Kataluniako Parlamentukopresidentea. TorrentekThe Citizen Lab zentrora jo zuen sakelakoa infektatua ote zuen baieztatzeko. Hala berretsi zioten.
2022ko apirilak 18. The New Yorker aldizkariak The Citizen Laben txosten bat argitaratu zuen: horren arabera, Kataluniako eta Euskal Herriko 65 buruzagi independentista zelatatu zituzten Pegasusen bidez; tartean, EH Bilduko bi kide: Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu diputatua. The Citizen Labek zioen «ebidentzia zabala» dagoela Espainiako Gobernua erantzule dela ondorioztatzeko.
Apirilak 19. Espainiako Gobernuaren lehen erreakzioa, Isabel Rodriguezen ahotik: «Gobernuak ez du ezer ezkutatzeko, eta justiziari lagunduko dio gertaerak ikertzeko. Azpimarratu nahiko nuke (...) ez dela espiatzen edo elkarrizketarik zelatatzen legearen eta zuzenbidearen babesik gabe». Kataluniako Generalitateak dio harremana etengo duela Espainiakoarekin.
Apirilak 20. Aragonesek CNIri leporatu zion zelatatzea. Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak ez zuen baieztatu Pegasus erabili ote zen edo zerbitzu sekretuek independentistak zelatatu dituen, baina nabarmendu zuen «legea erabat» bete dela eta CNIren ekintzek «kontrol eta baimen judiziala» dutela.
Apirilak 23. Hedabideak zelatatzeei buruzko informazioak zabaltzen hasi ziren. Adibidez, El Confidencial-ek argitaratu zuen independentista katalanen aurkako entzuketak horien «hitzordu estrategikoetan» egin zirela.
Apirilak 24. Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroa Laura Vilagra Kataluniako Gobernuko Presidentetza kontseilariarekin batzartu zen. Bolañosek neurri batzuk hartuko zituela iragarri zuen: CNIn «barne kontrol» bat zabaltzea, Espainiako Kongresuan Sekretu Ofizialen Batzordea eratzea eta horretan independentistak ere egotea, agiriak desklasifikatzea eta Espainiako Arartekoak abiatutako ikerketan laguntzea. Hedabide kontserbadore batzuek zabaldu zuten CNIko sektore batzuetan ezinegona zegoela gobernuarekin.
Apirilak 26. Espainiako Senatuan, Roblesek sinesgarritasuna kendu zion espioitzari buruzko informazioari: «Zuk The New Yorker-i buruz hitz egin duzu. Nik ez dut hedabide hori ezagutzen». Bestelako informazioak zeuden prentsan: El País-ek argitaratu zuen espioitza «bakarka eta kontrol judizialpean» egin zela.
Apirilak 27. Disidentziaren aurkako espioitza zilegi dela iradoki zuen Roblesek Espainiako Kongresuan: «Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean? Norbaitek independentzia deklaratzen duenean?». Egun berean, gehiengoak moldatu zituzten kongresuan, EH Bildu eta ERC sekretu ofizialen batzordean sartzeko. Baina EH Bilduk eta EAJk nahiago dute ikerketa batzorde bat. Arrakala gero eta sakonagoa zen gobernuan: independentistek eta Podemosek Roblesen dimisioa eskatu zuten.
Apirilak 28. Bozketa garrantzitsua Espainiako Kongresuan: Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko neurriei buruzko dekretua aurrera atera zuen Sanchezen gobernuak, EAJren eta EH Bilduren babesarekin baina katalanena gabe.
Maiatzak 2. Gobernuak jakinarazi zuen Sanchezen eta Roblesen sakelekoak ere zelatatu zituztela Pegasusekin, 2021eko maiatz-ekainean. «Kanpo erasoaz» mintzo zen Moncloa, eta hedabideak Marokora begira jarri ziren. Horrek ez zuen gobernuko eztabaida baretu; orain, auzia zen zerk egin zuen huts CNIren segurtasunean norbaitek gobernuburuaren telefonoko informazioa eskuratu ahal izateko.
Maiatzak 3. Ikerketa batzorde bat eratzea baztertu zutenPSOEk, PPk eta Voxek. Pegasusen arrastoak antzeman zituzten Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren sakelakoan.
Maiatzak 5. Paz Esteban CNIko buruaren agerraldia sekretu ofizialen batzordean. Batzarra sekretua bazen ere, Estebanen azalpen batzuk ezagutu ziren: hemezortzi buruzagi independentista zelatatzeko baimena emana zuela epaileak. Gainerako entzuketei buruzko xehetasunik ez zuen eman.
Maiatzak 10. Espainiako Gobernuak CNIko burua kargugabetu zuen.
Maiatzak 12. Ezkerreko alderdiek beste eskaera bat egin zuten ikerketa batzorde bat eratzeko. Kasu honetan, «estatuko erakundeetako eta ezkutuko gastuetako baliabideekin ordaindutako trama parapolizial, mediatiko eta enpresarialak» ikertzeko.
Maiatzak 18. EAJri erantzunez, Sanchezek ukatu zuen Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Pegasus softwarea dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.