Euskal Herriko Itzulia

Ikuskizuna eta kirol legea

Izagirrek azken gerri kolpean irabazi dio Bilbaori Hondarribiko helmugan. Kaosa piztu da Erlaitz igo ondoren, eta McNultyk lidergoa kendu dio Roglici. Bilbao laugarren jarri da nagusian, 36 segundora

Ikuskizuna eta kirol legea.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Asegaitz dabiltza euskal herritarrak aurtengo Itzulian. Sestaon, Alex Aranburuk eta Omar Frailek (Astana) amaitu zuten lehen bi postuetan, eta atzo, Hondarribin, Ion Izagirre (Astana) eta Pello Bilbaoren (Bahrain) arteko esprint estu batean erabaki zen etapa, lasterketako laugarrena. Dena eman zuten azken metroetako ahaleginean, gerri kolpe eta guzti. Helmuga igaro ostean, Bilbaok irabazletzat zuen bere burua, eta galtzailetzat, aldiz, Izagirrek. Bestelako epaia eman zuen helmugako argazkiak: ormaiztegiarra zentimetro gutxi batzuengatik gailendu zitzaion gernikarrari.Emaitzaren berri izan ostean, elkar besarkatu, eta adiskidetasunez eta euskaraz mintzatu ziren izan berri zuten lehiaz. Kiroltasunaren azalpen grafikoa izan zen.

Esprinta ez ezik, ikusgarria izan zen, oro har, etaparen azken txanpa ere. Erlaitz gainera batera iritsi ziren faborito guztiak, baina erabat kaotikoak izan ziren hortik aurrerako kilometroak. Sei txirrindularik egin zuten aurrera. Tartean ziren Izagirre eta Bilbao. Baita Brandon McNulty (UAE) ere. Atzean gelditu ziren, berriz, Primoz Roglic (Jumbo Visma) liderra eta haren aurkari nagusia, Tadej Pogacar (UAE). Haien multzoan ez zen akordiorik izan, Jumbo Vismaren estrategia nahasgarria tarteko, eta 49 segundoko atzerapena izan zuen helmugan. Horrenbestez, McNultyk lidergoa kendu zion Roglici. Itzuliaren historian izan den bigarren lider estatubatuarra da, Chris Hornerren ostean 2010eko aldia irabazi zuen. Roglic bigarren dago orain, 23 segundo galduta, eta hirugarrena haren taldekide Jonas Vingegaard da, 28 segundora.

Bilbaok, berriz, lau postu egin zituen gora sailkapen nagusian: laugarren jarri zen, 36 segundora. Izagirrek bederatzigarren posturaino egin zuen jauzi; 1.15eko atzerapena du. Eta bada beste euskal herritar bat hamar onenen artean: hamargarrena da Mikel Landa (Bahrain), 1.23ra. Hiru postu galdu zituen atzo, Roglicen multzoan helmugaratu baitzen.

Abaila batean hasi zen etapa. Haizeak atzetik jotzen zuen, eta, ibilbideak beheranzko joera zuela probestuz, azkar batean irentsi zituzten lehen 100 kilometroak. Hori horrela, ihesaldirik ez zen sortu Alkizako mendatera iritsi arte. Ahaleginak ugariak bezain antzuak izan ziren, oso zaila baitzen aurrea hartzea tropelak zeraman ziztuarekin. Omar Fraile (Astana) izan zen gehien saiatu zenetako bat, eta Roglicek berak ere egin zuen imintzioa. Azkenean, hiru txirrindularik egin zuten ihes Alkizan: Jefferson Cepedak (Caja Rural), Guillaume Martinek (Cofidis) eta Ben O'Connorrek (AG2R). Beherakoan Juan Pedro Lopez (Trek) batu zitzaien.

Ihesaldi berantiarra izanik, ezin izan zuen abantaila handirik lortu; ozta-ozta gainditu zuen hiru minuturen langa. Astanak ez zien utzi gehiago urruntzen. Liderren ezina beste etapa garaipen batekin konpondu nahi zuen Izagirreren, Fraileren eta Alex Aranbururen taldeak. Talde-estrategiez baliatzeko etapa aproposa zen. Santurtziarra Jaizkibelgo lehen aldapetan gelditu zen jokoz kanpo, Mikel Landaren (Bahrain) soka tenkatzen hasi zenean. Aurrekoak 1.50eko aldearekin iritsi ziren mendatearen magalera, eta Lopezek berehala xehatu zuen taldea. O'Connor izan zen espainiarraren erritmo aldaketari erantzun zion bakarra. Harrigarriki, Martinek ezin izan zien jarraitu.

Bahrainen estutuak ez zuen asko iraun, eta geldialdia izan zen tropelean. Gero, Bike Exchangek hartu zuen lekukoa. Lan egiteko tenorea iritsi zitzaion Mikel Nieveri. Abiada hartu zuen berriro multzo nagusiak. Areago, Ineos buruan agertu zenean. Igoera ez zen espero zen bezain zirraragarria izan, inork ez baitzuen asmorik erakutsi urrundik erasotzeko: ez liderrek, ezta beren taldekideek ere. Tropela mardul igaro zen gailurretik. Dena den, ia 30 kilometro orduko abiaduran osatu zuen igoera, ordekan joango balitz bezala. Minutu erdi txikitu zen aurreko bikotearen errenta.

Erlaitzera 3,8 kilometro eta %10,6ko batez besteko pendiza iritsi orduko egin zuen haienak. Oilarren txanda zen. Agertoki egokia zuten elkarri mokoka hasteko. UAEk hartu zuen aginte makila, baina Jakob Fuglsangena (Astana) izan zen lehen erasoa, helmugarako oraindik 25 kilometro gelditzen zirela. Ezin izan zuen zulorik ireki; bai, ordea, Landak, McNultyrekin eta Esteban Chavesekin (Mitchelton) batera. Atzekoek, hori bai, kontrolpean zituzten, Vingegaarden lanari esker, eta gailurrera iristear zirela harrapatu egin zituzten.

Hamabost lagun zeuden buruan, eta anabasa piztu zen errepidea samurtu orduko. Bilbaok eta Chavesek tartea ireki zuten, eta haien atzetik atera ziren Izagirre, McNulty, Vingegaard eta Emanuel Buchmann (Bora). McNulty mehatxua zen Roglicentzat, 30 segundora baitzuen sailkapen nagusian. Alabaina, esloveniarrak ez zirudien batere arduratuta. Oso arraroa izan zen Jumboren estrategia: Vingegaard ez zuen atzeratu, aldea gora zihoan arren, eta atzean oso berandu jarri zuen lanean Antwan Tolhoek. Azalpen bakarra eman dakioke Herbeheeretako taldearen jokaerari: maillota eramatearen ardura gainetik kendu nahi zuten larunbateko etapari begira, lidergoa aurkari ahulago baten esku utzita.

Izagirre, bide onean berriro

Aurrean, azti jokatu zuen Izagirrek, erantzukizunaren zatirik handiena Bilbao eta McNultyri emanda. Chaves eta Buchmann esprinta saihesten saiatu ziren, baina seikotea batera iritsi zen azken metroetara. Ormaiztegiarra izan zen azkarrena, eta, hala, bere lehen etapa garaipena lortu zuen Itzulian. Erlojupekoko arantza ateratzeko balioko dio.

Lasterketako etaparik samurrena izan beharko lukeena jokatuko da gaur, Hondarribitik Ondarroara doan 160,2 kilometroko ibilbidean. Hirugarren Mailako hiru mendate izango dira eguneko zailtasunak: Mendexa, Gontzagaraigana eta Urkaregi. Egun aproposa izan daiteke ihesaldiak arrakasta izan dezan. Bestela, tropeleko errematatzaileek beren aukera izan dezakete. Ekaitzaren aurreko barealdia izango da, biharko etapan erabakiko baita Itzulia, Arratera bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.