Beste maila batean, gozatuz

Alex Uranga bodyboarderrak Euskal Herriko txapela irabazi berri du, Zumaian, bere sorterrian. Esan du gorengo mailan aritu ostean orain «besteei txanda uzteko garaia» dela.

Alex Uranga bodyboarderra olatu ikusgarri bat hartzen. ALEX URANGA.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Goi mailako kirolean, oro har, kosta egiten da alde batera egitea eta norberak aurrez zuen maila bera ez duela onartzea. Bada, Alex Uranga bodyboarderrak (Zumaia, Gipuzkoa, 1989) hori egin du, eta aitortu du «beste batzuei lekua uzteko garaia» dela. Horrek, ordea, ez du esan nahi bodyboarda utziko duenik, ezta gutxiago ere.

Iragan larunbatean Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen, sorterrian, Zumaian. Hain justu, txapelketa hori izan zen Euskal Herriko Open Bodyboard zirkuituko lau probetako bat. Lehena Bakion (Bizkaia) jokatu zuten, eta beste biak, Getxon eta Mundakan (Bizkaia). Lortutako lehen postuaren inguruan, Urangak adierazi du garaipen batek beti «indarberritzen» duela, aspaldi zebilelako irabazi gabe. «Etxeko hondartzan irabaztea beti da berezia. Aurreko proban [Bakiokoan] ezin izan nintzen lehiatu, eta honetan gutxienez finalean sartu behar nuen datozenetan parte hartu ahal izateko».

Garaipena honela aztertu du: «Etxean izanda, lehiatzen ginen zumaiarrok bagenekien olatuak nondik nora zetozen, eta hor abantaila genuen». Azkenerako, bera ez ezik, herriko beste bi bodyboarder ere sailkatu ziren finalerako: «Harro egoteko modukoa da». Gogorarazi du, gainera, 18 urtez azpiko mailan herriko gazteenek ere lan oso txukuna egin zutela txapelketan: Mikel Egigurenek irabazi egin zuen, eta Unax Pascual finalean sartu zen. Urangaren esanetan,«haiek dira etorkizuna». Zumaiarra txapelketa ofizial batean lehiatu gabe egon da azken bizpahiru urteetan, pandemiaren ondorioz: «Munduko zirkuitua bertan behera geratu zen, eta pare bat urtez ez da probarik egin. Gainera, ezin nuen hemendik atera. Orduan lehiatzeari utzi nion, eta ikusi nuen bazela garaia beste gauza batzuk egiteko». Hain justu, Urangak lehiatu gabeko denbora hori aprobetxatu zuen URAL Experience surf eskola sortzeko. Kanpo jardueretako enpresa bat da: surfa, bodyboarda, kayaka eta arraun surfa lantzen ditu.

Horri eskaintzen dio denbora gehien gaur egun. Ez du bere burua gorengo mailan lehiatzen ikusten: «Nahiago dut nirean jarri, eta gauzak lasai hartu. Ez diot helduko munduko zirkuituari lehen bezala; soilik gogoko ditudan probetan parte hartuko dut: esaterako, Hawaiiko Pipeline olatuan [AEB] eta Txileko Aricakoan».

Ibilbidean, arantzarik ez

Urangak 2011n egin zuen urratsa profesionaletara, bi txapelketa garrantzitsu irabazita: Galiziakoa lehenik, eta Reunion Uhartekoa (Frantziako kolonia) ondoren. Zumaiarraren iritziz, azken proba horrek «bultzatu›› zuen gorengo mailara: «Reunion Uharteko txapelketak markatu du nire kirol ibilbidea. Uharte horretan jokatu zen azken txapelketa izan zen, marrazoak zeudelako uretan. Bodyboard munduan historikoa da txapelketa hori, eta nik irabaztea lortu nuen».

Geroztik gorengo mailan aritu da, eta ibilbide profesional oparoa izan du. Bi urtez jarraian —2016an eta 2017an— Munduko Txapelketan bosgarren postuan geratu zen, eta 2016an ere Europako txapeldun izan zen. «Asko bete nauten urteak izan dira. Ahaleginak eta gogoak markatzen du bakoitzaren ibilbidea, eta, alde horretatik, dena eman dut. Beti daude hobetzeko gauzak, baina gustura nago emandako mailarekin».

Arantzarik geratu ote zaion galdetuta, argi erantzun du ezetz: «Zumaiaren gisako herri txiki batetik atera den bodyboarder batek emaitza onak atera ditzakeela erakutsi dut. Txapelketaz kanpo ere saiatu naiz etxetik datorkidan nortasuna ateratzen. Momentu zailetan ere uste dut hori erakutsi dudala».

Kirolak zaku bete oroitzapen utzi dizkio, horietako asko, «ahaztezinak». Besteak beste, anaiarekin egindako bidaiak eta munduko beste puntan hartutako olatuak: adibidez, Hawaiiko lehen olatua eta Baño Lacosan (Txile) hartutakoa. Momentu zailak ere bizi izan ditu: «Txapelketa batetik bestera , jakin gabe zergatik, behea jotzen duzu. Hori da zailena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.