Eli Pescador.
Arrauna. LUGAƑENE BASERRITIK

Burua hotz eta bihotza bero

2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Hilabeteak daramatzagu gure lokaletan buru-belarri lanean. Ergometroko minutu luzeak, core ariketak, pisu astun eta gogorrak, itsaso eta errekako serie luze zein biziak... Gure egoera fisikoa ahal den onena izatera bideratzen dituzte lan horiek prestatzaileek.

Hilabete luze hauetan, landu beharreko beste hamaika alderdi ere badira: elikadura, atsedena, alderdi soziala... Baina, bada, nire ustez, nahiko isilean geratzen den eta lantzea ezinbestekoa den binomio bat: burua eta bihotza.

Neguko lanetan, euria eta hotza nagusi direnean; entrenamendu gogorretan, gorputzak gehiago ezin duela esaten digunean; lanegun astun baten ondoren, dena pikutara bidaliko zenukeenean; familia edo lagunekin denbora gehiago pasatu nahi duzunean... Egun horietan, buruak ezezkoa esaten digunean, etsitzeko gogoa dugunean, bihotza izaten dugu lagun. Hartan bilatzen dugu aurrera jarraitzeko norberak dugun ilusio eta arrazoia. Bihotzak ematen digu aurrera jarraitzeko indarra.

Badira bihotzak indar handiagoa hartzen duen egoerak ere: lehenengo testak, ergometro probak, lehorreko estropadak... Horietan guztietan, buruan bilatzen dugu lasaitasuna, egoera aztertu eta aurrera jarraitzeko bidea.

Eta bi horiek modu orekatuan lan egiten dutenean, bihotzak buruak adina eta buruak bihotzak adina agintzen duenean, orduantxe lortzen dugu oreka. Huraxe da ditugun helburuak aurrera eramateko momentu egokia, prestaketa bere onenean dagoen momentua, gure onena emateko momentua. Burua hotz eta bihotza bero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.