Bere burua du aurkari

Europako Atletismo Txapelketa astelehenetik hilaren 22ra jokatuko da, Munichen. Zortzi euskal herritar ariko dira. Elena Loyo maratoian lehiatuko da lehen egunean. «Ez dut postu jakinik buruan; lasterketa ona egin nahi dut».

Elena Loyo, Gasteizen entrenatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Gogoz gainezka» dago Elena Loyo (Murgia, Araba, 1983) hurrengo astelehenean irteteko pistola tiroa entzun, eta Municheko (Alemania) kaleetatik barna korrika hasteko. Ez da erraza maratoiak dituen 42,195 kilometroak ondo aztertuak izatea, baina Europako Txapelketa honetako ibilbideak erraztasun bat dauka: «Hamar kilometro inguruko lau bira emango dizkiogu zirkuitu bati. Horrek gauzak asko errazten dizkigu. Itzuliak ematen joan ahala, badakizu non estutu dezakezun gehiago edo zer geratzen zaizun aurretik».

Bikietako arazoekin ibili zen apirilean. Lesio horrek Europako Txapelketarako prestaketa laburragoa egitea behartu du. Hori dela eta, helburu jakinik gabe ariko da: «Lesioa izan eta gero, lasterketa ondo kudeatzea gustatuko litzaidake, ahalik eta emaitza onena lortzeko. Ez noa postu jakin bat lortzeko xedearekin; lasterketa on bat egiteko asmoa dut». Bera da bere aurkaria.

Bi ordu, 28 minutu eta 25 segundo, hori da Loyoren markarik onena maratoian. Valentzian (Herrialde Katalanak) lortu zuen orain dela bi urte. Nondik datorren ikusita, ez du buruan marka hobetzea: «Horrelako txapelketetan garrantzi handiagoa ematen diot postuari denborari baino. Oso atleta gutxik lortzen dute bere marka ontzea udan. Baldintzek ez dute laguntzen, bereziki beroak. Eugenen [Munduko Txapelketa jokatu zen bertan, uztailean] bai hobetu zuen atletaren batek bere marka, baina lasterketaren egunean eguraldi freskoxeagoa izan zuten. Maratoian, oso marka gutxi ontzen dira udan».

Bigarren aldiz arituko da Loyo Europako Txapelketa batean. 2018an egin zuen debuta, orduan ere Alemanian, Berlinen. Badaki, beraz, zer den horrelako txapelketa handi batean lehiatzea, baina, haren ustez, maratoian «ezer gutxirako» balio du eskarmentu horrek. «Ez da nire estreinako Europako Txapelketa, baina hemen kontuan hartzen dena ibilbidea da, eta 2018ko ibilbideak gutxirako balio dit aurtengorako. Gainera, horrelako txapelketetan ibilbide berriak prestatzen dituzte. Esaterako, urrian jokatuko den Municheko maratoia eta guk astelehenean egingo duguna ezberdinak dira».

Beroa, arerio

Aurreko urtean Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatu zen Loyo, eta postu ona lortu zuen: 29. helmugaratu zen; hamargarren izan zen Europako atleten artean. Halere, emaitza hori ez du uste aintzat hartzeko modukoa denik: «Tokiora selekzio bakoitzetik hiru parte hartzaile baino ez ginen joan. Munichera, gehienez sei etor daitezke. Gainera, maila asko igo da azken Europako Txapelketatik. Orduan, oso atleta gutxi ziren gai 2.30etik jaisteko. Orain, ordea, asko jaisten dira 2.27tik. Ni saiatuko naiz postu ona lortzen, baina, dagoen maila ikusita, zaila izango da».

Udak beroa dakar berarekin. Eta aire libreko kiroletan eragina izaten du eguraldiak, zer esanik ez maratoiaN, arnasa luzeko proba batean. «Ika-mika pixka bat sortu zen ordutegiarengatik [10:30ean hasiko da emakumezkoen proba, eta 11:30ean gizonezkoena], bero handia egingo zuela eta, baina azken iragarpenen arabera, 20 eta 27 graduren artean egingo du. Tokion baino dezente gutxiago da [34 gradu], baina ez da tenperaturarik aproposena maratoian lehiatzeko. Ordubetea igarota beroak eragina du gure errendimenduan».

Jose Peiro Espainiako selekzioko hautatzaileak Munichera joateko egin duen zerrendak hautsak harrotu ditu. Euskal Herriko zortzi atleta sartu ditu Peirok zerrendan: Carlos Tobalina, Hamid Ben Daoud, Maitane Melero, Irati Mitxelena, Asier Martinez, Arantxa Moreno, Manu Quijera eta Loyo bera. Baina beste hainbat kanpoan geratu dira gutxieneko marka izan, eta Europako Txapelketan parte hartzeko eskakizunak bete arren.

Loyok ez daki zehazki zer gertatu den hautaketan, baina «pena» sentitzen du etxean geratu direnengatik: «Europako Txapelketa batean lehiatzea sekulakoa da. Pena ematen dit zerrendatik kanpo gelditu direnengatik. Oso gutxitan izaten da horrelako txapelketa handi batean parte hartzeko aukera. Ea hurrengoan egoterik baduten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.