Ikusmira gorago dauka

Maddi Aalla Zuazoko atezainak iragan denboraldian lortu zuen titular postua. Sufritu egin zuten jaitsiera postuetatik aldentzeko. Ordea, nabarmendu du sasoi honetan psikologikoki «indartsuagoak» direla.

Maddi Aalla Zuazoko atezaina, aste honetan Lasesarren egindako entrenamendu baten aurretik. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko sasoia «zaila eta trantsiziozkoa» izan zen Zubileta Evolution Zuazorentzat. Hala zioten behin eta berriz jokalariek eta Joseba Rodriguez Jaito entrenatzaileak. Klubak harrobiaren aldeko apustua egin zuen, eta Europan jokatzeko borrokan egotetik maila ez galtzeko lehiara pasatu ziren. Estutasunik gabe lortu zuten helburua, bederatzigarren izan baitziren sailkapenean.

Baina denboraldi honetan«beste aurrerapauso» bat eman nahi du Barakaldoko taldeak. «Pilatutako eskarmentuarekin, klubak egindako apustua egonkortzeko eta gorago begiratzeko sasoia izan daiteke», dio Maddi Aalla atezainak (Plentzia, Bizkaia, 1997). Gaur izango dute hori erakusteko aurreneko aukera, ligari ekingo baitiote. Derbi batekin izango da, gainera: Bera Berak eta Zuazok derbia jokatuko dute Bidebietan (18:00).

Liga hasierari begira, taldea «ondo» ikusten du Aallak. «Denboraldi-aurrean behetik gora egin dugu, eta ondo gaude, lehiatzen hasteko prest. Taldea aurreko sasoiko ia berdina da, eta jokatu ditugun partidek balio izan digute gauzak fintzeko, erritmo hartzeko eta hiru jokalari berriak egokitzen joateko».

Bera Bera «oso talde ona eta irabazten zaila» dela onartu du, baina ezustea emateko gai ikusten dute beren burua. «Sasoi-aurrean haien aurka jokatu genuen, eta azken txanpa arte norgehiagoka ez zen erabaki. Gure onena emenda, haien aurka nor baino nor gehiago lehiatzeko gai gara».

Halako talde baten aurka jokatzeko garai aproposik ez dagoela nabarmendu du, dena den.«Baina egokienetakoa hau izan daiteke, sasoi hasiera. Egokitzen ari dira oraindik, eta hori aprobetxa dezakegu».Horrekin batera, argi du zer egin behar duten garaipena lortzeko. «Ezin ditugu baloi inozoak galdu. Haiek kontraerasoan oso bizkorrak direlako, eta ez dute barkatzen».

Bi talde gutxiago egonda, ligan «berdintasun handia» izango dela aurreikusi du. «Borroka handiagoa izango da, bai goitik, baita behetik ere. Talde guztiek asko estutuko dute, eta inoiz garrantzitsuagoa izango da ez galtzea. Berdinketek ere balio handia izango dute. Garrantzitsua da,sailkapen erdialdean egonkortu, eta Europara sailkatzeko borrokan egoteko. Zaila izango da».

Berdintasun hori aintzat hartuta, «erabakigarria» iruditzen zaio etxean indartsu izatea eta aurreko sasoiko joera aldatzea. Izan ere, lehen itzulian ez zuten lehiarik irabazi etxean. «Lasesarrek gure gotorlekua izan behar du. Aurkariek sentitu behar dute hemen irabaztea ez dela erraza».

Aurreko sasoian «esperientzia falta» ordaindu zutela uste du. «Partida asko galdu genituen gol gutxigatik. Ez genuen asmatzen norgehiagoketako azken minutuak kontrolatzen eta kudeatzen. Baloi asko galtzen genituen, eta erabakiak azkarregi hartzen genituen. Akats horiek konpontzean egongo da gorago egoteko gakoetako. bat». Posible iruditzen zaio hori. «Taldea indartsuagoa da psikologikoki, eta horrek lagunduko digu partidako une erabakigarri horietan lasaiago egoten.».

Atezainaren garrantzia

Aallarentzat denboraldi garrantzitsua izan zen aurrekoa, titular izatea lortu baitzuen. «Baina denboraldi hau are gehiago izango da, titular postu horretan finkatu nahi baitut, eta hori askotan zailagoa da». Atezainen postuan hori lortzea «kostatu» egiten dela onartu du. «Oso erregularrak izan behar dugu, eta psikologikoki indartsuak,Atezain batek behera egiten badu, talde guztian du eragina».

Lehietan intentsitate eta harrera horiei eusteko «funtsezkoa» iruditzen zaio aulkian dagoen atezainarekin etengabeko hartu emana izatea. «Haren babesasentitzea erabakigarria da. Kanpotik jokoko gauza asko ikusten dira, eta horiek esaten dizkizu».

Denboraldi honetan, Zuazok atezain berri bat fitxatu du: Ariadna Gonzalez; Ohorezko Mailatik igo berri da, Salud Tenerifetik. Haren ezaugarrien artean zera nabarmendu du: «Oso bizkorra da». Bikote ona osatuko dutela uste du. «Ni lasaiagoa naiz, eta eskarmentua dut. Oreka emango diogu elkarri».

Beste bi jokalari berriak Maider Barrioshegalekoa eta Madda Fernandez albokoa dira. «Maiderrek jada aurreko sasoian gurekin entrenatzen zuen, eta abiadura asko emango digu. Maddak, berriz, jaurtiketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.