Martin Elorza. Mendi gidaria

«Oraindik ez da lanbide onartua; zenbait lekutan, titulurik gabe lan egin daiteke»

Unai Ugartemendia.
2015eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Puri-purian dagoen gaia da mendi gidariena. Azken urteetan ugaritzen ari dira, eta horietako asko mendi gidarien titulurik gabe aritzen dira: bezeroak beren kontura mendira eramaten dituzten sasi mendi gidariak. Ez da oraingo kontua, ordea. Ezbeharrak izaten direnean atera ohi dira haien gabeziak argitara. Ardura handia da talde bat mendira eramatea. Gogoratzeko modukoa da 2013an Gredos mendilerroan (Espainia) hil zen mendizale bizkaitarraren kasua. Oraindik argitzeko dagoen kasua da. Europan ere gertatzen ari dira antzeko kasuak. Polonian, esaterako, eztabaida handia piztu du oso alpinista ezagun baten kasuak: bezero bat eraman zuen mendira, goi mendietako mendi gidari titulurik gabe, eta bezeroa mendian hil da.

Mendi gidaria da Martin Elorza Aldai (Donostia, 1967). Hasieran besteentzako lanean aritu zen, baina mendi gidarien enpresa propioa sortu zuen 2008an.

Noiztik ari zara mendi gidari lanetan?

Hamasei urte daramatzat mendi gidari. Mundu guztiko mendietan zehar ibilitakoa naiz, bai Euskal Herrian, bai Himalaian.

Mendia oso ondo ezagutzen duzu. Zein dira zure espezialitateak?

Alpinismoa, mendiko eskia eta pistaz kanpoko eskia, haitz eta izotz eskalada eta goi mendiko espedizioak. Irteera gidatuak eta ikastaroak egiten ditut atal horietan guztietan.

Zenbat urte behar dira mendi gidari titulua ateratzeko?

Gehienek sei edo zazpi urte behar izaten dituzte titulua lortzeko. Hala ere, ikasturte bakoitzean sarrera probak gainditu behar dira, ikastaroa egiteko: proba fisiko eta teknikoak izaten dira.

Zer iruditzen zaizu titulurik gabeko gidariak goi mendietan bezeroekin ibiltzea?

Mendiko jarduerek arriskua dute. Eskarmentu eta prestakuntza handia eduki behar da jarduera egiten den bitartean erabaki zehatzak hartzeko eta gauzak ondo bideratzeko. Prestakuntza bukatzea ez da erraza, eta esfortzu, diru eta denbora asko behar dira. Ikastaroetan hainbat arlo jorratzen dira: psikologia, entrenamendua, fisiologia, lehen sorospenak... Guztiak dira oso beharrezkoak gidariaren lanerako. Titulurik gabeko gidari batek, nahiz eta oso mendizale ona izan, ez du hori dena jakingo. Guk argi daukagu, guretzat, titulua dugunontzat, konkurrentzia bidegabea direla.

Zer egin beharko litzateke halakoak saihesteko?

Mendi gidariaren prestakuntza arautua oso berria da oraindik. Lehenengo ikastaro arautuak 2003an hasi ziren; horregatik, titulu horien antolaketa ez da oso ondo ezagutzen gure mundutik kanpo. Ona litzateke mendi federazioek titulu horiei buruzko informazio gehiago zabaltzea. Gidari batekin mendira joaten garenean, haren eskuetan jartzen dugu gure bizitza: ez da txantxetako kontua. Mendi gidari gisa lan egiteko titulua derrigorrean eduki beharra izango litzake lehenengo baldintza. Legeen eta politikarien eskuetan dago arlo hori, eta pixkana-pixkana lan eginez lortuko dugu. Gaur egun, oraindik ez da lanbide onartua, eta titulurik gabe ere lan egitea legezkoa da Espainiako autonomia erkidego askotan.

Ez dirudi egokia. Hala gertatzen al da Europako beste herrialde batzuetan?

Europako herrialde aurreratuenetan —Frantzian, Suitzan, Italian eta Austrian, esaterako—, norbait titulurik gabe mendi gidari lanak egiten harrapatzen badute, hura espetxeratzea da gauza arruntena.

Zer egin beharko luke bezeroak mendi gidariak kontratatzeko garaian?

Mendi gidari bat kontratatzerakoan mendi gidari agiria erakutsaraztea eta aseguruen agiriak eskatzea gomendatuko nieke, mendiko jarduera hasi baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.