Patera bat kalearen erdian

Ihesari so egiten dio 'Errefuxiatuak: bizitzeko ihes egin behar' erakusketak Unai Beroiz, Maite H. Mateo, Ivan Benitez eta Daniel Burgi argazkilarien objektibotik. Auzia kaleratuta, hausnarketa bultzatu nahi dute. Herriz herri dabil, Nafarroan.

Tafallako Nafarroa plazan dago Errefuxiatuak: bizitzeko ihes egin behar erakusketa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Tafalla
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

Patera bat lehorrean. Patera bat kalearen erdian. Hori da Tafallako Nafarroa plaza zeharkatzen dutenek begien aurrean topatzen dutena (Nafarroa). Ez da atrezzo soil, ezta eskultura bat ere. Marokotik Espainiarako bidea egin zuen patera bat da. 2018ko ekainaren 25ean erreskatatu zuten Gibraltarko itsasartean; Trafalgarretik lau miliara zegoen, noraezean, eta 55 bidaiari zituen: 24 adingabeak ziren, bi emakume eta 29 gizon. Barbateko portura (Espainia) iritsi ziren denak, onik.

 

Ez da oharkabean igaro. Plazan dagoen jendea etengabe hurbiltzen da zer den ikustera. Kioskoaren ondoan paratu dute, eta egur batzuek eta pneumatiko xehatu batek eusten diote. Horia, urdina eta berdea da, baina margo geruzek ahal duten bezala eusten diote ontziari. Barruan arrastoak daude: bi txano, galtzerdi bat, brotxa txiki bat idortutako pinturarekin, hustutako flotagailua, ur botila hutsak... Afixa batek kontatzen du pateraren istorioa. Joan diren guziek irakurri dute. Denek jakin nahi dute nola ailegatu den patera hori plaza horretara.

Haren inguruan argazkiak eta testuak daude. Unai Beroiz, Maite H. Mateo, Daniel Burgi eta Ivan Benitez argazkilarien sinadurak dituzte irudiek oinean. Nafarroako Politika Migratorioetako Zuzendaritzak sortu zuen Errefuxiatuak: bizitzeko ihes egin behar erakusketa Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren karietara, eta, ekainaz geroztik, herriz herri ibili da Nafarroan. Tafallan irailaren 1era arte egonen da.

Aita Mari-ren erreskatea Maltako uretan; 102 lagun zeuden ontzian, jitoan. Unai Beroiz

«Leku horietara joaten garenean, gure helburua da berriei ikusgarritasuna ematea; normalean hedabideetan argitaratuz, baina, zergatik ez, horrelako erakusketa batekin ere bai», azaldu du Unai Beroiz argazkilariak. Nabarmendu du erakusketa herrien erdigunean jartzen dela, bidea oztopatuz; horrela, jendeak nahi gabe aurkitzen du. «Ideia ona iruditzen zait; horrelako gaiak kalean egotea garrantzitsua da: oztopatu, molestatu eta jendeak ikus dezala nahitaez».

Maite H. Mateok ere begi onez ikusi du formatua, jende gehiagorengana iritsiko delakoan: «Mundu guziak, pentsatzen duena pentsatzen duela ere, gelditu eta irakurtzen du. Ezinezkoa da axolarik ez izatea». Daniel Burgik zehaztapena egin du: errefuxiatuak aipatzen dira, egun horren karietara egin zelako erakusketa: «Errefuxiatu konbentzio politiko edo diplomatiko bat da, baina guk beti eman dugu mugak zeharkatzeko eskubidea egikarituz mugitzen den jendearen berri, haien motiboa edozein izanda ere, denak baitira zilegi».

Errealitate zabal baten irudi

Erakusketak bizilekutik bortxaz ihes egin behar izan duen jendearen testigantza ematen du. Beroizen argazkietan itsasoan bizitza jokatzen duten lagunak ageri dira: pateretan igotzeko unean edo erreskateetan. Burgiren irudietan ihes egiten ari diren lagunak ikus daitezke Grezian eta Mexikoko mugan. Benitezek nagusiki Sirian hondakinen artean geratu behar izan zuten lagunak erakutsi ditu.

Azkenik, Mateok beste errealitate bat agertu du, beste manera batez: bi erretratu paratu ditu, Takesha Lavanena eta Maurice Tomlinsonena. Lesbiana eta gay izateagatik jazarri zieten, eta ihes egin behar izan zuten. «Hemen ohituago gaude pateran etortzen den jendearen berri izatera; beste alor bat erakutsi nahi nuen. Gauza askorengatik egiten du jendeak ihes». Bi erretratu horiek ikusleari begiratzen diote, eta horren indarra defendatu du argazkilariak: «Ikusmenarekin kontaktua egiteko modu bat da, bestearen larruan jarri ahal izateko. Jendeak, haien istorioa irakurri ondoren, beti begiratzen dio berriz erretratuari».

Takesha Lavan, Toronton. Lesbiana zelako ihes egin behar izan zuen Antiguatik. Maite H. Mateo

Ivan Benitezek esan du argazki guziak osagarri direla haien artean. «Ni sorburura joaten naiz. Ezin ditut ondorioak ulertu ez badut iturburua ezagutzen», azaldu du. Aurrezkiak erabili zituen lehenbiziko bidaia hori egiteko. Gehiago etorri ziren gero: Kongo, Honduras eta Mexiko. «Jakin nahi nuen zergatik jendea beharturik dagoen sorterritik ihes egitera, eta horren berri eman. Horretarako modu bakarra motxila eta kamerak hartu, eta gauzak gertatzen diren tokira joatea da».

Mateori ere berdin gertatzen zaio. Askotan erretratatzen duen jendearen jatorrizko lekuetara joaten da erantzun eske. Baldintzak ez dira onak, batik bat, bere moduan, freelance izanda: «Gaizki ordainduta dago; beraz, egiten dugu egiteko beharra dugulako. Askotan ezin ditut nire istorioak argitaratu, eta oso etsigarria da. Baina jarraitzen duzu, batzuetan zerbaitetarako balio duelako». Benitezek salatu du inguruko hedabideek ez dutela kazetaritzaren aldeko apustu garbirik egiten; ez behinik behin, nazioarteko gaiei dagokienez. «Urtero aurrezten dut bidaiak egiteko, eta saiatzen naiz lanekin konpentsatzen».

Mariam eta haren hiru semeak Alepon (Siria), suntsitutako eraikin baten aurrean.Ivan Benitez

Frustrazioa askotan sentitzen dute fotokazetariek. «Ahalegin handia egiten dugu, esperientzia oso hunkigarriak bizi ditugu, eta gero etxera itzuli eta gertatzen dena azaltzen saiatzean, etsigarria da. Azken finean hemen sortzen ditugun legeen ondorio dira gauza asko; ikusi dugu nola galarazten duten ontziak portura iristea, Europaren harrera sistemak kartzela sistemak direla, leku osasungaitzetan ikusi ditugu ihesi doazenak Grezian, Italian edo Espainian», kontatu du Burgik.

Etikaz jokatzeko beharra

Zalantzak ere sortzen zaizkie lanean ari direnean. Beroizek kontatu du: «Calaisen tea egiten ari zen afganiar bati baimena eskatu nion argazki bat ateratzeko. Bera kokoteraino zegoen: behin eta berriro egiten genizkion argazkiak, baina berak ez zuen ikusten inolako hobekuntzarik». Horrelako egoerek kezkak sortzen dizkiete argazkilariei: «Han zaude, argazkia egiten duzu, eta itzultzen zara zure erosotasunera, baina jende horrek bere bideari jarraitu behar dio». Batzuekin harremanetan jarraitzen dute, dena den.

Mokhtar eta haren familia jantziak idortzen, Lesbosen (Grezia), txalupaz iritsi ondoren. Daniel Burgi

Pertsona guziak begirune berarekin tratatzea da gakoa, Beroizen arabera. Norbaitek argazkirik ez badu nahi, ez dio egiten. Etikaz jokatzea, azken finean. «Batzuetan zeure buruari galdetzen diozu: 'Zuk nahiko zenuke horrelako une etsigarri batean norbaitek argazkiak egitea?'. Baina, bestalde, diozu: 'Hau ikusi behar da. Erakutsi behar da Europako uretan zer gertatzen ari den, eta salatu'».

Beste galdera nagusia: egindako lanak zer eragin du? Burgik sare sozialetan aurkitu du erantzun bat: «Erakusketaren bideo bat partekatu nuen Facebooken, eta lehenbiziko mezua Osamak idatzi zidan, Grezia eta Turkia arteko mugan ezagutu nuen Damaskoko mutiko batek. Gogorarazi zidan muga zeharkatu zuenean gu izan ginela harekin hitz egiten lehenak, oroitzen zen solasaldi hartaz, eta kontent zen egoera salatzen segitzen genuelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.