Halere, indarkeriak gora egin du

Gobernuak eta FARC gerrillak bake ituna sinatu zutenetik, gutxienez 500 ekintzaile hil dituzte Kolonbian. Iragan apirilera arte, 128 gerrillari ohi erail zituzten; azken biak herenegun aurkitu zituzten hilik.

ander perez zala
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Irailean hiru urte beteko dira Juan Manuel Santos buru zuen Kolonbiako Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) gerrillak bake akordioa sinatu zutenetik. Itun horrek amaiera eman zion zortzi milioi biktima, zazpi milioi desplazatu eta 220.000 hildako eragin zituen gatazkari; 52 urtez borrokan aritu ostean, bi aldeek lau urteko prozesuan zehaztu zituzten elkarbizitzarako oinarriak. Akordioari esker, 7.000 gerrillarik gizarteratzeko prozesua abiatu zuten, nahiz eta gero horietako batzuek talde disidentetan amaitu zuten. Ia hiru urte pasatuta, itunak zailtasunak izan ditu edukia inplementatzeko, eta herrialdeko eremu askotan indarkeria handitu egin da; batez ere, giza eskubideen ekintzaileen eta FARCeko gerrillarien aurka.

Programa Somos Defensores gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) apirilean eman zituen datuak: iaz giza eskubideen aldeko 155 ekintzaile hil zituzten, duela bi urte baino %46 gehiago; 2017an, 106 izan ziren hildakoak dokumentaturiko kasuez ari da—. Eta, kasuen gehiengoan, ezin izan dute argitu nor den hiltzailea, ezta zer talde armatutakoa den ere. Buruzagi sozialen aurkako erasoak ere areagotu ziren iaz, %44 inguru: 2018an, 805 kasu dokumentatu zituzten—egunean bi baino gehiago—, eta 2017an, 560.

Egoera horri aurre egiteko, Diana Sanchez GKEaren koordinatzaileak salatu zuen estatuak eta gobernuak ez dituztela «euren gain hartzen» arazoa errotik erauzteko «erantzukizunak», eta hiltzaileek inpunitatea dutela. Hainbat GKEren arabera, 2016ko irailean bake akordioa sinatu zutenetik gutxienez 500 ekintzaile hil dituzte Kolonbian.

Hildakoak ugaritzen

Andres Stapper Normalizaziorako eta Itzultzerako Agentziaren zuzendariak eman zuen beste datu batzuen berri: 2016ko irailetik aurtengo apirilera, bi urte eta erdian, FARCeko 128 gerrillari ohi hil zituzten. Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren arabera, hilketa horien erantzuleak dira «talde armatu ilegalak eta talde kriminalak».

Azken kasuaren berri atzo eman zuten Kolonbiako hedabideetan: herenegun hilda aurkitu zituzten FARCeko bi gerrillari ohi. Agintarien arabera, horietako bat bainuetxe batean zegoen, eta motoan zihoazen sikario batzuek tiro egin zioten; besteari bilera batetik ateratzean egin zioten eraso. Joan den astean ere gizarteratze prozesuan zegoen beste gerrillari ohi bat hil zuten. Kolonbiako Fiskaltza Orokorrak apirilean adierazi zuen aurkeztu dizkioten hilketa eta eraso kasuen erdia argitu dituela.

Oraingoz, Normalizaziorako eta Itzultzerako Agentziaren arabera, 24.326 gerrillari ohi gizarteratu dira 2014tik hona, eta 5.825 lagun prozesu hori betetzen ari dira gaur egun; aldiz, 17.904 prozesu horretatik atera ziren, arrazoi batengatik edo besteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.