Arrauna

Estreinaldi bat gozamen

Santurtzi eta Arraun Lagunak dira bi liga nagusietako lehen bi liderrak. Erregular izatearen garrantziaz aritu dira Gorka Aranberri eta Xubane Uribarrena.

Arraun Lagunak herenegungo estropadan, Coruñako uretan, bueltako luzean. AITOR ARRIZABALAGA / TRAINERUEN KLUBEN ELKARTEA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Zalantzak uxatzeko garaiak izaten dira estreinaldiak. Zer esanik ez arraunean; hilabete luzez prestatutakoak balioko ote duen frogatzeko aukerakoak izaten dira. Puntu aldetik gutxi bermatzen dute; litekeena izaten da hilabeteek aurrera egin ahala arraun sasoiak bestelako traza hartzea, baina lehendabiziko kolpea jotzen duena ez da gaizki aritzen. Gaitasuna duen seinale izaten da.

Ondorio hori aterako zuten igandean Santurtziko eta Donostia Arraun Lagunak-eko estropalariek. Soterakoek lidergoa ez ezik, bandera ere etxeratu zuten Coruñatik (Galizia). Denboraren joanean lehen postuak duen garrantziaren jakitun etxeratu ziren donostiarrak. Hala adierazi du Xubane Uribarrena arraunlariak: «Balorazioa positiboa da. Hasieratik esan genuen, Galiziara joan nahi genuen, lehiakor izan gintezkeela erakusteko. Uste dut asteburu polita eskaini dugula alde horretatik. Larunbatean garaipena lortu, eta atzo [herenegun] ehunenenekogutxirengatik galdu genuen bandera. Ondo aritu ginen».

Antzeko iritzia du Gorka Aranberrik ere. Ez alferrik, zarauztarrak astindu egin baitu Sotera-rekin jokoan izandako lehen bandera ofiziala. Haren esanetan, «asteburu ona izan da. Bi estropadetan garaitzea lortu ez arren, ondo aritzeak ekarri du bandera».

Bi estropadetan «txanda irabaztera» atera ziren santurtziarrak. Horrek ez, erregulartasunak eman zien garaipena: «Ontziko sentipenak entrenatzean izan ditugunen antzekoak izan dira. Kontuan izanda launaka egin dugun lehen estropada izan zela, eta bi egunetan aurkari zuzenak alboan jarrita aritu garen lehen aldia izan dela. Alde horretatik,ondo sentitu gara», azaldu du Aranberrik.

Bi jardunalditan saldo polita atera dute Santurtzik eta Donostia Arraun Lagunek. Azken horiek banderarik ez zuten eskuratu, baina, halere, berebiziko garrantzia eman diete Galizian lortutakoei. Hala esan du Uribarrenak: «Uste dut oso garrantzitsua dela. Aurreko urtean bi punturekin itzuli ginen Galiziatik, eta orain zazpirekin. Alde ederra dago; bandera irabazteak poza ematen du, baina puntuei garrantzia eman behar diegu, agian egunen batean puntu horiez akordatuko garelako».

«Konfiantza, gako»

Traineru batek entrenamendu proba onak egiten dituenenean, oso litekeena izaten da lehiaketan horretarako gauza izatea. Hori berretsi du Aranberri beteranoak: «Entrenatzean egiten ari garenak konfiantza handiagoa ematen du, egindakoak balio duela erakusten duelako». Hori bai, zarauztarrak ondo bereizi ditu taldearenganako konfiantza, eta txapelketarekikoa: «Hautagaien izena geneukanok erregulartasuna mantendu dugu».

Izan ere, ligari hasiera besterik ez diete eman maila nagusietako ontziek. Herenegun hasi eta irailaren 19ra arte, makina bat palakada jo beharko dituzte, baldin eta bere helburua lortzekotan: «Hemendik aurrera horrelaxe izango da. Ontzi batzuek aurreko txandetan jokatuko dute, eta ohorezko txandak irabaztea oso garrantzitsua izango da».

Lehendabiziko estropadak Galizian jokatzea beti da lasta euskal traineruentzat. Bereziki, han aurkituko dutenaren arrastoa igartzea zaila delako. Aste honetan bertan aldatuko da hori: Eusko Label eta Euskotren Ligek Donostian dute estropada, larunbatean. Arraun Lagunak-eko Uribarrenaren ustez, joan zen igandean ikusitakoa izango da ligaren joera aurrerantzean ere: «Berdintasun handia izango da, eta baita sufrimendua ere. Barrutik bizitzeko nahiko agonikoak izan dira bi estropadak». Antzera uste du Aranberrik ere: «Ohorezko txandak irabaztea oso garrantzitsua izango da». Azkarrenen artean azkar izateak bai baitu saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.