Arrauna

«Historikoa da hau»

Orio bi banderekin etorri da Galiziatik, Eusko Label eta Euskotren ligetakoak irabazita. Aurreneko kluba da halakorik lortu duela. Bolada bikaina darama, bere hiru ontziek zazpi bandera irabazi baitituzte.

Orioko arraunlari, patroi, ordezkari eta zaleak, herenegun gauean, herrian egindako harreran. KARKARA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Igandero harrera arraunlariei. Oriotarren agendetan, ezinbesteko ekitaldia ari da bihurtzen banderen ospakizuna. Klubeko hiru traineruek ez dute ia-ia asteburu bakar bat ere barkatzen: gizonezkoen nagusiak lehen bi estropadak irabazi zituen Eusko Label ligan, eta baita azkeneko bandera ere, asteburuan Galizian jokaturikoa;B taldeak bi garaipen bildu ditu KAE 2 ligan, azkenekoa aurreko larunbatean; eta emakumezkoen taldeak bi bandera daramatza Euskotren ligan, azkena Galizian lortu duena. Traineru denboraldia hasi baino ez, eta dagoeneko zazpi bandera batu dituzte oriotarrek, eta hiru taldeak doaz lehen postuan beren ligetan.

Hori dena kontuan izanda, ez da harritzeko arraunlariak laino batean sentitzea: «Hau historikoa da», esan dute Itxaso Azkonobietak (Orio, Gipuzkoa, 1987) eta Ibon Arrutik (Orio, 1987). Oilo ipurdia ere jartzen zaie emaitza bikain horien atzean zer dagoen gogoratzen dutenean. Esanguratsuak dira, alde horretatik, Azkonobietaren hitz hauek: «Neguan denok ibili gara klubean lanean, bakoitzak ondo ikusi du besteak zenbateko beharra egin duen, eta, orain, zurekin lanean aritu den hori banderak irabazten ikustea hunkigarria da».

Puntaren puntan egotearen egoera kudeatzea samurra da oso, beste kontu petralagoen aldean, askoz okerrago baitago atzeko zuloan dabilen arraunlari multzoa. Arrisku handiena goian dabilenarentzat gehiegi harrotzea izan ohi da, lo hartzea, dena egina duela sinestea, baina ez da hori Orioren kasua. Arrutiri liga irabazteko hautagai nagusi direla aipatzea nahikoa da haren erantzunean taldearen barruan harrokeriarik ez dagoela konturatzeko: «Liga irabazi? Tokitan da oraindik iraila. Guk aipatu ere ez dugu egiten gure artean. Ondo ari gara; neguan oso lan ona egin dugu, baina poliki joan behar dugu. Hondarribia gertu daukagu, eta beste talde batzuek ere egingo dute gora aurrerago». Antzeko pentsamoldearekin dabil emakumezkoen taldea ere, Azkonobietak azaldu duenez: «Estropadaz estropada goaz, eta ikusi dugu nolako maila dagoen ligan. Huts txiki bat nahikoa da kolpea hartzeko, eta ondo ikasi genuen hori Lekeition, Arraun Lagunak-ek irabazi zigunean».

Coruñako (Galizia) bigarren jardunaldian, bi estropada ezberdin bizi izan zituzten. «Bezperan alde txikia atera genion Santurtziri, eta igandean, bete-betean atera ginen, baina Hondarribiak ondo estutu gintuen. Baina gai izan ginen une erabakigarrian, bukaeran, banderari eusteko». Bandera irabazteko modu horri aparteko garrantzia eman diote taldean, eta amore ez emateko gaitasuna ere bada lana biribiltzea.

Azkonobietak eta taldekideek, aldiz, erabat menderatu zituzten aurkariak igandean, «garai honetan egin daitekeen lanik biribilenera asko gerturatuz», eta balio handia eman dio horri: «Orain arteko estropada osoena izan zen. Entrenatzailea [Xanti Zabaleta] sekulako lana ari da egiten talde izaeraren inguruan, eta igandekoa entrenamenduan erakusten dugunaren oso antzekoa izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.