Itxuraz, zorte ona izan du

Suediako Savehof, Eslovakiako Tatran Presov, Finlandiako Cocks, Mazedoniako Eurofarm Rabotnik eta Portugalgo Sporting izango ditu aurkari Bidasoak Txapeldunen Ligan

Itxuraz, zorte ona izan du.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bidasoak badaki zein den denboraldi honetan Txapeldunen Ligan egin beharreko bidea. Luzea izatea nahi du, baina ez du lan samurra izango, erronka eder bezain zaila izango baita Europako kluben arteko lehiaketa nagusia jokatzea. Irungo (Gipuzkoa) taldeak ilusioa du bidaide, duela 23 urte pasatxo aritu baitzen azken aldiz Txapeldunen Ligan. 1996ko apirilean izan zen, eta galdu egin zuen finala, Bartzelonaren aurka. Urtebete eskas lehenago, txapeldun izan zen, Badel Zagreb mendean hartuta. Hala, aurten, Txapeldunen Ligako ligaxka gaindituz gero, lehiaketa horretan bete-betean ari dela ospatuko du balentria handi horren 25. urteurrena.

Horretarako, harekin batera ligaxkan ariko diren bost taldeetatik lau utzi beharko ditu atzean. Suediako IK Savehof, Eslovakiako Tatran Presov, Finlandiako Cocks, Mazedoniako Eurofarm Rabotnik eta Portugalgo Sporting. Irungo taldeak bost talde horiek izango ditu aurkari C multzoko ligaxkan. Euren herrialdeetako hiru txapeldun —Savehof, Tatran Presov eta Cocks— eta bi txapeldunorde —Eurofarm Rabotnik eta Sporting— daude. Arrotzak dira guztiak Bidasoarentzat, inoiz ez baitu haien aurka jokatu Europako lehiaketa batean. Are gehiago, inoiz ez da aritu Suedian, Eslovakian, Finlandian eta Mazedonian. Portugalen jokatutakoa da, bai, baina Bragan, ez Lisboan. Deigarria da, kontuan hartuta Irungo taldeak makina bat kanporaketa jokatu dituela Europako lehiaketatan.

Hala ere, itxuraz, zorte ona izan du. Izan ere, beste multzoan aurkari indartsuagoak zeuden: Dinamo Bukarest, Errusiako Txejovskie Medvedi, Suitzako Kadetten Schaffhausen, Suediako Kristianstad, Poloniako Wisla Plock eta Danimarkako GOG Gudme.

Cuetara, konforme

Iritzi berekoa da Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzailea. «Ustez, ondo joan da zozketa, beste multzoan aurkari zailagoak baitaude, itxuraz: Dinamo Bukarest eta Kadetten Schaffhausen, besteak beste». Cuetarak mailaketa bat egin du Bidasoaren multzoan. «Sporting dago guztien gainetik, eta, haren azpian, Tatran Presov eta Savehof. Gero, Cocks, Eurofarm eta gu gaude». Argi du zein den helburua. «Klubak makina bat urte daramatza Txapeldunen Liga jokatu gabe, eta aukera eder hau aprobetxatu behar dugu. Gozatu egin nahi dugu, eta, noski, ahal dugun lehiakorren izan. Lehenbiziko neurketek zehaztuko dute non gauden beste aurkarien aldean».

Irundarrek hamar partida jokatuko dituzte ligaxkan, bost Artalekun eta beste bost etxetik kanpo. Lehen bi sailkatuek joan-itzuliko kanporaketa bat jokatuko dute D multzoko aurreneko bi taldeen kontra. Kanporaketa horretako irabazleek Top 16a jokatuko dute, A eta B multzoetan bigarren postutik seigarrenera sailkatutako talde baten aurka —klub indartsuenak ariko dira bi multzo horietan—. Gero, final-laurdenak etorriko lirateke, eta urtero legez Kolonian (Alemania) jokatuko den Lauko Finala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.