Arrauna

«Nagusi gara, neskak!»

Zumaiako emakumezkoen traineruak bandera bat irabazi du berriz, hiru urtean ontzia lehorrean egon eta gero. Igandean izan zen, ETE ligan, Portugaleten, eta banderari beste lorpen bat gehitu dio: lehena da ligan.

Zumaiako arraulariak, igandean Portugaleten irabazi zuten bandera ospatzen. BALEIKE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Oso egun berezia izan zen herenegun Zumaiako emakumezko arraunlarientzat. Betiko gogoan gordeko dutena. Bandera irabazi zuten, Portugaleten (Bizkaia), ETE ligan, eta gainera, lehen postuan jarri dira. Garaipenak berez duen balio handiari beste honek ematen dio balio erantsia: aurten azaldu da berriz ere lehian Zumaia, aurreko hiru urteetan lehorrean geratu ondoren. «Bandera irabazi genuela esan zigutenean, emozio sentipenek gainezka egin zuten traineru barruan. 'Nagusi gara, neskak!', esan nien», gogorarazi du Eneritz Diez patroiak (Arroa Behea, Gipuzkoa, 2001).

Zumaia ez da edozein emakumezkoen traineruen historian. Handienetako bat da palmaresari begiratzen bazaio: Kontxako Bandera irabazi zuen 2013an, Euskotren liga 2012an eta 2013an, eta Gipuzkoako liga 2012an, 2013an eta 2015ean. Gero etorri zitzaion hiru urteko lehortea. Garai hartan hasi zen arraunean Diez: «Sei urte daramatzat arraunean». Aro berri honek aurreko loriatsu haren bidea har dezakeen edo ez denborak esango du, baina Diez itxaropentsu dago: «Handia egin zuen talde hark, eta haien parera heltzeko aukera badugula uste dut, baina, horretarako, ezinbestekoa izango da oraingo taldeak segida izatea». Balizko lorpen batekin jantzi du azalpena: «Euskotren ligara igo beharko genuke lehendabizi, eta aurten oraindik zaila izango dugula iruditzen zait, baina datorren urtean aukerak handitu egingo zaizkigu talde honek elkarrekin jarraitzen badu».

Taldean, garai loriatsuko Zumaian arraunean egindako bi arraunlari barruan dira: Atsegin Odriozola eta Aintzane Urbieta. Ia beste guztientzat berria da traineruen arteko lehian aritzea, iaz Hernanin eta Donostiarran utzita aritu ziren batzuentzat izan ezik. Haien artean zen Diez, baina arraunlari gisa: «Ez nituen estropada asko jokatu Hernanin, eta iazkoa izan zen lehen urtea patroi ibili ez nintzela». Aurretik, ontzi txikietan patroi ibilia da, eta hau du lehena trainerua gidatzen.

Patroiaren kasuak ederki azaltzen du zer den oraingo Zumaia: talde berria, ia-ia ezerezetik sortua. Horrela izateak ere ematen dio beste berezitasun bat igandeko bandera irabazteari: «Udazkenean elkartu ginen aurrenekoz, eta, pixkanaka-pixkanaka, aurrerapausoak ematen joan gara. Oso lan handia dago honen atzean».

«Entrenatzailea oso ona da»

Neguaz ari da, udazkenaz, udaberriaz, prestakuntzarako hilabete luze horietaz: «Taldeko guztiok eman dugu bakoitzaren onena hau dena ondo atera dadin aurrera. Egun gogorrak ere izan dira, eguraldi txarragatik uretara joan ezin eta ergometroan jo eta su ibili beharrekoak, eta elkarri sekulako babesa eta laguntza eman diogu une zail guztietan», kontatu du patroiak.

Lan on eta eskergari ez ezik, taldeko arduradunari ere aparteko garrantzia eman dio Diezek: «Zorte handia daukagu halako entrenatzaile puska gurekin izateagatik. Oso ona da Kike [Manterola], eta lan bikaina ari da egiten gurekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.