begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Federico eta William, Misterioaren besoetan

2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hain dira ohiz kanpokoak bizitzen ari garen garai hauek, hain egun ez-usuak oraingoak, ezen estreina erraldoirik gabeko aretoak bihurtu diren zinema-eskola. Ez dugu James Bonden berririk, ezta Monster Hunter-ena ere. Ez dakigu noiz ailegatuko diren, zaratatsu, zati txiki-txikietan muntaturiko superheroiz gainezka diren blockbuster horiek.

Ez goaz saloietara euriaren ihes. Ezta bi ordu seko hiltzeko asmotan ere. Ez dugu Atmos soinu-sistema paregabearen azken berrikuntzaren beharrik. Ez goaz zentzumenak arrats batez amatatzeko desiraz, adi, erne, tente, zelatan baizik. Zinemaz ikastera goaz. Alai, gogotsu, apunteak hartzea ere gustatuko litzaiguke; zinez-zineaz.

Pantaila gureek zinemari berari buruzko dokumentalez eta dokumentuz egiten dute gainezka. Baina jadanik, hain usu demonio aldatu izan zaizkigun egunotan, geroak zer esango, zer ekarriko, zer emango, zer kenduko ez dakigun aro gure honetan, dokumentalak ez dira izan ohi zirena. Egileak ez dabiltza maite eta beneratzen ditugun pelikula horiek nola filmatu ziren jakin eta azaldu nahian kuxkuxero, sudur luze eta berri-ontzi. Ez, bestelakoak dira haien eta gure asmoak, gure desirak. Film horiez haratago doaz. Eta gu, atzetik, pantailaren aurrean. Atezuan. Gu ere haratago, derrepentean ikasle bilakaturiko ikusleak.

Pantaila gureetan da, kasurako, Anselma Dell Oliok Giulietta degli spiriti-ren egileari dedikaturiko Fellini degli spiriti lana. Ez duzue bertan aurkituko enziklopedietan erraz eta erruz bilatuko zenuketen informazioa. Haratago, haratago. Hain haratago, ze Haraindikorako bidea hartzen baitu borroka anitzetan ibilitako emakume honek, Fellinirekin berarekin lan egin zuena. Baita Monicellirekin ere. Ferrerirekin.

Izen egokia (A Contracorriente Films, hots, haize-kontra ) duen banaketa etxearen proposamen honetan, Anselmak, Amarcord-en autoreak hezur eta haragizkoa ez den munduarekin izan zituen harremanak eta dudak azaleratzen dizkigu. Jainkoarekin, jainkoekin, santuekin, espirituekin. Mamuekin. Aingeruekin. Demonioekin. Herioarekin berarekin (La voce della luna-n aktore Roberto Benignik «non zaudete?» galdetzen die hilik dauden horiei; «Zergatik ez zarete inoiz guregana bueltatu? Zergatik ez diguzue sekula kontatu hor aurkitu duzuen hori?»).

Ez dut uste Fellini degli spiriti akatsik gabea denik. Aitzitik, Anselmak istorioari ez tonua, ez erritmoa, ez nondik norakoa aurkitzen ez diolakoan nago, baina bada making-off soil bat baino zerbait sakonagoa, handiagoa, landuagoa, ikertuagoa. Ez da zinemagintzaren lehen ikasturtean ikusi beharreko ariketa, Doktoretza baterako ahaleginetan baizik.

Are gehiago, Zinemaren, Biziaren, Herioaren, Ezagunaren eta Ezezagunaren amildegira botatzen gaitu. Misterioaren ateak erdizka irekitzen dizkigu. Eta gu, Misterio horri buruzko dena jakin nahi, eta grinaz geratu.

Gauza bera, kontu bera, desosegu bera otsailean Errenteriako Niessen aretoan ikusgai izango den Leap of Faith horretan. Oraingoan ere, antzinako zeluloidearen inguruko antzinako dokumentalekin zerikusirik ez duen lan baten aurrean sentituko ditugu begirada eta bihotzaren taupadak. Autorea Alexandre O. Philippe dugu, aspaldiko konplize gurea; zinemak gogor zauritu, kutsatu zuen, eta berak sendatu nahi ez, hain gozoa den pozoi horretarako antidotorik bilatu gura ez. Alexanderrek George Lucas eta Antonioni izan ditu filmabide. Baita Alien guztiak ere. Sekula ahaztuko ez dugun Psycho-ren dutxako eszena planoz plano ikertu eta laztandu zuen beste freak askoren konpainian 78/52 hartan... Maite dugu maite Alexander, droga bera hartzen dugu eta.

Leap of Faith-en, gutako asko oraindik ere biziki (hiliki idatzi ahalko banu, hobe) izutzen gaituen The Exorcist filmatu zuen William Friedkinekin egiten du berba, berba oparoa, non hitz bat ere sobran ez den. Ez hitzik, ez hizkirik. Deabruaren aurrean dardaraz gozo izan ohi garen denok apunteak nahiko genituzke hartu lekuko (inbidiak harturiko testigu) garen solasaldi horretan.

Oraingoan ere, The Exorcist nola filmatu zen ez du askorik inporta. Zergatik bai. Eta hartutako erabakiak, egindako hautuak nola, baita ere. Dena geratzen da pantailan islatua, baita Magritteren pinturaren eragina ere.

Eta hemen, Felliniren kasuan bezala, dudak. Dudak eta Misterioa. Inporta al zion Deabruari Regan neskatoa ala fedea galtzeko zorian zen Aita Karrasena zen desira zuen arima? Oraingoan ere, erantzunik gabeko galdera; irabazi al zuen Satanasek? Honela gaitu, ezohikoak diren egunotako zinemak: ikusle, ikasle eta Misterioarekin dantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.