Juanmi Gutierrez

Errealitate sozialaren behatzaile

Euskal Herriko dokumentalgintzako erreferente nagusietako bat izan da, lau hamarkada baino gehiagoko bidea garatuta. Inguruneari erreparatu, eta hain agerian ez zeuden gaiei argi eman zalea zen. Atzo hil zen, 73 urterekin.

Ainhoa Sarasola.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Helburua argi izan zuen beti lan bati heltzean: «Ezezagunak diren errealitateei ateak zabaltzea». Hitz horiekin azaldu zuen zinemagintzaz zuen ikuspegia Juanmi Gutierrez Marquezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1945) kazeta honi 2016an emandako elkarrizketan. Eta ikuspegi horri leial izanda garatu zuen bere ibilbidea. Errealitate horiei erreparatu, behatu, protagonistei ahotsa eman, eta, baliabide gutxirekin bazen ere —«zinema txiroa» deitzen zuenaren bidez— argitara ateratzen zituen. Begirada sozial berarekin beti. Berdin amiantoaren ondorioak mahai gainean jartzeko, armeniar herriaren genozidioa kontatzeko, kartzelen inguruan gogoeta egiteko, edo okupazioaren ertzak aztertzeko. Ez espresuki zinema areto komertzialetan erakusteko asmoz, bai lan horiek bazterretatik ateak irekiko zituztela sinetsita. Atzo goizaldean hil zen Gutierrez, askotariko dozenaka lan utzita.

Errenterian sortu zen, eta josulagunetan egin zuen batxilergoa Gutierrezek; zinemako goi mailako ikasketak egitera Bruselara jo zuen, INSAS eskolara. Super 8 mm-ko film labur ugari egin zituen bere ibilbidearen hastapenetan. Kongon ere izan zen bizitzen hainbat urtez, eta zinemari lotutako proiektuetan aritu zen han ere. Josulagunen konpainia utzi ondoren, bost urtez Donostiako Herri Irratian jardun zuen, eta ondoren, euskalgintzan hasi zen lanean, HABEn. Helduen euskalduntzean laguntzeko ikus-entzunezko material didaktikoak sortu zituen 1980ko hamarkadaren hasieran —HABEk sustatuko Bai Horixe! euskara ikasteko bideoak zuzendu zituen, besteak beste—. Ikuska saileko 15. lana ere zuzendu zuen garai berean, Euskaldunberriak (1982) izenekoa. Eusko Ikaskuntzako Zinema Saileko presidente ere izan zen. Bere lanak sortzeaz gain, zinema ikertzen lan handia egin zuen, eta zinema eskolak ere eman zituen Donostiako hainbat zentrotan.

Sorkuntzan, film laburren ondotik luzeak ere iritsi ziren, dokumentalak gehienetan, landu nahi zituen gaiak pantailara eramateko molde egokiena zelakoan. Dokumentalgintzaren geroaz baikor mintzo zen kazeta honetan, 2012. urtean, zinema aretoetara iristeko bidea zailagoa duen generoa bada ere, bestelako kontsumo bideak asko zabaldu direla iritzita. «Fikzioa errentagarriagoa da dokumentala baino, eta horregatik du prestigioa eta hedapena. Mendebaldeko zibilizazio ultrakapitalista honen ondorioa da. Badu logika aferak, baina horrek ez du esan nahi moral bat duenik». Bereak bezalako dokumentalek bideak topatu ohi zituztela ere adierazi zuen ordukoan, eta Musika plaza (2010) jarri zuen adibidetzat. Lan hartan, amiantoaren auziari heldu zion, amianto hautsa arnasteagatik gaixotu eta hil zitzaion amaren istorioak bultzatuta. Hainbat elkartek propiotzat hartu zuten lana, eta asko hedatu zen. «Hegan egiten dute halako filmek, eta pausatu egiten dira han-hemenka. Publiko orokorrarengana ez da helduko, baina bai inplikatutako jendearengana. Eta hori da publikorik garrantzitsuena».

Bere filmografiari erreparatuta, sortzaile nekaezina izan zela agerikoa da: 2004tik aurrera, gainera, ez zuen bi urte baino gehiago igaro film bat egin gabe. Hainbat jaialditan erakutsi zituen bere lanak, Donostiako Zinemaldian dozena bat kasik: Tabula rasa (2004), Bozes lexanas (2005), Isiltasun kalea (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu, mesedez! (2008), Musika plaza (2010), Mur-mur (2012), Ateak zabalduz (2014), Urak dakarrena (2015), Oihalak adarretan (2016) eta iaz, azkena, Kutxak —jaialdiko hautaketa batzordeko kide ere izan zen 1979. urtean—. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ere erakutsi zituen bere hainbat lan.

Euskadiko Filmategiarekin ere lotura handia izan zuen, Joxean Fernandez zuzendariak atzo, heriotzarekin penatuta, gogora ekarri zuenez. Laguna zuen, eta ongi ezagutzen du haren lana. «Beti esaten nion bere filmografia bere bizitzari estuen lotuta zegoen euskal zinemagilea zela». Horren adibidetzat ditu Bozes Lexanas, Tabula Rasa nahiz Musika plaza, besteak beste. «Horiek ziren bere kezkak, hori zen bere bizitza, bere sentitzeko era, eta hori oso ondo islatzen du bere zinemak».

Errealitate ezberdinei ateak irekitzeko Gutierrezek zuen asmoa ere nabarmena da, Fernandezen ustez. «Zalantzarik gabe hala zen. Bere ardatz nagusia ez zen zinema komertziala. Bera gustura zegoen, edo hori uste dut nik, bazterretan». Baliabide gutxirekin egiten zuen zinema, «baina egiten zuen, urtez urte, eta hori ere polita da, erakusten duelako zinemak bere bizitzarekin zuen lotura». Zuzendari, gidoilari, kamerari... aritu izan zen bere film gehienetan. Eta alboan, lan asko eta askotan, Kani Peñalba emaztea lagun, produkzio zuzendaritzan. Zinema aretoetan ere beti elkarrekin gogoratzen ditu Fernandezek. Egile ez ezik, ikusle «amorratua» ere bazelako Gutierrez, eta ohikoa izaten zelako aretoetan zein jaialdietan topatzea. «Aretoetara azken unera arte joan da». Zinemarekiko zuen grina hori, gainera, besteei transmititzen ziela uste du Filmategiko arduradunak. «Bere semea, Pello Gutierrez, zinemagilea da, eta niri oso normala egiten zait hori, horregatik».

Ikerlari eta irakasle

Sortzailearenaz gain, Gutierrezen beste alderdi garrantzitsu bati azpimarra egin zion Fernandezek: euskal zinema ikertzen egin zuen lanari. Hainbat liburu argitaratu zituen, eta bat nabarmendu zuen Filmategiko arduradunak: Sombras en la caverna. El tempo vasco en el cine (1997). «Bere ekarpena oso garrantzitsua izan zen; nik uste dut oso Larrukert-zalea zela, eta liburu honetan hori ikusi genuen». Liburu haren harira ezagutu zuen berak Gutierrez. Azken urteotan are harreman estuagoa izan zuten, hain zuzen, Fernando Larrukerti buruz Gutierrezek eta Carlos Roldanek idatzi eta Filmategiak 2017an argitaratu zuen liburuaren harira. «Oso pertsona maitatua zen. Zinemagilea zen, eta oso zinemazalea, baina, batez ere, pertsona ona zen, zintzoa».

Horregatik, Fernandez ziur zen atzo bera adina tristatu zela euskal zinemaren mundua. Eta horren lekuko izan ziren sare sozialetan zabaldutako mezuak. Jon Garaño zinemagilearena, kasurako: «Juanmi Gutierrez hil da. Zinegile eta pertsona ordezkaezina. Nire lehen zine irakaslea Larrotxenen orain dela 25 urte; gure azken aholkularia orain dela 25 egun. Beti laguntzeko prest, ez dago hitzik eskertzeko guregatik egin duzun guztia. Beti gogoan, maisu. Betirako». Hainbat erakundek eta norbanakok izan zuten gogoan Gutierrez beren mezuetan, besteak beste, Zinemaldiak zein Josu Martinez, Jose Mari Goenaga eta Montxo Armendariz zinemagileek.

Oraindik zehazteke badute ere, Filmategiak Gutierrezen omenez zerbait prestatuko duela adierazi zuen Fernandezek. «Ez dakit nola eta noiz, baina badugu gogoa, eta zerbait egingo dugu, merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.