Albistea entzun

Mari Karmen Aiastui. Monzon-Ganuza sariaren irabazlea

«Oso pozik nago Olaso Dorrea herriaren esku geratu delako»

Dendako erakusmahaian, ikastolen mugimenduan, presoen aldeko ekintzetan eta etxean lan eta lan eman du bizitza osoa Aiastuik, euskararen eta Euskal Herriaren alde. Hala ere, apal adierazi du «beharrezkoa den hori» egin duela beti.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti -

2022ko otsailak 20 - Bergara

Urte luzez bizitakoaren lekuko eta adierazle da Mari Karmen Aiastuiren (Bergara, Gipuzkoa, 1943) egongela. Presoen aldeko pegatinak, senarraren ongietorrietako txapelak, familiaren eta lagunen argazkiak, «Euskal Herria gure herria» dioen armarria... Bizitza osoa eman du besteen zerbitzuan lanean, Jose Luis Elkoro senarraren ibilbide publikoaren itzalpean, dendari, ama eta lagun gisa. Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea fundazioak Monzon-Ganuza saria emango diete, senarrari eta biei, martxoaren 10ean, euskararen eta Euskal Herriaren alde egindako lanagatik.

Nola hartu duzu sariaren berria?

Esan zidatenean, pentsatu nuen: «Baina zergatik saria?» Etxe horretan [Olaso Dorrean] lan asko egin dugu, batez ere Maria Josefarekin [Ganuza], eta Telesfororekin ere bai [Monzon] etorri zenean. Etxea oso garrantzitsua da, herriarentzat delako eta hori oso ondo datorrela uste dut. Baina saria, zergatik? Zuk tokatzen zaizunean beharrezkoa den hori egiten duzu. Nik egin beharrekoa egin nuen.

Olaso Dorrearen sorreran hor egon zineten, eta patronatuko kide izan zarete. Ondarea eta memoria garrantzitsuak dira zuretzat?

Bai, beti. Gainera, Telesforok argi ikusten zuen hori: etxea euskararentzat, kulturarentzat eta herriarentzat izatea nahi zuela. Oso etxe garrantzitsua da, dokumentazio oso garrantzitsua daukalako. Oso pozik nago herriarentzat geratu delako.

Gaur egun, askotan joaten zara Olaso Dorrera?

Ez. Maria Josefaren pisua zegoen bezala mantendu dute, eta hunkitu egiten naiz, hainbeste jira eta buelta egin ditut haiekin....

Maria Josefa Ganuzarekin harreman estua izan zenuen.

Bai, Jose Luis alkate zenean ezagutu nuen Maria Josefa, Telesfororekin etorri zen batean ezagutu egin nahi ninduelako. «Nire lagun batek esan zion: nik neuk eramango zaitut!». Eta horrela etorri ziren etxera. Gerora, harreman oso estua izan genuen; asko deitzen zidan telefonoz. Gaixotu zenean, gogorra izan zen. Asko ikasi nuen berarekin, oso jakintsua zen. Nirekin konfiantza guztia zeukan, eta baita nik harekin ere.

Haren bitxi batzuk ekarri zenituen, ezkutuan muga pasatuta, Olaso Dorrera, ezta?

Zilar asko zeukan, nahiz eta gero lapurtu ere egin zioten gerran. Donibane Lohizunen [Lapurdi] bizi zirenean, Olaso Etxeko hainbat gauza zituen bertan. Beti esaten zidan: «Hau ez da hemengoa, hau Olaso Dorrera eraman behar duzu». Nik esaten nion: «Nola, ba? Hori mugan ezin dut pasatu; harrapatzen banaute, zer esango dut?». Eta gaixotu zenean, esan zidan: «Mari Karmen, eraman egin behar duzu». Baietz esan nion, baina poliki-poliki. Gaur gauza bat, bihar beste bat...

Urduri jartzen zinen mugan?

Gauza asko ziren, baina poliki-poliki ekartzen nituenez, ez. Maria Josefak oso argi zeukan hori: Olasokoa Olason.

Bizitza osoa eman duzu lanean: 14 urterekin hasi zinen dendari, ezta?

Hemen behean [etxe azpian] zegoen denda. Gurasoek bertan lan egiten zuten, eta ni 15 urterekin hasi nintzen. Ordura arte, kolegio batean egon nintzen, Gasteizen, eta Bergarako kolegioan ere bai. 21 urterekin ezkondu nintzen.

Gustura hasi zinen lanean, ala ikasten jarraitu nahi zenuen?

Gustura hartu nuen, bai. Beti esan dut nik beti egingo nuela lan mostradorearen atzean. Pila bat gustatzen zait; izan ere, mostradorearen atzean harreman asko egiten dira. Nik, adibidez, Bergaran jende guztia ezagutzen dut, eta denek agurtzen naute kalean: bai hemengoek eta bai hangoek. Hori oso polita da. Lurrek [bilobak] esaten dit: «Amama, zurekin ezin da kalera joan!».

Eta lana bera gustuko zenuen?

Bai. Denetik geneukan; orduan dena saltzen genuen: arropak, alfonbrak, mantak... denetarik. Antzinako dendak badakizu zelakoak ziren; ez zen orain bezala. Bi pisuko denda zen.

Bergarako ikastolaren bultzatzaileetako batzuk izan zineten.

Eskola hasi zenean, Iñigok [semeak] 3 urte-edo izango zituen. Pisu batean hasi ziren, lehenengo, Kasino goian. Gela batean banku batzuk ipini zituzten, eta ikasgela bihurtu zuten. Kezka geneukan denok: hasi nahi genuen, baina ez genekien zer gertatuko zen, orduan ilegala zelako.

Zer rol izan zenuten horretan?

Guk gutxi. Bultzatu genuen, umeak eraman genituen. Hor Pilar Mujika irakaslea oso garrantzitsua izan zen. Beste guraso batzuk ere agian gehiago konprometituko ziren. Guk bultzatu egin genuen bakarrik.

Arriskua hartzea izan zen zuentzat...

Arriskua baino gehiago, kezka geneukan, gure haurrak ikastolatik nola prestatuta irtengo ziren jakiteko, nolakoa izango zen eskola hori. Baina gogoa geneukan euskara bultzatzeko.

Eta ondo prestatuta irten ziren?

Bai, prestaketa oso ona izan da. Begira ze anekdota polita kontatuko dizudan. Gu, orduan, Pirinioetara joaten ginen, Aragues del Puertora [Huesca]. Iñigok 4 edo 5 urte edukiko zituen orduan, eta kezkatuta geunden gure haurrak ikasketetan zer moduz zebiltzan jakiteko. Charo, hango lagun bat, Katalunian irakaslea zen, eta eskatu genion Iñigori klase partikular batzuk emateko, jakiteko nola gindoazen.

Gainditu al zuen Iñigok?

Joan zen, eta lagunak esan zidan: «Mari Karmen, a ze desastrea! Nora eramaten duzue haur hau? Ez daki ezer ere!». Eta orduan galdetu nion: «Charo, baina zer diozu, nondik hasi zara?». Diktaketa bat egin zuten. Espainolez erakusten zuen berak, eta esan genion: «Honek ez daki, honek euskaraz daki!». Hurrengo egunean matematikarekin edo beste zerbaitekin hasteko esan genion. Orduan esan zigun oso ondo zihoala. Baina hasieran, sekulako sustoa hartu genuen.

Ikastolen mugimenduaz gain, enpresagintzan ere aritu zarete. Elay enpresa ere sortu zenuten senarrak eta biok.

Bai, Elay hitza Elkoro eta Aiastui abizenen batura da. Ezkondu baino lehen hasi ginen enpresa non ipini pentsatzen, artean makina bat bakarrik geneukala. Azkenean, Antzuolan [Gipuzkoa] jarri genuen. Nire aitak asko lagundu zigun Elayrekin.

Zuk ez duzu bertan lan egin, ezta? Senarrak, bai.

Beti Jose Luisek, bai. Bera izan da enpresa bultzatu duena, eta burua ere izan da.

Senarra hainbat aldiz izan duzu kartzelan. Presoen senideekin ere beti egon zara inplikatuta?

Beti-beti ere ez. Hasieran ez geunden politikan murgilduta. Jose Luis Alkartu-Nai taldean hasi zen, eta hori soziala zen: herrirako anbulantziak lortu nahi zituzten. Gero, Alkateen Mugimenduan hasi zen, eta ikurrinaren egunetik aurrera bizitza asko konplikatu zitzaigun [1976ko uztailean, Euskal Herriko udalerrien ordezkariak Bergaran batu ziren, eta hitzaldi bat eman zuen Elkorok, alkate zela; ekitaldi jendetsua izan zen, eta ikurrinak jarri zituzten]. Egun hartan iritsi zitzaidan lehenengo mehatxua. Gerora, milaka dei jaso nituen, bai arratsaldez, bai gauez... Orduan hasi zen inplikazioa presoen gaian ere.

Zer zioten mehatxuek?

Oso gogorrak ziren. Lehenengoa ikaragarria izan zen: akabatuko gintuztela, senarrari ikurrina gainean jarriko ziotela, «Elkororen alarguna zara»... Azken hori alabak hartu zuen. Etxetik ere joan ginen, beldurtuta. Umea amaren etxean utzi, eta guk alde.

Eta handik aurrera, gaur arte.

Senideetan sartu nintzen gero, Jose Luis hainbeste bider egon da kartzelan... Bizitzak bultzatuta inplikatu naiz senideekin; etxean neukalako eta beharra neukalako parte hartu dut. Denok ari ginen sufritzen, eta laguntasun desberdin bat egiten duzu horrelakoetan. Lagun asko egin dut bertan. Egon naiz Algecirasen, Jaenen, Kordoban, Almerian, Osnyn... Espainia guztia ezagutu dut kartzelako bisitengatik.

Senarraren ibilbide politikoa ezaguna da, baina zu bitartean itzalean egon zara, etxeko lanetan...

A bai, eta sei urtean, lau ume! Badakizu zer den hori, lan asko. Gero dendan ere bai. Kartzelakoa gogorra da, ez delako kartzela bakarrik: arduratu behar duzu bera nola dagoen. Baina seme-alabak nagusi egin zirenean hasi ziren kartzelak. Txikiak zirenean, bere lana zeukan, eta ordu asko sartu behar zituen enpresa aurrera eramateko; gutxi egoten zen etxean.

Nola bizi izan duzu hori?

Normal, bizitzan hori normala da. Horrela tokatzen zen, eta orduan emakumeak beste modu batean geunden. Lau ume? Ba, lau ume. Aurrera atera behar dituzu, eta kito. Lan asko egin behar duzu etxean, eta dendan ere bai. Gainera, orain ez, baino lehen zapatuetan ere lana egiten zen.

Zaletasunei dagokienez, Bergarako Orfeoian ibili izan zara.

Musika asko gustatzen zait. Orfeoian 15 urterekin sartuko nintzen. Gogoratzen naiz nire aitak oso ondo abesten zuela; baxua zen bera, eta aita, anaia eta ni, hirurok egon ginen Orfeoian. Gero, laga egin nuen hiru ume neuzkanean. Asko zelako, entseguak gaueko hamarretan-edo izaten zirelako.

Zure bi anaiek musika ikasi zuten, baina zu dendara bidali zintuzten: arantza geratu zaizu?

Bueno, gerora izan nuen aukera, baina 30 urterekin lau haur neuzkan, eta zer egingo nuen, ba? Pianoa, adibidez, ikasi nuen kolegioan, eta orain ere pianoa zabalik dago egongelan, baina ez dut jotzen. 1998an hemen iskanbila hasi zenean, Jose Luis kartzelara eta bestea ez dakit zer... hor utzi nion pianoa jotzeari. Baina gustatu bai, asko; gauetan, adibidez, telebista piztu ordez, musika ipinita irakurtzen dut.

Beste instrumenturen bat ikasi nahiko zenuke?

Ez; gustatu, biolina ere gustatzen zait. Baina nik pianoarekin nahikoa neukan, nahiko polit jotzen nuen. Beste piano batzuk jo ditut nik, beste piano mota batzuk tokatu zaizkit.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, <em>Naufragoak</em> saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. ©EITB

'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Olatz Silva Rodrigo

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Glisseguna, urak atzemana

Ainize Madariaga

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...