Datorren asteko estreinaldiak

Sentimenduak diren loreak

Donostiako Zinemaldiko harrera beroaren ostean, zinema aretoetara iritsiko da ostiralean Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien 'Loreak' filma.

Nagore Aranburu, lore sorta batekin, filmeko irudi batean. Harekin batera agertzen dira fimean Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru, besteak beste. LOREAK.
Gontzal Agote.
2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ikusmin handia sortu zuen Loreak filmaren estreinaldiak. Ez zen gutxiagorako, Donostiako Zinemaldian aurkeztu behar baitzuten eta, orain arte ez bezala, sail ofizialaren barruan, lehiaketarako alegia. Ez zen halakorik ezagutzen; erreferentziarik gertuena orain dela 25 urteko Ke arteko egunak zen; behingoagatik, euskaraz egindako zinemak munduari begirako leiho dotorea izanen zuen.

Zinemaldiko emanaldiek eta haiek sortutako erreakzioek argi utzi zuten Sail Ofizialean sartzea ez zela izan —aurrez hainbatek maltzurki iradoki zuten moduan— euskaltasunari egindako kontzesio bat. Ia salbuespenik gabe, kritika oso onak izan zituen Jon Garaño eta Jose Maria Goenagaren filmak. Zorionez, istorioaren egituraz, aktoreen lanaz, gidoiaren eraikuntzaz, planoen egokitasunaz eta abarrekoez hitz egiten zen, eta ez euskaraz filmatuta egoteaz.

Kiniela askotan sarietarako hautagaien artean bazegoen ere, azkenean Loreak esku hutsik joan zen Donostiako Zinemalditik. Hala ere, horrek ez zuen etsipenik eragin; ordurako filmak etxeko lanak eginak zituen. Lehen urratsak ongi baino hobeto eginak zituen. Hurrengo astetik aurrera, aretoetan hasiko duenarekin, bide onetik segitzea besterik ez zaio falta.

Tartean, lore gehiago jaso ditu filmak. Nazioartean sona handia duten hainbat zinemalditan aurkeztu dute filma: Londres, Zurich eta Tokion, eta kritika onak pilatzen segitu du. Horrez gain, sariak ere hasi dira ailegatzen: Japoniako Latin Beat Festivalen hiru aktore protagonistek emakumezko aktore onenaren saria jaso berri dute.

Harridura eta ezinegona

Zer da pelikula honek kontatzen duena? Zaila da horren berri ematea spoiler-etan erori gabe, barnean zenbait misterio ezkutatzen dituen istorioa gordetzen baitu.

Ane astero-astero lore sorta bat jasotzen hasiko da, jakin gabe nork eta zergatik bidaltzen dion. Ia aldi berean, beste lore batzuk ere agertzen hasiko dira Tere eta Lourdesen egunerokoan. Horiek ere modu anonimoan, horiek ere maiztasun harrigarri batekin. Harridura eta ezinegona eraginen dute lore anonimoek.

Loreek hiru emakumezkoen bizimodua aldatuko dute, bere xumean aldaketa handiak ekarriko baitizkiete. Loreak dira, baina horiek norberaren sentimenduetan eragin handia izanen dute.

Gidoi bikain batez gain, aktoreen lana da Loreak-en zutabe nagusietakoa. Barne sentimenduak hitz gutxirekin adierazteko, gurean aski ezagunak diren hiru aktore ezagun aukeratu dituzte zuzendariek: Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru. Haiei erreplika emanez Josean Bengoetxea, Jose Ramon Soroiz eta Egoiz Lasa, besteak beste.

Moriarti ekoiztetxean trebatuak izanik, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak elkarrekin egin duten bigarren film luzea da Loreak. Orain dela lau urte, 80 egunean filma estreinatu zuten. Orduan ere, Axun eta Maiteren arteko maitasun istorioak oso harrera ona izan zuen, eta mugarria izan zen euskal zinemaren historia laburrean.

'LOREAK'

Zuzendariak: Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga.

Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Josean Bengoetxea, Egoitz Lasa, Ane Gabarain.

Herrialdea: Euskal Herria.

Urtea: 2014.

Iraupena: 99 minutu.

Generoa: Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.