Euskal arraza, galzorian

Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak elkarteak bultzatuta, EHUko Biomics ikerketa taldeak egin duen azterlanean ondorioztatu dute euskal artzain txakurra egoera larrian dagoela. Endogamia handia dauka arraza horrek, eta gaur egun 470 banako daude erregistratuta. Nazioartera jauzi egin du ikerketak orain.

Beñat Lizarra Euskal Artzain Txakurren Adiskideak elkarteko kidea, euskal artzain txakur iletsuarekin. JON URBE/ FOKU.
jone arruabarrena
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 2001ean ateratako Euskal Herriko bertako abere arrazen katalogo ofizialak piztu zituen alarmak: euskal artzain txakurra «galtzeko arriskuan» zeuden arrazen artean katalogatu zuten. Izan ere, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak emandako irizpideen arabera, arraza bat arriskuan dagoela esan daiteke arraza horretan ugaltzeko gai diren emeak mila baino gutxiago direnean.

«Kasu honetan, kontuan izan behar dugu EAT Euskal Artzain Txakurrak bi aldaera dituela, iletsua eta Gorbeiakoa, eta aldaera horietako bakoitzean mila eme izan behar dituela ugaltzeko moduan. Gaur egun, esan dezakegu 2011 eta 2020 bitartean ofizialki 470 banako daudela erregistratuta, baina emeak eta arrak kontuan izanda, eta Gorbeiakoak eta iletsuak», dio Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak elkarteko Beñat Lizarrak. Hala ere, ezinezkoa da datuak zehatz eta mehatz ezagutzea, erregistroetan askotan ez delako zehatz aztertzen zein arraza ote den, eta beste jabe askok ez dituztelako txakurrak erregistratzen.

Datuek erakusten zuten egoera kezkagarriaz jabeturik, euskal artzain txakur baten jabe zirenak talde batean biltzen hasi ziren 2014. urtean: «Bagenekien arraza egoera txarrean zegoela, baina ohartu ginen egoera guk uste baino larriagoa zela. Azkenean, egoeraren larritasunak bultzaturik, 2016. urtean, irabazi asmorik gabeko Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak elkartea sortzea erabaki genuen». Hasiera batean, txakurrak erregistratzea izan zen elkartearen helburu nagusia, baina, gerora, hori nahikoa ez zela ikusita, arrazaren gainbeheraren arrazoietan sakondu zuten: «Ikusi genuen benetan ez genekiela egoera noraino zen larria, datu faltagatik, eta, gainera, endogamia handia izan zezakeela arrazak, horrek ekar ditzakeen arazo guztiekin». 2018. urtean Euskal Herriko Unibertsitateko Biomics Ikerketa taldeko Marian Martinez de Pancorborekin batzartu zen elkartea, eta akordio bat sinatu zuten, euskal artzain txakurraren inguruko ikerketa bat abiatzeko asmoz.

«Elkartekoek odol laginak biltzen dituzte, eta guk aztertu egiten ditugu», adierazi du Biomics taldeko ikerlari nagusi Martinez de Pancorbok. Behin laginak eskuratuta, informazio ugari atera daiteke horietatik.

Laborategian DNA ateratzen dute, eta hura aztertzen dute hemezortzi markatzaile genetiko erabiliz. Markatzaile horiekin lortzen da txakur bakoitzaren profil genetikoa. «Hemezortzi gauza ezberdin aztertzen dituen odol analisi baten gisakoa da. Analizatzen ditugunak genoma baten hemezortzi gune dira, eta gune horietako bakoitzak ezaugarri jakin bat izango du». Txakurrak markatzaile bakoitzean ezaugarri jakin batzuk dituenez, horrek animalia indibidualizatu egiten du, beste edozein txakurren aldean identifikagarri bihurtuz. «Hainbat txakurren profil genetikoa baldin badaukagu, jakin dezakegu ahaidetuta dauden. Erraza dirudi, baina kontuan izan behar dugu txakurren kasuan emea hainbat aldiz gurutzatu daitekeela, eta aita ezberdineko kumeak ernaldi bakarrean jaioko direla».

Ikerlariak azaldu duenez, familiartekoak diren jakiteak, gainera, berebiziko garrantzia hartzen du galtzeko arriskuan dagoen arraza baten kasuan, endogamia saihesteko balio duelako. «Gaixotasun genetikoak azaleratzeko, aitak eta amak, biek eduki behar dute gaixotasunaren ezaugarri mutatu hori. Soilik batek baldin badauka, ez da azaleratuko, eta kumeak osasuntsu jaioko dira. Aita eta ama familiartekoak badira, ordea, biek gene gaixoa izateko duten probabilitatea askoz handiagoa da». Endogamiak, gainera, dibertsitate genetikoan ere nabarmen eragiten du: «Haien artean ahaidetasun estua daukaten txakurrak gurutzatzen baditugu, morfologikoki antzekoak direnak, galdu egiten dira beste txakur batzuekin gurutzatuz gero lortuko genituzkeen ezaugarriak». Horrez gain, ingurunearen aldaketei egokitzeko orduan, onuragarria da arraza batek dibertsitate genetiko handiagoa edukitzea. «Ez badago dibertsitaterik, bietako bat gertatuko da: edo guztiak egokitzen dira, edo ez da bat bera ere egokituko».

Angel Azkorbebeitia artzaina da, eta euskal arraza hazi eta hezi egiten du. Hura ere jabetuta dago endogamiak ekar ditzakeen arazoez: «Arraza bereko txakurrak gurutzatzen ditugu, denak euskal artzain txakurrak dira. Hala ere, kontuz ibiltzen gara, eta gure txakurrei jarraipen bat egiten diegu. Saltzen ditugunean, badakigu nora eraman dituzten eta zer moduz dabiltzan».

Euskal arraza, nazioartean

2020. urtearen amaieran, pauso garrantzitsu bat eman zuten ikerketan: Biomics taldeak Innsbruckeko (Austria) Unibertsitatearekin elkarlan bat adostu zuen. «Orain arte hemezortzi markatzaile aztertzen zituzten EHUn, baina Innsbruckeko Unibertsitatean posible izango da hamahiru markatzaile gehiago ateratzea. Horrek txakurren DNAri buruzko informazio gehiago emango digu», azaldu du Lizarrak.

Hala ere, hori ez da abantaila bakarra. Ikerketa horrek euskal artzain txakurra munduko beste arraza garrantzitsu batzuen artean kokatzeko aukera ekarriko du: «Txakur arrazek elkarren artean zer erlazio izan dezaketen aztertzen da. Horrela ikusiko da euskal artzain txakurra hemen sortutakoa den, edo beste arraza batzuetatik datorren, eta aukera emango digu ere, txakur baten DNA daukagunean, benetan euskal artzain txakur bat den jakiteko». Biomicseko ikerlari nagusiaren arabera, gainera, arrazako bi aldaeren arteko ezberdintasunak zehatzago aztertzeko aukera ere emango du ikerketa zabaltzeak. «Iletsuaren eta Gorbeiakoaren artean ezberdintasun genetikoak dauden ikusteko aukera izango dugu. Morfologikoki nahiko ezberdinak dira, baina maila genetikoan inork ez daki zer ezberdintasun izan dezaketen».

Lizarraren arabera, artzaintzak «berebiziko garrantzia» izan du Euskal Herrian: «Aspaldidanik datorren ofizio bat da, eta urte luzez euskal arraza izan da artzainen laguntzailea». Horrek eragin nabarmena izan du arrazaren eboluzioan ere. «Hemen horrenbeste denbora daramanez, hemengo klimara, orografiara eta gaixotasunetara ohituta dagoen txakur bat da, eta, beraz, alde horretatik ez du arazorik ematen».

Azkorbebeitiak ere euskal artzain txakurrak artzaintzarako dituen bertuteak azpimarratu ditu: «Gaur egun sartzen hasi diren arrazek, adibidez border collieak edo australiarrak, ez dauzkaten ezaugarri batzuk dauzka euskal arrazak. Izaera gogorragoa daukate, eta ganaduarengana hurbiltzen dira. Hobeto moldatzen dira besteak baino».

Lizarra ere bat dator: «Lana egiteko daukaten modua oso ezberdina da. Border colliea, esate baterako, kontrol lana egiten duen txakur bat da, aproposa beste lur mota baterako: zelai handiagoetan ibiltzeko, kontrol hori beharrezkoagoa den lekuetan». Bereziki baliagarria da artzainentzat euskal arraza bertako lurretara moldatu izana: «Euskal artzain txakurra Euskal Herriko orografiak eskatzen duen lan motara moldatu da, eta kontrolatzeko baino gehiago, bultzatzekoa da. Hau da, animaliak bultzatzeko eta behar den lekuan sartzeko joera dauka». Nagusiarekin daukan lotura ere azpimarratu du Lizarrak. Haren ustez, «nagusiaren inguruan» ibiltzen den txakurra da, jabea bakarrik utziko ez duena «beste zerbaitekin distraitu delako».

Euskal arrazak artzaintzarako dituen bertuteak ugari izanda ere, kanpoko arrazetarako joera nabarmen handitu da azken urteotan. «Mundu guztiko arrazak lortzeko aukera dago orain, eta, gainera, artzaintza gainbeheran dago. Horrek euskal arrazaren ahultzea azkartzen du», azaldu du Lizarrak. «Beti esaten dugu euskal kultura zaindu behar dugula, eta euskal arrazak ere kultura horren parte dira, euskara izan daitekeen bezala. Iruditzen zaigu zaindu eta mantendu beharreko gauza bat dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.