Arrauna. Euskotren liga

Oriok oso bideratuta dauka Euskotren liga, sasoiko zazpigarren bandera lortuta

'Txiki' ontzia nagusitasunez gailendu da Hondarribian, eta txapeldun izango da gaur Ondarroan Donostiarraren aurretik sailkatuz gero

Orioko arraunlariak, estropada bukatu eta bandera hartu berritan atzo, Hondarribian. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Euskotren liga amaitzeko hiru estropada falta direla kontuan hartuta, Oriok lehiaketa bideratuta utzi du, atzo Hondarribian (Gipuzkoa) denboraldiko zazpigarren garaipena erdietsita. Gero eta gertuago dute oriotarrek ligako garaikurra. Gaur Ondarroan (Bizkaia) Donostiarraren aurretik amaitzen badute, matematikoki ligako txapeldunak izango dira.

Oriotarrek jo zituzten lehen paladarik indartsuenak. Zerbaitegatik dira Euskotren ligako liderrak. Bigarren minuturako, Xanti Zabaletaren taldeak ontzi baten aldea ateratzen zien Donostiarrari eta Hondarribiari. Arraun Lagunak-i, berriz, kosta egin zitzaion lehen txanpan arraunketa hartzea, eta bost segundo atzetik zen. Orio laugarren kaletik zihoan, eta ongi baliatu zuen kai muturrak ematen zion babesa, baita aldeak luzatu ere. Nadeth Agirreren gidaritzapean, arraunlariek presarik gabe egin zuten arraun, ubera pasatuz. Ziabogara lehenak iritsi ziren; bost segundo atera zizkioten Donostiarrari, zazpi Arrauni eta zortzi Hondarribiari.

Maniobraren ostean, estropadak bere hartan jarraitu zuen. Agirre patroiak Txiki ontzia estropadaren eremuaren erdialdera zuzendu zuen, olatuak eta haizeak lehenengo kalera jotzen baitzuten. Oriotarrek ongi kudeatu zuten brankaz lortutako aldea. Bien bitartean, Arraunek eta Hondarribiak lehia estua zuten, asko jokatzen ari baitira azken postua saihesteko. Une batez, Ama Guadalupekoa tosta pare bat aurretik jarri zen, baina azkar eman zion buelta Lugañene-k.

Oriori ez zion inolaz ere garaipenak ihes egin. Donostiarrak sei segundo geroago zeharkatu zuen helmuga. Hirugarren postua, berriz, Arraunekoentzat izan zen, garailearengandik 11 segundora. Azken metroetan, donostiarrak izan ziren Hondarribia baino indartsuago, eta segundo baten aldea atera zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu