Puzzle baten laugarren pieza

Patxuko Nice taldeak laugarren diskoa plazaratu du. Pop eta reggae doinuak uztartzen ditu

Patxuko Nice taldearen laugarren diskoa aurkeztu zuten atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Puzzle bat, lau zati eta proiektu bat: horrela laburbildu daiteke Patxuko Nice musika taldearen azken urteotako ibilbidea. Lau lan plazaratu dituzte; 2012an sortu zen taldea, Hondarribian (Gipuzkoa). Atzo aurkeztu zuten laugarrena, Donostian: Quim-en marrazkia du izena diskoak. Zeresan handia du lanari izen hori jarri izanak; izan ere, marrazki horrekin lotuta daude aurreko hiru diskoen azalak ere. Quim Moyak eginiko irudi baten zatiak dira laurak, eta, azken azalarekin, orain arteko ibilbidea biltzen duen mosaikoa osatu dute.

Diskoaren aurkezpenean izan ziren Sergio Ordoñez Patxukoabeslaria, Jon Mari Beasain gitarra eta teklatu jotzailea, Ritxi Aizpuru Baga-Biga etxeko musika ekoizlea eta Quim Moya. Abeslariaren esanetan,«disko eklektiko» bat osatu dute; hainbat iturritatik hartu dituzte ideiak. Zortzi kantu biltzen ditu, eta, Beasainen aburuz, «ilusioz» egin dute lan prozesua. Nabaria zen ilusio hori prentsaurrekoan: taldea sortu zenetik kaleratutako gainerako hiru diskoak mahai gainean jarri, eta azken azalarekin Moyaren irudia osatu zuen, lehen aldiz.

Estiloari dagokionez, pop leuna eta reggae doinuak uztartzen ditu diskoak. Hala ere, beste lanetan hain agerikoa ez den beste ezaugarri bat nabarmendu dute: 1980ko hamarkadako musika estiloaren aztarna gehiago antzematen da. Halaber, askotariko melodiak eta koloreak jasotzen dituela esan dute, Aizpuruaren hitzetan: «Soul eta funk doinuak daude Aukera zoragarria abestian. La huella, berriz, reggae geldoaren sinonimo da, eta Tiemblan los brazos abestiari antzeko lurrina eman diote. Barnerakoitasuna du girorik sentikorrena Patxuko Nice taldeak; samur helaraziko digu mamiaren argia».

Manifestu emozional bat

Manifestu emozional bat: horrela definitu du ekoizleak diskoaren nortasuna. Hain justu, izenburu hori duen kantu bat ere biltzen du diskoak: Oier Guillanen hitzekin osatu dute; alai egotea emozio iraultzailea dela dio. Gaiei begira ere ertz ugari jorratu dituzte diskoan. Adibidez, Irungo Harrera Sareari (Gipuzkoa) buruz hitz egiten duen kantu bat sortu dute: Biok garen mundua izena jarri diote.Esnatu da izeneko abestian, berriz, Asian egin zuten egonaldi bati buruz hitz egiten dute, eta, sortzaileen esanetan, garai bateko rock abestien kutsua du; tartean, Itoiz taldearena.

Ereñotzuko (Gipuzkoa) Aieka estudioan gorpuztu dute diskoa; Pello Gorrotxategi Esne Beltzako kideak grabatu eta nahastu du, eta beste lagun askoren laguntza ere izan dute bidean. Patxukoren hitzetan, «gertuko jendearekin eta sinesten duen jendearekin» egin dute lan, eta horren adierazle da emaitza ere. Patxukorekin eta Beasainenekin batera, Alejandro Terrones (baxua), Ibai Larralde (gitarra) eta Eneko Fernandez (bateria) aritu dira ekoizpenean. Horiez gain, beste hainbatek ere parte hartu dute.

Moya marrazkilariak duela hamalau urte inguru egin zuen gaur egun taldearen lau diskoen azaletan agertzen den marrazkia, Patxuko eta Beasain beste musika talde batekin zuzeneko bat ematen ari zirela: «Zuzenean marraztu nuen lehenengoetarikoa izan zen, eta polita da orain dela hamalau urte gertatu zen une horretara itzuli ahal izatea». Ordutik, hamar urte daramatza zuzenean marrazten, eta, Moyak dioenez, margotu zuen lehen egun hura gogoratuz jarraitzen du lanean, momentu horretako urduritasuna barne. Pozik azaldu da emaitzarekin, eta diskoa «esentziaren, artearen eta sormenaren arteko lengoaia bat» dela nabarmendu du; «emozioa eta laguntasuna» biltzen dituen lengoaia bat, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.