Kontu kantari

Poema izaeratik kantu formara igaro da Joseba Sarrionandiaren pieza literario franko, lehenengo liburutik hasita. Eta alderantzizko ibilbidea eginik, abestiak poesia irakurtzera hurbiltzeko zubiak bihurtu dira musika zale askorentzat.

Joseba Sarrionandia, 2016an, Habanan. JOSE GOITIA.
Gorka Arrese.
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Kantuak gogoangarriak bihurtzen ditu poemak. Ahotan hartzen ditu jendeak, bakarka edo taldean abesteko, eta oharkabean klasikoak egiten dira, ahazteraino nork idatziak izan ziren. Euskal poemen artean kantatuenak Sarrionandiarenak dira. Musikari frankok hartu ditu ahaire berrietan: Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Oskorri, Gontzal Mendibil, Jexuxmai Lopetegi, Eltzegor, Mikel Markez, Mikel Errazkin, Deabruak Teilatuetan, Jabier Muguruza, Fran Lasuen, Bittor Aiape, Fermin Muguruza, Sagarroi, Berri Txarrak, Gose, Ken Zazpi, Eñaut Elorrieta, Petti, Zura, Ze Esatek, Izaki Gardenak, Zea Mays, Rafa Rueda, Anari, Mikel Urdangarin, Amorante, Mursego eta gehiago.

«Musikak sorlekura eraman dezake idazlea», Irati Jimenezen aburuz. «Idazlearen botereak hizkuntzatik datoz, herritik, sorlekutik. Eta musikak literatura herritartu dezake, berea den lekuan zabaldu. Hori lortu du Sarrionandiak. Haren hitzak kantatzeko gogoak gauza ederrak esaten ditu gure sen poetikoaz, gure poesia egarriaz, gure idazleekiko maitasunaz».

Ordorikaren Ni ez naiz Noruegako errege (1983) diskokoak maite ditu Kirmen Uribek: Galtzetan gordetzeko koblak eta Alberto Caeiroren bisita. «Inor gutxik ezagutzen zuen Pessoa portugaldarraz aritzea berezia zen garai hartan, zenbaitek Pessoa abestu ordez presoa kantatzen zuten». Baina kantu bakarra aukeratzekotan, Lili bat nabarmendu du: «Maitaleak elkar eranzten duten une intimoa amaiezin bilakatzen du Laboak errepikapenaren bidez, laztanaren leuntasunez. Laboak bete-betean asmatu zuen musikarekin. Baina kantak ez dira jomuga; izan daitezela atari, hastapeneko urrats, gero idazlearen lan mardulean sartzeko».

Harkaitz Canok ere ez du zalantza egin: Lili bat. Eta asko pentsatu gabe esan ditu, segidan, Imanolen Oroimeneko portua, Ordorikaren Galtzetan gordetzeko koblak eta Martin Larralde, Lopetegiren Ez diren gauzak, Ruedaren Hokusairen olatua. «Gutxik bezala, pasaporte bikoitza dute Sarrionandiaren poemek, aldi berean kantu eta poema izateko gaitasuna».

Eider Rodriguezek hiru hauek aukeratu ditu: Ordorikaren Martin Larralde, Errazkinek Ane Irazurekin abestutako Ene begiek, eta Anariren Lagun izoztua.

Irati Jimenezek maitasunaz diharduen kantu bat hautatu du: Hemen gaude. «Idazleak eszenatoki literario inauguralenetako batera garamatza, kartzelara, eta oso gutxirekin asko esaten du, bene-benetan asko. Gauza terribleak gertatu dira hemen, eta gauza terribleak esan dira, baina beharbada ez da aski esan negargarritasun horren guztiaren sustraian dagoen maitasunaz». Jimenezentzat, Ken Zazpiren kantu honek «modu oso elegantean eta naturalean kontatzen du euskaldun askori pasatu zaiona, euskaldun jaiotzeagatik ikusi dutela egun batean euren burua kartzelan». Asko gustatzen zaio Ken Zazpik momentu batzuetan garatzen duen «pop erdi sinfonikoa». «Eta hemen oso ondo funtzionatzen du, Sarrionandiaren hitzak anplifikatuz. Hunkigarria da letraren azken partea: 'maite genituen gauzengatik erori ginen preso, baina gure maitasuna oraindik ez dago preso'. Oraindik hitzaren promesak eta bertigoak hunkitu egiten naute. Hitz zoragarriak dira, eta kantu ederra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.