Antton Iturbe.
Prince. IRITZIA

Minnesotako aztia

2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Musika munduan edozein gauza berri egiten saiatzen bazara, lehenago edo beranduago Frank Zappak gauza bera zuk baino lehenago eta hobeto egin zuela aurkituko duzuĀ». Ez dut gogoratzen nork esan zuen esaldi hori, baina Princeren heriotzaz jakitean burura etorri zaidan lehena izan da. Frank Zappari bezain ondo badatorkio Minnesottako aztiaren ibilbide txundigarriari. Princek 1980ko hamarkadan eta 1990eko hasieran mundua hankaz gora jarri zuen eta garai hartako gehiegikeria guztien semea da, agian handiena, baina baita biktima ere. Superprodukzioak, milioika diskoren salmenta eta zuzeneko megaikuskizuneko aro hartan eman zituen bere onenak. Hura baitzen bere medio naturala. Gero, borondatez edo beharraz, edo agian bien arteko nahasketa baten ondorioz, pixkanaka itzali egin zen, batzuk goraipatu dituzten eta nik egia esan entzun ere egin ez ditudan jazz kutsuko disko estimagarrietara dedikatuta. Egun, bere aztarna erabat galduta nuen arren, Purple Rain edo 1999 bezalako abestiak inoiz egin diren ederrenetakoen artean dauzkat. Denbora haietan Princek egin zituen diskoek, musika afro-amerikarraren aldarerik gorenera eramango dute gaur, James Brown, Miles Davis edota Jimi Hendrixekin batera. Neurri batean hiruron nahasketa baitzeraman bere gorputz txiki hipersexyan. Musika itzelaz gain, horixe gogoratu nahi nuke amaitzeko eta agur esateko; bere gorputza eta haren erakarpen indarra. Tipo beltz, txiki eta sexualki anbiguo hark Minneapolisko antro ilunenetan bukatzeko txartel guztiak zeuzkala baitzirudien. Baina ez, heroi bat bizi zen bere barnean, musikaren historia aldatu eta jeneroen estutasunen gainetik gure sexualitatea bizi eta gozatzeko bideak erakutsi zizkiguna. Eta ez egun batez bakarrik, hamarkada oso batez. Hori marka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.