Telesailak

Eraldaketarik gabeko iraultzaren agurra

Azken denboraldira iritsi da 'Mr. Robot', sistemaren gaitzak azaleratu baina alternatibarik erakutsi ez duen telesail entzutetsua

Rami Malek aktoreak antzezten du Elliot Alderson protagonista. USA NETWORK.
Mikel Yarza Artola.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Bada pertsona talde boteretsu bat mundua sekretupean gobernatzen duena; inork ezagutzen ez dituen pertsonak, ikusezinak direnak, ehuneko bataren ehuneko bata. Jainko izatera jokatzen dute, baimenik gabe. Eta uste dut segika ari zaizkidala».

Hitz horien bidez egin zen ezaguna Mr. Robot telesaila. Entzun eta berehala harrapatu zituen munduko milaka ikusle; izan ere, aspaldidanik krisian den sistema ekonomikoaren eta politikoaren kritika zorrotz bat pantailaratu zuen, horren zutabeak hankaz gora jartzea helburu zuen protagonistaren begietatik. Fight Club eta Taxi Driver film klasikoen espiritua abiapuntu hartuta, lau denboralditan ezagutu dute ikusleek Elliot Aldersonen hacker lanetarako abilezia, baita komunikaziorako eta harreman pertsonaletarako gabeziak ere.

Atalez atal, Sam Esmail buru duen lantaldeak are konplexuago bilakatu du Aldersonen dualtasuna, narrazioa aberastu du inguruan dituen pertsonaiekin, eta amaieraraino eutsi dio irudimenezko aitaren agerpenak esparru psikoanalitikoan jokatzen duen rol dramatikoari. Ikuslearen aurretik doa beti telesaila, errealitatearen eta ilusioaren arteko joko bikoitz horretan. Alor formalean ere nortasun propio bezain erradikala findu du Esmailek, eta, idazle zein zuzendari lanak bere gain hartuta, irudi bereizgarriak egokitu ditu kontakizunaren mesedetan.

Telesailak indar handiz funtzionatu du egungo gizartearen erradiografia sozial eta politikoa osatzeko. Eliteen inguruko kontakizunaren erdigunera ekarri du, gainera, alor ekonomikoa; entretenimenduaren barruan kokatu ditu konplexutasun handiko figura eta mekanismoak. Saioa erregairik gabe geratu da, ordea, pertsonaien esparru intimoa jorratzean. Azken txanpan nabarmendu dira bereziki ahulguneak, une itxaropentsu zein gordinetan ez baitute behar bezainbesteko sakontasun emozionalik lortu.

Mr. Robot-ek behin eta berriz nabarmendu du sistemak zenbateko gaitasuna duen berori kolokan jarri nahi duen norbanako edota kolektibo oro zapaltzeko. Eta hein batean ausardia falta izan zaio, telesailak erakutsi duelako iraultza posible dela; ez, ordea, gizartearen egituraketa alternatiborik. Hackerrek kaosa ekarri dute, baina euren arazo pertsonaletan galduta amaitu dute. Egungo gizarte indibidualistaren erretratu fidela.

Gatazka narratibo oro plano indibidualera itzultzea: ezbairik gabe, telesailaren akaberan eragina izango duen hautua. Bide horretan, istorioaren salbazio gisara funtziona lezake Elliot Alderson protagonistaren patuari borobiltasuna emateak. Konexio emozionalerako ezintasunak gainditzeko gai den norbanakoa irudikatzea izan liteke gailur dramatikoa, lau denboralditan nagusitu diren depresio, samin eta ezintasunen kontraste argitsu modura. Esmailen hautuak emango du zeresana, Mr. Robot telesailen unibertsoan arrasto sakona utzi duen obra bat bilakatu baita, azken batean. Ezberdina eta identifikagarria. Urteak igaro arren, ziurrenera indarrik galdu ez, eta zeresana ematen jarraituko duen perla preziatua.

'MR. ROBOT'

Sortzailea: Sam Esmail.

Aktoreak: Rami Malek, Christian Slater, Carly Chaikin, Martin Wallstrom, BD Wong.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Movistar+.

Filmaren iraupena: 50 minutu.

Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.