EGUZKI EPELEAN

Nire pribilegioa

GarbiƱe Ubeda, Goikoetxea
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Zorte onekoa naiz. Esaerak dioen gisan bizitza loteria hutsa bada, zenbaki sariztatuak jaso izan banitu bezala sentitzen naiz egunotan, eta gorabeherak gorabehera, aldarte horretatik ekiten diot egunari. Asetzen ez nauen sentipen horren konpasean, musika datorkit akordura, nire soinu banda osoa ez bada, ia osoa esango nuke, eta bereziki, Violeta Parra zenaren abesti hunkigarri hura, Gracias a la vida, que me ha dado tanto...

Asko eman dit bizitzak. Poeta kantari txiletarrak aletzen dituen opariak eta beste hainbat gehiago jarri dizkit eskura. Batzuk, naturalki eta bizilege hutsez, osasuna, aterpea edota maitaleak, kasura. Baina garrantzitsuenak, nire izatearen eta ibilbidearen oinarri bilakatu direnak, atzetik heldu diren bi alabak ez bezala, oso gazte nintzela eman zizkidan, urte luzetan landu ditzadan.

Eman zidan, euskara. Erroz eta ezinbestean definitzen nauen funtsa, aberasbidea, herentzian utziko dudan ondasun baliotsu bakarra. Eman zidan, gurik gabe esplika ezin den nia. Eman zidan, esan berri dudana hausnartzeko kontzientzia. Egarria. Helburua. Harrotasuna. Grina. Kemena. Zentzu onenetik besterik ulertu ezin litekeen mina. Baina oroz gainetik eman zidan, aukera. Herria hizkuntzatik gorpuztu eta aitzakiarik gabe lan egin nahi izan zuten haiekin bat egitekoa, eta zehatzago esanda, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte izatekoa, hara bildu zirenekin buruz buru aritzekoa.

Testuinguru hartatik abiatuta, ezinbesteko piezak, bide-urratzaileak, pentsalariak, kulturgileak, hizkuntzalariak, jakintsuak, euskalgintzaren erreferentziarik esanguratsuenak eta Handietan Handiak ezagutzeko parada eman dit bizitzak. Langile nekaezin eta anonimoekin batera, memoria kolektiboan lekutxoa irabazitakoak. Joxemi Zumalabe. Martin Ugalde. Joseba Jaka. Inma Gomila, Luis Goia, Joan Mari Torrealdai...

Zorte onekoa naiz. Zuek denak ezagutzea izan da nire zortea, nire oparia, nire pribilegioa. Ez zarete joan. Hortxe zaudete. Euskarazko edozein berripaper, edozein webgune, edozein albistegi, sare sozial edo liburu zabaltzen dudan bakoitzean ikusten zaituztet, tente, harro, dotore, duin eta irribarretsu, Joan Mari Torrealdaik Korrikaren lekukoa eraman zuenean bezalatsu. Bidegabekeria guztien gainetik, bagarenaren ikono.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.