garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Haurrak

2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Nire eskola garaiko oroitzapen apurrak atsedenaldietakoak dira eta patioan kokatzen naute gehienetan —bizipen baliagarrienak bertan gertatu ziren seinale—. Atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen dudan batean, ikastolaratu berria izango nintzen, artean alfabetatu gabea behintzat, eta bakarren batek, jolas orduan lagunik gabe nengoela erreparatu eta taldean soka-saltoan aritzeko gonbita luzatu zidan.

Ez zitzaidan misterio handiko jolasa iruditu. Gidari lanetan ari zen irakasleak zifra bat esandakoan, sokan sartu, beste horrenbeste jauzi egin eta sokatik ateratzea zen kontua. Zenbakiak etxetik ikasita nekarzkienez, eta arin samarra ere banintzenez, eroso sentitu nintzen, ekin aurretik irabazle. Txanda egokitu zitzaidanean, «bederatzi», esan zuen begiraleak, eta hortxe sartu nintzen sokan, betarik galdu gabe baina txundituta, «bederatzi» delakoari arrastorik hartzen ez niolako. «Bat, bi, hiru eta lau», hasi nintzen nire jauziak kontatzen, «bost, sei, zazpi, zortzi», jarraitu nuen kemenik galdu gabe, «eta hurrengoa, beatzi, bai horixe, ederki noa», baina preseski «bederatzi» harrigarri hura inondik ageri ez, «eta hamar, hamaika, hamabi, hamahiru»... Hamalaugarrena ere egina nuen, hutsegitea zein izan zen azaldu zidatenerako.

Ni nintzen neskatoaren moduan sartu da Nekane Murga sokan: zifrak ezagutzen ditu, eta hain zuzen horrek jauzi-bidea erraztuko diola uste du, baina itsumustuan dabil, inprobisazio hutsez zortea probatu beharrean. Logikaren bila estratosferaraino igo eta handik aritu zaio jendeari, osasun publikoaren izenean aritu ere, aplikatu nahi lukeen logika matematikoa bizitzaren parte txiki bat besterik ez dela ahantzita. Haurrei harremanak murriztu eta nornahirekin jolastea eragotzi beharko litzaiekeela esan du hitzez hitz, endogamia kontrolatu eta aseptiko batera mugatu beharko liratekeela alegia, eskoletan ere taldetxotan multzokatzearekin batera —umeek izurritean duten eragina eta erantzukizuna zehatz-mehatz ezagutzen ditu, antza—, benetan eskatu duena, haurrari haur izaten ez uztea, sena kamustea eta giltzapetze prebentiboan lotzea izan den arren.

Osasuna zaindu edo izurritea uxatu ordez, elkarkidetasunean oinarrituko ez den gizarte antinatural batera bidean goazela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.