Telesailak

Lorik ez egiteko istorio berriak

'Historias para no dormir' beldurrezko telesail klasikoaren atal bana eguneratu dute lau zuzendari espainiarrek. Amazonen daude ikusgai

HISTORIAS PARA NO DORMIR.
Mikel Yarza Artola.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
1966an mugarria ezarri zuen NarcisoIbañez Serrador Chicho zuzendari madrildarrak. Historias para no dormir telesaila estreinatu zuen TVEn, Espainian sekula egindako beldurrezko lehena. Lehen bi denboraldiek hiru urte iraun zuten emisioan, eta sekulako ospea lortu zuten. Ostera, telesaila 1982an itzuli zen La 2 katera, koloretan, zentsurarik gabe eta modu esperimentalagoan. Guztira, 29 atal izan zituen antologia formatuan, amaiera propioa zuten istorioek, eta Ray Bradbury edota Edgar Allan Poe kultuzko artisten lanen egokitzapenak ziren batzuk, gidoi propioak beste batzuk.

Historias para la frivolidad, Historias para pensar... Chichoren kontzeptuak hainbat aldaera izan zituen urrezko urte haietan eta XXI. mendean ere izan du jarraipenik. 2005ean Películas para no dormir estreinatu zen, Ibañez Serradorren gidaritzapean, Espainiako sei zinemagilek izu eta suspense giroko filmak zuzendu zituzten, bakoitzak berea; tartean, Alex de la Iglesia, Enrique Urbizueta Paco Plaza.

Formatu horri tiraka plazaratu du orain Amazon plataformak Historias para no dormir modernoa, eta 2019an hildako Chichoren omendaldi gisa uler liteke. Ia mende erdi geroago, telesailaren atal klasiko bana eraberritzeaz arduratu dira Rodrigo Cortes, Rodrigo Sorogoyen, Paco Plaza eta Paula Ortiz. Unibertso horretako pieza bat gidatu duen lehen emakumea da Ortiz, eta berak eguneratu du, hain justu, El asfalto atal ezaguna, 1966an gidoi onenaren saria irabazi zuen Montecarloko Telebista Jaialdian.

Paco Plaza, REC saga ezagunaren sortzailea, berriz, nobedade da aurten Donostiako Zinemaldian lehiatu den La Abuela filmarengatik. Berak zuzendu du Freddy atala. Egokitzapen horrek aparteko interesa du, izan ere, Plazak 1982an girotu du kontakizuna, porrot egin zuen Ibañez Serradorren proiektu bateko filmaketa setean, eta bertako barne istorioa birpentsatu du. La broma eta El doble dira gainerako bi atalak, eta bertan ikus ditzakegu teknologia aurreratuekin diseinaturiko maskara eta itxitura sofistikatuak, egungo munduaren metafora.

Garai berrietara egokituta

Kultuzko proiektua nola birpentsatu izan da sortzaile berrien ardura nagusietako bat. Chichoren jatorrizko planteamenduak hainbat antzekotasun zituen The Twilight Zone eta Alfred Hitchcock Presents klasikoekin, atalen aurkezpenetik hasi eta narrazio estiloraino. 16 milimetroko kamerekin filmaturiko zuri-beltzaren artisautza eta espiritu dramatiko iluna bazterrean geratu dira 2021eko egokitzapen honetan, baina jorraturiko gai nagusiek bizirik diraute.

Komunitateko bizitza, autoritatea eta obedientzia, emakumearen menpekotasuna, moldatu gabeko gazteria, administrazio publikoaren eraginkortasunik eza... diktadura garaian islatu zituen Ibañez Serradorrek afera hauek eta gehienek aktualitateko izaten jarraitzen dute.

Historias para no dormir garai bateko Espainiaren ikono izan zen, fikziozko ikus-entzunezkoen erreferentzia ukaezina. Bertsio eraberritu hau ate bat izan liteke, belaunaldi berriek Chichoren obra ezagutu dezaten. Eta hau ez da hemen amaitu, 2022an Cesc Gay zuzendari kataluniarrak Historias para no contar filma plazaratuko baitu.

'HISTORIAS PARA NO DORMIR'
Sortzaileak: Rodrigo Cortes, Rodrigo Sorogoyen, Paco Plaza, Paula Ortiz.
Aktoreak: Eduard Fernandez, Raul Arevalo, Vicky Luengo, Miki Esparbe, Inma Cuesta.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Izua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.