Alaves 3-1 Athletic

Ez du ezertxo ere aldatu

Alavesek gozatua hartu du Athleticen bizkar, sasoiko azken euskal derbian. Partida asko baldintzatu du Kepak atsedenaren atarian egindako huts batek

Iñigo Martinez Athleticekoa, Alaveseko Guidettiri baloia kendu nahian atzoko norgehiagokan. JUANAN RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Guidetti (43. min). 2-0: Munir(59. min). 3-0: Ibai (77. min). 3-1:Muniain (79. min).Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Alaveseko Maripan eta Munirri; eta Athleticeko Beñat, Sabort, Yerairi, San Joseri eta I. Martinezi. Bestelakoak. 19.459 ikusle Mendizorrotzan.

Umore eta dinamika oso ezberdinean iritsi ziren Alaves eta Athletic atzoko partidara. Olatu aparretan ziren arabarrak; beheraldian murgilduta, berriz, bizkaitarrak. Bada, derbiak ez zuen ezertxo ere aldatu. Alavesek dena izan zuen alde: zortea, eraginkortasuna, giroa... Lehia distiratsua jokatu gabe, emaitza paregabea lortu zuen. Hala, modurik onenean amaitu zuen sasoi honetako lana Mendizorrotzan. Athleticek, aldiz, ez zion etekinik atera minutu askoan izaniko nagusitasunari, eta garesti ordaindu zituen atzean egindako hutsegiteak.

Partidari dezentez hobeto ekin zioten zuri-gorriek. Bigarren jardunaldiz jarraian, hiru defentsako sistema ezarri zuen Zigandak, Saborit eta De Marcos hegaleko luze moduan ipinita. Bada, arabarraren barneraldiak etengabeak izan ziren eskuin hegaletik, eta sufritu egin zuen Alavesek. Williams ere zorrotz aritu zen. Harena izan zen zuri-gorriek lehen zatian izan zuten aukerarik garbiena: arean tokia egin, eta pasea eman zuen atzera Muniainek, eta Williamsek langara bidali zuen baloia.

Geroago, Adurizek gelditu on bat egitera behartu zuen Pacheco, areaz kanpoko jaurtiketa batekin. Eroso aritu zen Athletic, baloia bere eginda. Alaves atzean sartuta izan zen, eta ez zuen asmatu jokaldiak harilkatu eta arriskua sortzen. Atepean arrats lasaia ari zen izaten Kepa, harik eta 42. minutuan hanka sartu zuen arte. Baloia zabaltzeko orduan, Guidettirekin egin zuen topo, eta errebotea zuzenean ate barrura joan zen. Athleticek baino dezente gutxiago eginda aurkitu zuten saria etxekoek.

Atsedenetik bueltan, bestelako itxura hartu zuen partidak. Baloia Athleticena zen oraindik ere, baina erasoan argitasun handiagoa izan zuen Alavesek, Munirrek gidatuta. Aurrelariak sekulako gola sartu zuen 59. minutuan, faltaz; baloiari gurpila eman, eta maisuki gainditu zuen Kepa. Hori gutxi ez, eta 76. minutuan hirugarrena sartu zuen Ibaik, Yerayk Pedrazaren erdiraketa bat gaizki urrundu eta gero. Gozatu egin zuten arabarrek; sufritu, aldiz, bizkaitarrek. Muniainek 3-1ekoa sartu zuen 78. minutuan, kolpea apur bat arintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.