HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Muga guzien gainetik'

Kronika beltza

Idazlea: Xalbat Itzaina. Ilustratzailea: Paxkal Bourgoin. Argitaletxea: Ikas.

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Migratzaile izatearen patua gero eta zabalduago gertatzen ari den garaiotan, zentzukoa dirudi literaturak gai honi heltzea. Esaterako, Afrika erdialdetik Europara datozen gazteen kasua, ibilbidearen epikagatik ez ezik, gure artean abandonaturik nola dabiltzan ikusita.

Hain zuzen, gazte horien bidaia harrigarria erretratatu nahi izan da Muga guzien gainetik eleberrian, fikzioaren eta anekdotaren artean mugitzen den kontakizunarekin.

Egiturari jarraiki aztertuko dugu liburua:

Lehenik, pertsonaia nagusien aurkezpena egiten da, taula batean. Izenaren azpian adina ematen da, eta, segidan, futbol zaletasuna zenbatekoa duten, eta estereotipo zurrun batzuen araberako adjektibo bat-bi esleitzen zaie. Gerora deus gutirako balioko duen informazioa.

Bigarren atala Malitik Tripolira arteko bidaia da, bost bat mila kilometrokoa, autobusez lehenik eta pick up-etan ondoren osatuko dutena. Narratzailea ibilbideko mugarrietan aritzen da, pertsonaien gogo-bizipenetan arakatu gabe. Zertzelada batzuk baino ez, futbolaz eta erlijioaz.

Hirugarren atala Tripoli hiriko egonaldia da. Sorlekutik urrun, Afrika beltzeko anaitasuna topatu ezinik, gero eta gertaera desatsegin gehiago bizi dituztelarik. Deskribapenetik adierazpenetik baino gehiago duen kronikan emana, jakiten dugu lan egiten jartzen direla, diru beharrak akuilatuta. Eta patu oso desberdinak bizi arren, emozioen agerpenik kasik ez dago. Hona pare bat adibide: bidaide neskaren bortxaketa bi lerro dira, ez gainera bere aho-pentsamendutik emanak; lan on bat lortzen duen kidearen kontakizunak eta esklabotzan ari denarenak, biak ere berdin agertzen dira, axaletik.

Laugarren atala ildo beretik doa: itsas zeharkaldiko gertaeren kronika da, narratzaile orojakileak emana, intentsitate berean adierazten duelarik azantza amaitu zaiela, eta kareletik erorita bost kide hil direla.

Azken atala Lanpedusako eta Palermoko migratzaile guneetan garatzen da. Jada bi kide baino ez dira, Jalil eta Nura, narratzaileak ez digularik deus erraten beste bien patuaz. Hirugarren kide berri bat elkartzen zaie, Kiran afganiarra, eta kontakizuna amaitzen da manifa arrazista baten karietarat Jalilen pentsamendu honekin: «Amak etxetik igorri nau hona, bidea izugarri zaila eta luzea izan da, lagunak bidean galdu ditut hain segur, eta orain, ohartzen naiz sekula ikusi ez ditudan gazte batzuek jo nahi nautela, eta berriz Afrikara igorri».

Liburua eskolako gaztetxoek lantzeko sortu dela jakinik, agian ez du inporta literatur balioetan eskas dagoela adierazteak. Onartu behar zaio eztabaida eta hausnarketa motibo nahikoa ematen duela. Niri behintzat epilogotzat erantsi den Jalilen amarentzako gutunak zer pentsatua eman dit, amets europarraren iraunaraztea afrikarrentzat zein etxekalte den agerikoa denean, zein kontrakoa Patrice Lubumba eta enparau Afrikazaleek amesten zuten Afrikar batasunaren ideiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.