Mingain urdina eta txertoa

Jose Javier Sestorain eta Mirian Otxotorena
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Berriro ere, iritsi da gure etxeetara administrazioaren gutuna. Atlantiar isurialdean mingain urdin kasu bat (08 aldaera delakoa) agertu dela-eta Espainiako Nekazaritza Ministerioko datuen arabera, azkena 2020an Baztanen agertutako kasua dugu, beste behin behartu gaituzte gure artaldeak zein behiak txertatzera. Hau horrela, gure ezinegona eta desadostasuna adierazi nahi dugu.

2020. urtean kasu bat azaldu izanagatik erabaki hau modu sistematikoan hartzea gehiegizkoa dela iruditzen zaigu, are okerrago momentu honetan egitea. Alde batetik, negu sarreran, eltxo gutxien dagoen garaian egiten delako; beraz, transmisiorako arrisku gutxien dagoen garaian. Eta, bestetik, azienda erditzen ari denean edo erditzekotan denean jartzen delako, horrek eragiten dituen ondorioekin: aziendak sufritu egiten du, azienda-buru gehienak erabat gortuta gelditzen dira gutxienez hiru egunetan, eta kasu batzuetan umatzeak aurreratzea ere ekartzen du.

Derrigortzea beti zigorrarekin, mehatxuarekin eta xantaiarekin lagundutaetorri ohi da: esaterako, txertatu ezean, giak ateratzeko debekuarekin, hau da animaliak salerosteko oztopoarekin.Erabaki hau hartuz gero, mugaz hegoaldera giak egitea oztopatzen zaigun bitartean, eta hortaz salerosketa oro trabatzen era berean mugatik honat, iparraldetik axuriak ekartzen dituzte. Iaz mingain urdin kasu gehienak Ipar Euskal Herrian izan ziren. Eta, hala ere, Frantzian, barne merkatura bideratutako animalien kasuan txertoa hautazkoa izan zen eta da gaur egun, bakarrik esportaziora zuzentzen diren animalientzako derrigortzen dutelarik. Nafarroan, berriz, ez da bereizketarik egiten. Ganadua esportaziora edo bertako elikadura sistemetara bideratu, bi kasuetan derrigorrezkoa da. Zer ulertu behar dugu jokabide honekin? Hemengo administrazioak farmazia-industriari salduak daudela, akaso?

Jokaera honen harira, adierazi nahi dugu nazkatuta gaudela jarrera paternalista hauekin eta beti mehatxupean ibili behar izateaz. Ezin ote ditugu abeltzainok gure kabuz erabakiak hartu? Zergatik egon behar dugu beti beldurpean?Non gelditzen da gure erabakitze askatasuna, gure burujabetza? Nabari da inposaketaren kultura hezurretaraino sartuadugula, administrazioa agintekeriazeta zigorren erasoz zuzentzen baitzaigu beti.

Bukatzeko, honatx Nafarroakoadministrazioari egiten dizkiogun bi eskaera: bat, mingain urdinaren txertoa, Frantzian bezala, barne merkatura zuzendutako aziendaren kasuan hautazkoa izatea eta derrigorrezkotasuna ezartzekotan esportaziorako ekoizpenari jartzea; bi, txertoa jartzeko garaia animaliak antzu daudenean izatea, hau da, ardien kasuan bederen uda sarreran, gaixotzeko etagaitza zabaltzeko arrisku handiena orduan izaten baita eltxoen ugaritzearekin batera.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Jose Angel Azpiroz, Roberto Urrutia Atienza, Amaia Iturriria, Jurgi Goikoetxea, Francisco Javier Laguardia Barriocanal, Marina Collado Horcajada, Sergio Cobo Peligrin, Javier Iribarren Ibarra, Ignacio Suescun Hualde, Raul Serrano, Miguel Iribarren Ibarra eta Xabier San Jose Dominguez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.