Euskara bidegurutzean? Bide bazterrean, izatekotan

J.J. Agirre eta Gilen Mejuto
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Erdal nagusikeria linguistikoa oso hedatuta dago Euskal Herrian, euskaldunon menpekotasunerako joera ikasia bezainbeste, baina ez dago horren aurkako ekimenik eragile abertzaleen aldetik, eta euskalgintzaren erantzuna ere gero eta epelagoa da, bide instituzionalean tematuta. Bigarren mailako herritarrak gara euskaldunak EAEn, baita abertzaleek gidatutako erakunde gehienetan ere. Españolek/frantsesek gidatutakoetan, hori ere ez gara, edo, hobeki esanda, desagerrarazi beharreko jendeak baino ez, disimuluarekin EAEn, baina lotsagabe Nafarroan eta Iparraldean, debekua eta erdeinua bata bestearen atzetik, aginte organoetatik bertatik.

EAEko aginte politikotik eta bere ingurutik zabaltzen diren mezuak baikorrak dira: «gero eta euskaldun gehiago gara», baina hizkuntzaren osasunaren adierazle nagusia, euskararen erabilera, ez da hazten, eta herritarroi leporatzen digute erabileraren bilakaera kaxkarra, haien «ahaleginak ahalegin». «Erakundeek ezin dute dena egin» irakurrita gaude behin baino gehiagotan, lotsaz.

Izan ere, EAEko erakunde nagusiek garatzen duten (euskararekiko) hizkuntz politika oso kaxkarra da arlo gehienetan, Eusko Jaurlaritzatik bertatik hasita.

EiTB: Eusko Jaurlaritzak erdarazko kateak saritzen eta lehenesten ditu lotsa gabe, euskarazkoetara askoz baliabide gutxiago bideratuz. Emaitzak inbertsioaren araberakoak dira, noski. Gainera, euskarazko kultur ekoizpenaren eskaintza bazterrekoa da, baita euskarazko kateetan ere. Euskadi irratian bertan euskal musikarekin gertatzen dena ez sinisteko modukoa da: musika-saio nagusietan euskal musika zeharo bazterrekoa da edo hutsala! Eta erdal kateak zertarako aipatu...

EAEn eta Nafarroan ia ez dago gizarte-sareetan euskaraz diharduen politikari konstituzionalistarik: Arriolak tira, Anduezak oso gutxi... eta kitto.

Aldiz, ordezkari abertzale guztiek erabiltzen dute espainiera, gehien-gehienek euskara baino gehiago, eta batzuek espainiera soilik edo ia. Bestela esanda, ordezkari abertzale gehienek ere, inposatzen zaigun hizkuntzaren aldeko aukera librea egiten dute, hara non!

Ez zaigu iruditzen herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko eredurik onena, bada...

Poliziari «buenos días» aukeran

Ez gara soilik Espainiako Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari buruz ari. Gezurra badirudi ere, Ertzaintzarekin eta Udaltzaingo ezberdinekin ere, sarri-sarri espainolez jardun beste aukerarik ez dugu izaten. Ertzaintza eta udaltzaingoak alderdi abertzaleen, bereziki EAJren ardurapean daude gehientsuenak. Agintari estimatuok, poliziek herritarroi erdaraz eginaraztea ez da euskararen erabilera sustatzeko teknikarik eraginkorrena, gure uste apalean...

Hamaika adibide gehiago ekarri ditzakegu, baina beharrezkoa da? Hizkuntz politika errotik aldatu behar da EAEn.

Nafarroan eta Iparraldean, horretarako indarrik ezean, erresistentzia antolatu beharra dago bizirauteko... eta EAEko eragileek zer esan handia dute zeregin horretan.

Erakunde abertzaleak euskaltzaletzea premiazkoa da, menpekotasunetik inoiz aterako bagara.

Euskalgintza autonomoa eta ausarta ezinbestekoa dugu. Behar denari, alderdiei, sindikatuei eta bestelako erakundeei, bereak eta bost esango dizkiena, behar denean.

Ezin egokiago adierazi zuen euskaltzale batek BERRIAn duela aste batzuk:

«Politikari euskaltzale konprometituak lortu behar ditugu... hizkuntza politika folklorikotik, euskaldunon eskubideak defendatuko dituen hizkuntza politika batera pasatzeko eragin nahikoa edukiko dutenak».

Horretarako antolatu eta bultza egin beharko dugu. Halakoak ez baitira berez sortuko.

Eta norabide horretan ekiten ez badugu, hortxe geratuko gara, bide bazterrean, ahaztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.