Amatasuna versus Gizartea

Bedats de Miguel Olaziregi, Nerea Gomez Oiarzabal, Nahia Alkorta Elezgarai eta Haizea Calvo
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Emakumea une eta testuinguru askotan da zapaldua zoritxarrez, askotan ez baita bere nahia errespetatzen. Hori jazotzen den egoera bat amatasuna izan daiteke, erditzeko momentutik erdiondoko hurrengo urteak arte. Azkenaldian, lehenagotik dagoen arren, COVIDa dela-eta asko entzuten ari gara ama izatea erabakitzen duten askok jasaten duten indarkeria obstetrikoa. Haurdunalditik hasita, emakumeen desioak menderatuak izaten dira (lanean bajak eskatzeko beldur, mediku azterketa hotzak edukiz...), besteen esku geldituaz aurretik erabaki duzun guztia.

Erdiondoan ere, ez dakigu etiketaren baten pean sailkaturik dagoen, baina ama jaioberri bezala gure haragitan bizi eta sentitutako min sotil bat dago, horrekin gizarteak amatasuna asko zailtzen duen mina hain zuzen ere. Izan ere, Estitxu Fernandez psikologo perinatalak Osoigo atarian egin zuen indarkeria obstetrikoaren aurkako sinadura bilketan aipatu bezala, «une honetan, gutxi gorabehera haurrak bi urte inguru bete arte, amaren garuna izugarrizko aldaketa prozesuan dago, emozio eta zentzumenak anplifikatuak ditu, eta bizitzen duen edozein egoera bortitz (erritmoak ez errespetatzea, erabakitzen ez uztea, objektu bat balitz bezala tratatzea, hitzezko tratu desatseginak...) traumatikoa izan daiteke. Garrantzitsua da azpimarratzea emakumea momentu zaurgarri batean dagoela, ez txikitasun egoera batean».

OMEren hitzetan, osasuna ez da soilik gaixotasunik eza, ongizate psikologiko, fisiko eta soziala ere izan baitaiteke. Beraz, kontuan hartzekoa da zein garrantzitsua den une honetan amaren ongizatea, honekin batera txikiarena ere arriskuan jartzen baita. Horregatik, ingurukoen babes eta goxotasun guztia behar du emakumeak bere umea dagokion bezala zaintzeko.

Hain zuzen ere, hor dago gakoa: denok amatasuna zorionez berdin bizi ez badugu ere, askotan edo gehienetan hori ez da kontuan hartzen eta inolako arretarik gabe amaren eta haurraren arteko harreman horren tartean sartzen da jende asko, norbere nahiari begiratuz, ama edo haur horrena begiratu beharrean (amari besoetatik hartuz, inork eskatu gabeko bere iritzia emanez, ama horren denbora ez errespetatuz, amatasun horretan perfekzionismo bat eskatuz, oraindik tripa duela esanez...). Zer helbururekin egiten da hau? Norberak bere etxean eduki duen heziketa ama horrek ere berean eduki dezan?

Ohartu beharko genuke gizakia ugaztuna dela eta, animalia hauek bezala, guk ere ama izan berri baten sena dugula, eta animaliei kumeak kentzen ausartzen ez garen bezala edo egin beharko ez genukeen bezala, gizakion kasuan ere, emakumeak berdin errespetatu beharko liratekeela. Bakoitzaren heziketa erakusteko egiten bada ere, gaur egun, zorionez, emakumeok honen inguruan formatzeko aukera handia izaten dugu; zer den nahi duguna aldez aurretik ezagutu eta erabakitzeko, eta, bestela, galdetzeko gaitasuna ere badugu. Seguru konturatu gabe egiten den zerbait izaten dela, eta ez modu txarrean egindakoa, baina bada garaia emakumeon inguruan inertziaz egindako gauza horiek guztiak aldatu eta gizarte berri bat sortzeko.

Haurrarentzat askotan besoak sobera egoten dira, eta amarentzat, faltan. Zer gertatuko litzateke umea hartu beharrean emakume hori besarkatuko bagenu bere kezka guztiak askatzeraino? Edo zer moduz dagoen galdetuko bagenio, erantzunarentzako benetako tartea utziz? Edo norberaren istorioak partekatuko bagenitu, bizitzen duguna ez dela arraroa erakutsiz? Zaindu dezagun elkar emakume guztiok eremu eta momentu guztietan, elkartasun horrek indartsuago egiten baikaitu, eta aldatu dezagun dugun gizarte hau amatasuna errazagoa izan dadin. Beti esan izan ohi baita etorkizuna gaur egiten dugunaren ispilu dela, beraz, erein dezagun etorkizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.