Gizon on eta zuzen bati gorazarre

Fernando Arburua Iparragirre eta Oihana Barrios Salinas
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Justo Atristain Gorosabelzuen grazia. Izenak adierazten duen bezain zuzen eta zorrotza, bi zentzu semantikoetan. Ofizioz eta bokazioz, medikua. Ahots baxu eta lasaikoa. Orain lau urte isiltasunean zendua. Langile isil, apal, fin eta setatia; elkartasunez leporaino betea. Kartzeletako harresiak ongi ezagutzen zituena bere laguntza-lan afanetan; hainbertze eta hainbertze preso lagundu zituena, lagundu gintuena, hamarkada luzeetako ibilbidetan. Serio eta lagunkoi. Beti prest. Beti erne gordeleku ilunetako oinaze deiadarrei so.

Orain berrogei urte hasitako bere, haien, laguntza lanean —Justo, Jabi, Joxe, Krispin zena koinata...— azken eguna arte iraun zuena. Bihotz zimikoek eraginda, isil, apal eta temati iraun zuen bere elkartasun-maitasun afanetan, gaitzak hartu eta beti bezain isil eta temati joan zitzaigun arte; baina bere ekintzen burrunba betirako geratuko zitzaigun bihotzean.

Eta bere egitateen danbadek luze jotzen gaituzte oraino garai likido hauetan non elkartasuna, konpromisoa, barne sentimendu eta konbentzimenduekiko leialtasuna, behartsuekiko edo zapalduekiko enpatia eta horien gisako kontzeptuak guziz debaluatuak dauden. Indibidualismoa nagusi den jendarte honetan non egunetik egunera zabaltzen, hedatzen, bultzatzen, proiektatzen, lehenesten, hauspotzen eta saritzen diren krisi pertsonalak, penak, lan militanteari buruzko barne egonezinak, zalantza pertsonalak eta gisa horretako kontzeptuen aldarrikapenak.

Bazuen helburu bat: sufritzen zuten pertsonen sufrimendua borrokatzea eta oinaze behartuak garaitzea. Bazuen konbentzimendu bat: bere eta bera bezalakoen lana guziz beharrezkoa zela zigor eta urraketa krudelak jasaten dituzten presoen egoera leuntzeko. Hori zen bere laguntzeko era. Hori zen bere maitatzeko era. Luzea zen, bere konpromiso maila erraldoia kabitzeko gisan. Zorrotza zen, bere buruarekiko eta inguruarekiko. Langilea zen, nekaezina, lan ikaragarriaren tamaina berekoa eta bere lagunekin batera —Jabi, Joxe, Krispin zena koinata...— hasi zen elkartasun haria ehuntzen. Elkartasunezko zilar-hari baten hasmentako muturra osatzen zuten, eta segida luzea izan dute: ...Mikel, Koldo, Iñaki, Sara, Jabi, Endika, Olga, Kiran, Maritxu, Alex, Elizabeth.... Boluntarioki, nihork agindu gabe bete zuten eta betetzen jarraitzen dutenak haien kontzientziak galdetzen diena. Sariaren beharrik gabe. Aldarrikapen mediatikorik gabe. Baldintza negargarrietan aunitzetan. Bihotzak, eta bertze nihork, agintzen dienari kasu eginez betiere.

...Miren, Amaia, Mati, Esti, Ana, Mari Kruz, Unai, Jose Mari, Oihana, Markel, Itxaso, Nerea, Xabier.... Ezti tantak zapalketa krudelaren artean; sendagaiak oinaze gatibuaren erresuman; ausartu zirenak Izuaren gordelekuetako eremu lazgarrietan sartzen, atzapar beltzetan harrapatu berriei presentzia askatzaileak eskainiz, torturaren orbanak fiskalizatuz; senideen kontsolagarri; espetxe sistema hertsi krudelaren salaketari... Ixone, Nagore, Olatz, Inma, Ainara, Luis, Gorka, Jon, Esther... Hamaika aldiz isilduak, bertze hainbertzez debekatuak. Beti lanean, beti prest, beti present. Irribarre batekin, borondate tinko batekin kartzelarien traba eta mehatxuen aintzinean... Aitor, Garazi, Nahia, Marian, Gorka, Juan, Joaquin, Fernando, Rafa, Josean, Arantza, Jose Agustin...

Justo, Jabi, Joxe, Krispin zena koinata... Kartzelak, distantziak eta bihotzak gurutzatuko zituen elkartasun zilarrezko hari baten hasmenta.

Justo Atristain Gorosabel zuen grazia, gizon on eta zuzena zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.