Hamaika jokatzeko jaioak

Ezkurdiak eta Altuna III.ak lau eta erdiko finala jokatuko dute gaur Bilbon. Hamar aldiz aritu dira elkarren aurka: Amezketakoak sei aldiz irabazi du, eta Arbizukoak, lautan; bitan finalean

Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, joan den ostegunean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, finalerako pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Pilotak baditu arrastoa utzi duten zenbait norgehiagoka: Julian Retegiren eta Ladis Galarzaren artekoak, Patxi Eugiren eta Ruben Belokiren artekoak, eta Aimar Olaizolaren eta Juan Martinez de Irujoren artekoak, besteak beste.

Azken urteetan beste lehia bat hartzen ari zaie lekukoa horiei: Jokin Altunaren (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) eta Joseba Ezkurdiaren artekoa (Arbizu, Nafarroa, 1991). Askotan jokatu dute elkarren aurka: buruz buru, binaka eta lau eta erdian. Baten eta bestearen adina kontuan hartuta, beste hamaika aldiz ariko dira elkarren kontra.

Euren arteko lehiak inon goia jo baldin badu, lau eta erdian jo du. Hamar aldiz jokatu dute elkarren aurka modalitate horretan: bost aldiz Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL) antolatutako txapelketan, eta beste bost aldiz Nafarroakoan. Sei aldiz nagusitu da Altuna III.a, eta lau aldiz Ezkurdia.

11. aldiz ariko dira gaur, Bilbon, Bizkaia frontoian (17:00, ETB1). Finala jokatuko dute, elkarren arteko hirugarrena. 2018an eta 2019an ere aritu ziren elkarren aurka txapela jokoan zegoela. Iruñean izan zen, Nafarroa Arenan, eta Ezkurdiak irabazi zuen bietan: 22-17 eta 22-18, hurrez hurren. Bi txapel horiek ditu lau eta erdian. Hiru ditu Altuna III.ak: 2017koa eta azken bi urteetakoak. Nagusi dira biak: azken bost ekitaldietan irabazi du bietako batek txapela. 2016an jantzi zuen azkenekoz beste batek: Oinatz Bengoetxeak; 22-21 irabazi zion Altuna III.ari finalean.

Amezketakoak zazpigarren finala du jarraian lau eta erdian. Ikaragarria da. Inork ez du egin halakorik. Olaizola II.ak, Eugik eta Irujok zortzi final jokatu zituzten, baina gehienez lau bider aritu ziren jarraian —Eugi bitan aritu zen lau aldiz segidan—. Altuna III.ak Ezkurdiari irabaziz gero, atzean utziko lituzke Irujo, Eugi eta Jorge Nagore —hiru txapel dituzte—, eta Retegi II.arekin berdinduko luke, lau txapelekin. Olaizola II.a bakarrik izango luke aurretik, zazpirekin, baina goizuetarrak hiru txapel zituen Altuna III.aren adinarekin, eta 29 urterekin irabazi zuen laugarrena. Modalitate guztiak kontuan hartuta, zazpigarren txapela luke amezketarrak: beste bi ditu buruz buru, eta bat binaka.

Laugarrena edo hirugarrena

Arbizuarrak, berriz, hirugarren txapela nahi du lau erdian, eta Altuna III.aren pare jarri. Bosgarren txapela luke guztira: bi irabazi ditu binaka.

Finala jokatuta, Altuna III.ak eta Ezkurdiak hasierako usteak bete dituzte: haiek biak eta Unai Laso ziren faboritoak. Baina ataka estuan egon dira biak. Peio Etxeberria eta Aitor Elordi haien nagusitasuna hankaz gora jartzear egon dira. Final-laurdenetako ligaxkan, Elordik Ezkurdiari irabazi zion lehen lehian, eta Peio Etxeberriak beste horrenbeste egin zuen Altuna III.aren aurka bigarrenean. Baina, txapeldunen moduan, ataka estuan zeudela eman dute onena: Ezkurdia Danel Elezkanori (22-12), Lasori (22-11) eta Peio Etxeberriari (22-14) irabazita sailkatu da finalerako; Altuna III.a, berriz, Dario Gomezi (22-3) eta Elordiri (22-7) nagusitu zaie. Biak sasoi betean harrapatuko ditu finalak.

Nekez egon daiteke sekreturik horrenbeste alditan elkarren aurka jokatu duten bi aurkariren artean. Ia ezinezkoa da batek bestea ezustean harrapatzea. Oso ondo dakizkite kontrarioaren indarguneak eta ahuluneak. Baita lau eta erdian irabazteko funtsezkoak diren gakoak ere. Biek azpimarratu dute agintzen duenak eta kantxaren erdigunea bere egiten duenak irabaziko duela. Garrantzitsutzat jo dute ondo sakatzea eta pilota gutxi galtzea ere. Frontoiak ere eman dezake zeresana. Nafarroa Arenan jokatu zituzten aurreko bi finalak; azkarra da, eta horrek mesede egiten dio Ezkurdiari. Bilbokoa, ordea, ez da horren azkarra, eta mesede egiten dio Altuna III.ari.

Ezkurdiak «faborito argitzat» jo du Altuna III.a, baita apustuek ere. Baina apustuak usteak dira, eta usteak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.