Behatzeaz eta bahetzeaz

Urdaibai Bird Center aitzindaria izan da natura behatzeko zuzeneko kamerak erabiltzen. Roy eta Landa arrano arrantzaleen egunerokoak eta haien txita albinoaren jaiotzak milaka bisitari izan ditu sarean. Teknologia berriek ematen duten aukera bat da, baina horiek egoki erabili beharraz ohartarazi dute.

Hartz arrea. Aitor Montes biologo eta argazkilariak Finandian ateratako argazki bat. AITOR MONTES.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Leiho bat da, norberaren etxean irekitakoa; naturara begiratzen duen leiho bat, lau hormen artera eramana»: horixe da haiek beren kameren bidez«eraman» dutena, Urdaibai Bird Centerreko biologo Edorta Unamunok azaldu duenez. Eta bueltan jasotakoa? Milaka interes eta galde, lekuko pribilegiatu bihurtu direnen interaktibitatea. Baina ohartarazpen batekin: helburua zientzia egitea da, datuak lortzea, jarraipena eta monitorizazioa egitea. Teknologia berriek bide ematen dute natura horrela behatzeko, baina jardunak modu kontrolatuen bahetuz.

Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga, Bizkaia) aitzindaria izan da kameren erabileran. Edorta Unamunok gogoan du nola hasi ziren Logitec zahar batekin. Enaren habian jarri zuten lehenengo hura, eta konturatu ziren jendea hasi zela «sartzen». Paduraren erdian jarri zuten hurrengoa, eta sekulako «arrakasta» izan zuen: «Animaliak ikusteko ez ezik, jendea sartzen zen zer eguraldi zegoen ikusteko, hondartzara joan edo ez erabakitzeko». Halako «elkar ekintza» bat sortu zen; gora egin zuen «nabarmen» bisitari kopuruak, eta hara non iritsi zen pandemia. «Jende guztia etxean, gu ere etxean... 'Zerbait egin behar dugu', pentsatu genuen. Zuzenekoak egiten hasi ginen, streaming bidez Youtubera igotzen... Eromena izan zen: 300.000 bisitari izan genituen. Telegram talde bat sortu zen, jendeak galdetu egiten zuen, elkarri erantzun, aportatu, partaide sentitu... Eta itxialdiko bisitari asko fidelizatu egin dira».

[YouTube]https://youtu.be/tOW1K1JhFSQ[/YouTube]

Beste urrats bat egitea erabaki zuten: arrano arrantzaleen etorrera berehalakoa zen; beste kamera bat erosi, eta iaz aukeratu zuten habiaren parean aurrez aurre jartzea erabaki zuten, apustu bat egitea. «Etortzen badira, ongi, eta etortzen ez badira ere, ongi». Otsailean jarri zuten kamera, martxoaren erdialdera etortzen direla jakitun. «Eta halaxe etorri ziren, puntual-puntual». Etorri, eta aurreko urteko habia berera, gainera. «Hura poza gurea. Eman genuen albistea, eta hasi zen jendea sartu eta sartu». Roy iritsi zen lehenengo; Landa hurrena, haien abenturak eta desbenturak, eta jendea etxetik haiei begira, kateatuta. Kapituluz kapitulu, gidoirik gabeko serie bat, eta intimitaterik gabekoa. Ugalketa, bikote harremana, arrautzak, kumeak, eta «ginga»: Zuri izeneko txita albino bat, munduan ezagutzen den lehena.

«Ez sinestekoa» egun horietan izan zuten bisitari kopurua. «Hilko zela, ez zela hilko... Hasi zen jendea webgunean sartzen, mezuak bidaltzen... Ez daukagu bisitari kopuru zehatzik oraindik, baina milaka eta milaka izan ziren. Begira, oraintxe bertan [astelehen bazkalostea da], 300 lagun daude habiari begira».

«Zientzia egitea» helburu

Hil egin zen Zuri, jaio eta hiru egunera, joan den larunbatean. Iragarri zuten ez zela erraza izango aurrera egitea. Baina Unamunok argi utzi nahi izan du habian kamera egotearen helburua hura «monitorizatzea» dela, «jarraipena egitea», lortzen ari diren datuak «sekulakoak» direla, eta ez dela bisitarien datuei buruz ari: «Datu base batean jartzen dugu arrano arrantzaleei buruzko guztia: arraina ekarri duen, jateko ordua zein izan den, iraupena, zer arrain, inkubatzen zenbat denbora... Lortzen den informazioa sekulakoa da. Baina horrelako kamera bat jartzen duzunean, kontziente izan behar duzu zertarako den eta nori jartzen diozun».

[YouTube]https://youtu.be/nprdq03e8yI[/YouTube]

Zertarako den garbi dauka: «zientzia egitea» da helburua, eta «modu kontrolatuan» egin behar da. Izan ere, orain hainbat tresna jarri dituzte natura behatzeko eta norbere albora ekartzeko, lehen ez zeudenak: webcamak, zoom ikaragarriak dituzten kamerak, droneak, sentsoreak, sakelako aplikazioak abisuekin... «Ez dakizu zelako fauna dagoen: hanka biko fauna», ohartarazi du Unamunok, eta pasarte baten berri eman du. Merezi du osorik ematea: «Igandean gertatu zitzaigun. Etxean nengoen, eta lagun batek deitu zidan. Pasieran zebiltzan Laida aldera. Habia ikusten da handik, eta, halako batean, non ikusten duten kanoa bat habiarantz hurbiltzen: bi pertsona kamera batekin. Builaka eta garrasika atera zituen jendeak handik. Atzera egin zuten, baina hurbildu zirenean arrano emeak utzi egin zuen habia, eta bakarrik utzi zituen txitak. Printzipioz, ez dago arazorik, bueltatuko da emea, baina bitarte horretan miru bat etortzen bada? Txita biak eramango zituen. Hori guztia aintzat hartu behar dugu. Pentsa: gu ere ez gara sartzen, eta honetan gabiltza».

Unamunok garbi dauka teknologia berriei esker lortu dutela jendeak etxetik eta eurek han bertan «sekula» ikusiko ez luketena ikustea, eta «molestatu» gabe. «Baina teknologia ongi erabiltzen baduzu bakarrik. Gaizki erabilita, zapuzten duzu habia eta zapuzten duzu zure filosofia guztia».

Errespetua eta ezagutza

Ramon Aranbarri argazkilariak «errespetua eta ezagutza» aldarrikatzen ditu. Eskarmentu handia du natura behatzen, eta garaiak «asko» aldatu direla dio: «Gu analogikotik gatoz, diapositiben garaitik. Orduan ez zegoen ez Internetik, ez argazkien digitalizaziorik. Aldizkarietan eta liburuetan argitaratzen ziren argazkiak, egutegietan, erakusketetan... Digitalak dena aldatu zuen. Jendeari gauzak erraztu zizkion».

[YouTube]https://youtu.be/mjah6jsVTKE[/YouTube]

Eta ez du txartzat gauzak errazte hori, baina bai jendeak egiten duen erabilera: nola jartzen dituzten argazkiak sare sozialetan «like-ak lortzeko helburu bakarrarekin, eta egoa puzte hutsagatik». Eta uste du galdu egin direla «argazkilariaren errekonozimendua, argazkia lortzeko sartutako denboraren balioa...».

Augur Nature izeneko enpresaren sortzaileetako bat da Aranbarri. Ornitologiaren inguruko turismoak indarra hartu duela dio. Urturiko (Araba) golf zelaiaren inguruetan bi begiratoki dituzte jarrita. Hainbat argazkilari eta ornitologo joaten dira kanpotik, batez ere, neguan: «Orain txoriak ugaltze garaian daude». Hortxe gakoa: «Izan ere, jakin behar duzu zein den animalien biologia; jende askok hori ez du egiten, eta ez daki. 'Basoilar bat nahi dut atera', esaten dute. Bai, baina informazioa bildu beharko duzu hari buruz: noiz ugaltzen den, noiz erruten dituen arrautzak, babestutako espeziea den... Espezie batzuei argazkiak ateratzeko, baimenak behar dira, eta baimen horiek eskatu eta lortu egin behar dira».

[YouTube]https://youtu.be/0h24K8w1pws[/YouTube]

Aitor Montesek ezagutzen ditu Urturiko begiratokiak, eta «ongi egindakoaren eredu» direla dio. Biologoa eta argazkilaria da (www.aitormontes.com), eta esan du basa bizitzaren argazkilaritza «oso tresna potentea» dela naturaren kontserbaziorako: «Ez du ordezkatuko ebidentzia zientifikoa, baina gizartea bideratu dezake zientziari laguntzera».

Montesek ere nabaritu du azken boladan gertatzen ari dena: nola joaten den jende asko«animaliaren bila», sare sozialetan gero beren «argazkitxoa» edukitzeko. Eta ez du ukatzen behaketara dedikatzen diren enpresen artean ere badirela liskarrak eta badagoela lehia. Leonen (Espainia) okil beltzaren (Dryocopus martius) inguruan gertatutako pasartea ekarri du gogora: «Bi enpresa daude han animalien argazkilaritzara dedikatzen direnak, eta, euren arteko liskarrengatik, egun batean okilak habia egiten duen makal beltz bat botata agertu zen».

Onura ekonomikoa

Montesek dio okerreko jardun horiek eta enpresen arteko lehia horiek ez dakartela batere onurarik, baina egiten dena modu kontrolatuan egiten denean lagundu egiten dela «naturaren kontserbazioan», eta indar handia hartzen duela «aktibitate sozioekonomikoak». Izan ere, maiatzean Ecological Economics aldizkarian argitara emandako ikerketa baten arabera, ugatzen eta putreen behaketak urtero Pirinioetan sortzen duen inpaktu ekonomikoa 4,4 milioi eurokoa da. Horregatik dio Montesek: «Aktibitate kontrolatua bada, nahiz eta komertziala izan, onurak ekar ditzake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.