EAJren azalpenen ostean, Arabako Errioxako jatorri izen berriak urrunago dirudi

Aitor Estebanek argitu du ez duela jarri egitasmoa baldintza gisa PSOErekin duen aurrekontuen negoziazioan. Auziak histeria eragin du Logroñon

xabier martin
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Arabako Errioxako izendapen berri bati atea zabalduko liokeen lege aldaketak PSOEren babesa eduki beharko luke, Espainiako Kongresuan, datorren asteartean, baina EAJko diputatu Aitor Estebanek argitu du ardogintzaren alorreko lege proposamena ez dagoela alderdi bi horien arteko aurrekontuen negoziazioaren baldintzen artean. Beraz, indarra galdu du Errioxa sor-markaren barruan egonda ere Araban izendapen propioa eratzeko aukerak, eta Logroñon monopolio gisa kudeatzen duten izendapenaren kontseilutik askatzea ez da hain erraza izango, seguruenera.

Dena den, Madrilgo Kongresuak hilaren 30ean bertan argitu beharko du aintzat hartzen duen ala ez EAJk aurkeztu duen lege egitasmoa. Autonomia erkidego bat baino gehiago hartzen dituzten jatorri izenetan eremuko izenak sortzeko atea irekiko luke araudi berriak, adibidez Bordeleko sor-markan gertatzen den antzera.

Bien bitartean, Errioxan izu-laborria zabaldu du aukera horrek. Eztabaida politikorako hizpide nagusia da ardoa aspaldian han, Arabako ardogileak aspalditik saiatzen ari baitira askatasun handiagoa lortzen sor-markaren barruan. Europako erakundeen leihatilan dagoen sor-marka berri batek leherrarazi zuen ardoaren gatazka bere gordinean: Abra Arabako upategi txikiek sustatutako Arabako Mahastiak izenak; eta, orain, berriz, Errioxako alderdien eta jatorri izenaren beraren histeria beste koska bat igoarazi du EAJren lege egitasmoak, nahiz eta Esteban diputatuak aurrekontuen negoziaziotik kanpo utzi duen gaia.

PPk aurreratu du bere ezezkoa, eta PSOEk ez du jakinarazi oraindik bere «lehentasunezko bazkidearen» egitasmoaren alde egingo duen, baina EAJko diputatuaren azalpenarekin uler daiteke nekez aterako dela aurrera Arabako Errioxako sor-markari bidea emango liokeen lege aldaketa.

Ahulguneak

Arabako kontseilu berri batek Errioxako ardoaren kudeatze osoa hartuko luke bere gain Araban: zenbat landatu, ardoa nola azaldu, uztak nola izendatu... Hau da, Logroñoko botere gunea atzean utziko luke. Jatorri izen berri bat litzateke, baina Errioxa sor-marka galdu gabe. Kontseilu hori Eusko Jaurlaritzaren aterkian geratuko litzateke, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste edozein sor-markarekin gertatzen den modura.

EAJk dio Araban kontseilu berri bat sortzeak ez lukeela «ezer hautsiko» Errioxako sor-markaren barruan. «Prestigio handiagoko eredu bat» eraikitzen lagunduko luke horrek, Esteban diputatuaren alderdiaren arabera. Baina, hain zuzen, horren beldur dira Errioxako upategi handiak, Grupo Rioja buru dela. Nahiago dute denek zigilu berarekin aritu, desberdindu gabe eskualdeen lurrak, mahatsondoak, eguraldia, lan egiteko moduak eta abar. Arabako upategi txiki eta ertain gehienak, berriz, beste bide batetik doaz, ardoaren kalitatea kantitatearen gainetik jarrita, prezio apalak igoarazteko. Logroñon hartzen dituzten erabakiak, ordea, eragozpenak baizik ez dira ardo gorenak egin nahi dituztenentzat.

Errioxan oso estu hartu dituzte alderdi politikoak, azken urteotan, upategi handiek eta auzia baliatzen ari direnek: batik bat PP. «Errioxa gurea da» eta antzeko adierazpenak ohiko bihurtu dira Arabako Mahastiak zigilu berriaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.