Zailtasun askoren gainetik

Talde osatzeko arazoak eta lesioak gutxi ez, eta estropadak biribildu ezinda ibili da Orio, oro har. Hala ere, bandera bat irabazi du. Kontxa badator, eta horretarako prestatzen ari da.

Orioko trainerua, branka itsasotik erabat altxatuta, Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun

Orioren zenbait datu aurtengo Eusko Label ligan: bandera baten irabazle aurreneko jardunaldian, Bilbon; sailkapen nagusian lehiaketa irabazteko aukerak izandakoa hasieran; posturik okerrena, zortzigarrena, Ondarroan, hamahirugarren estropadan; beste guztietan, lehen bosten barruan: laugarren hamar bider, hirugarren hiru aldiz, bigarren bitan, bosgarren behin, eta aurrena beste behin.

 

Beste aldagai benetako batzuk Jon Salsamendiren taldearen inguruan: arraunlari gutxi, eta, gainera, lesioek ere erasan diote udan. Estropada batzuetara kuadrilla justu-justu osatuta azaldu izan da. B taldeko arraunlariak ere erabili ditu.

Datu zehatzen alboan, iritzira egindako balorazioak handik eta hemendik. Talde barruko talaia ezin hobetik, Jon Iriondo (Ondarroa, Bizkaia, 1976) erantzuna ematen: «Uda nahiko ondo joan da. Gora egin nahi genuen, baina gauza bat dela eta bestea dela, ezin». Gauza bat: talde motzaz ari da. Beste gauza bat: «Zorte handirik ere ez dugu izan baldintzetan. Aitzakia ematen du, baina ez da. Askotan joan behar izan dugu inork nahi ez zuen kaletik».

Datu zehatzak eta balorazioak lapiko batean sartu, eta ezin esan Orio uda erdipurdikoa egiten ari denik. Baina bada uste bat, eta Salsamendik berak onartutakoa d: ezin estropada biribilik egin, salbuespen batzuk gorabehera. Iriondo bat dator entrenatzailearekin: «Askotan lortu dugu gure aurretik direnen, hau da, Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarraren abiadura berean joatea hiru luzetan, baina laugarrengoarekin ezin biribildu». Eta laugarrena esaten duenean, ez da ari azkeneko luzea izaten den horretaz: «Batzuetan, bigarrenean ez dugu asmatu, eta, besteetan, hirugarrenean». Bukatu, aldiz, ondo bukatzen dutela gehitu du, Zarauzko bigarren egunean izan ezik: «Luze txar baten ondoren, lortzen dugu arraunketari berriz heltzea, eta laugarren luze onak egin ditugu».

Norbere lanaren alboan beste taldeena ere jarri behar, eta aurkariak gehiago izaten ari direla onartu du: «Hobeak izan dira orain arte, guk estropada on batzuk egin baditugu ere». Uste edo irudipen hori bada Orioren inguruan: koska bat gorago dituela goiko hiru aurkariak. Nahi eta ezin bat bezalakoa batzuetan.

Uda zamatu samarra egiten ari ote zaien, alde horretatik: «Pixka bat, bai. Baina oso burugogorrak gara, eta oso giro ona daukagu geure artean: lagungarria da horrelakoetan. Oso ona da bolada txarretan aurrera egiteko». Estropada batzuetara arraunlari gutxirekin joatea ere hor barruan sartu du: «Harrobia lantzeak aukera eman digu bolada txar horiek pasatzeko, eta hori ona da klubarentzat. B talde bat eduki ez bagenu, larri ibili behar genuen».

Estropada biribilaren bila

Txarrak ere baduela onetik, eta udako ertzek lagundu egin diote Oriori lehendik lantzen ari zena doitzeko: «Gurean beti izaten da helburua Kontxako Bandera, eta, liga irabazteko aukerarik ez dugunez, Kontxakoa erritmo handiagoarekin presta dezakegu».

Sailkatu egin behar lehendabizi, bihar: «Beti izaten dira ezusteak, eta lan ona egin beharko dugu». Aldeko datua: udako bi erlojupekoetan, Bilbon eta Zarauzko lehen egunean, oso ondo aritu zen Orio. Sailkatu eta gero, gauza bakarra buruan: «Gure gaitasuna ateratzeko gai bagara estropada osoan, beste hiruren pare joan gaitezke. Zaila da, baina lor dezakegu», esan du Iriondok. Eta abisu kutsuko mezua, azkenik: «Horretarako ari gara entrenatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.