Eskuz Binakako Txapelketa

Iritsi da azkenean

Koronabirusaren pandemiak lehenbizi, eta Baikoko pilotarien lan gatazkak ondoren, inoizko txapelketarik luzeena bilakatu dute binakakoa. Lehia hasi eta urtebete pasatxo geroago jokatuko dute finala Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak eta Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak, gaur, Bilbon, Miribilla pilotalekuan (17:00, ETB1) Mikel Urrutikoetxeari «luze» egin zaio itxaronaldia, eta «pozik» dago eguna iritsi delako. Aitortu duenez, «urte zaila» bizi izan du. Txapela irabazita goxatu nahi du. Profesional mailan estreinako finala jokatuko du gaur Martijak. Ez du «batere» urduritasunik sentitzen. Koronabirusaren ondorioak gaindituta, «sasoi betean» dagoela dio.

Mikel Urrutikoetxea eta Julen Martija, finalerdietako ligaxkan jokatutako lehian. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria - Jon Eskudero
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Txapel bat zor diot amari»

Mikel UrrutikoetxeaBaikoko pilotaria

Lehena jokatu, irabazi eta lau urte geroago ariko da berriro binakakoaren finalean Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989). Bikotekide bera izango du: Aimar Olaizola. Hala ere, azpimarratu du «oso ezberdina» dela orduko eta egungo egoera.

Azkenean iritsi da finala.

Bai, eta gogoz gaude, duela hilabete asko hasi baitzen txapelketa. Gauza asko pasatu dira, baina azkenean, finala jokatuko dugu.

Denetarik pasatu da urtebetean: koronabirusaren pandemia, zure enpresako pilotari gehienen lan gatazka...

Egoera zailak bizi izan ditugu. Horri guztiari, gainera, nik izan ditudan aldaketak gehitu behar zaizkio: atzelari izan nintzen lehenbizi; aurrelari gero; atzelari berriro; banakakoa jarraian... Zorionez, nahiko ondo iritsiko naiz finalera. Ea maila polita ematen dugun, eta txapela irabazten dugun.

Urte zaila bizi izan duzu?

Bai, frontoian eta frontoitik kanpo izan da zaila. Hiru hilabetez lesionatuta egon ondoren ekin nion binakakoari, eta atzelari gisa. Asko kostatu zitzaidan nire maila ematea, baina partidek aurrera egin ahala, hobera egin nuen, eta bigarren itzulian hobeto aritu nintzen.

Finala jokatzekoa zen lehen dataren bezperan esan zenuen orduan zinetela unerik onenean. Kalte egin dizue atzerapenak?

Agian, bai, baina orain ere momentu onean gaude. Gustura aritu gara elkarrekin jokatu ditugun azken bi partidatan [22-12 irabazi diete Irribarria-Rezustari, eta 22-17 Irribarria-Martijari]. Uste dut hori dela bidea. Hala ere, oso argi dugu Aimarrek eta biok bi neurketa horiek ez dutela inolako zerikusirik final batekin. Ez dago txapel bat jokoan, eta, beraz, ez dago ez presiorik, ezta tentsiorik ere.

Ahaztu duzu banakakoaren lehen partidan galdu izanak eragindako atsekabea?

Kolpea izan zen, baina kirola halakoa da, eta kale edo baleko partidak halakoak. Erik [Jaka] ni baino gehiago izan zen. Asko pozten naiz harengatik, txapela lortu duelako.

Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik. Bi aste gehiago izan dituzu finala prestatzeko.

Bai, eta eskertu egin dut, azkeneko hilabeteetan aurrera eta atzera ibili bainaiz. Aldaketa asko izan dira, eta ondo etorri zaizkit azken bi aste hauek berriro atzelari lanetan buru-belarri aritzeko.

Zer moduz dago bikotekidea?

Oso ondo, finala jokatzeko ilusio handiarekin. Oso ondo prestatu da. Lana egina dago. Orain falta dena da finalean maila ematea.

Duela lau urte izan zineten txapeldun. Espero zenuten berriro final batean egongo zinatela?

Ez. Niretzat oso berezia izan zen 2016ko txapelketa hura. Nire postuan ez zen batean jokatu nuen lehen aldiz, norekin eta niretzat eredu izan den pilotari batekin. Sekulako ilusioa egin zidan. Zorionez, oso ondo moldatu ginen, eta txapela irabazi genuen. Nork esango zidan lau urte geroago berriro atzelari lanetan ariko nintzela, berriro Aimarrekin, eta berriro txapela irabazteko lehian egongo ginela. Bientzat oso berezia da.

Zertan aldatu zarete?

Biok lau urte zaharragoak garela [barrez]. Niretzat oso bestelakoa da egoera: 2016an, lau eta erdian txapeldun izan berri nintzen, gogoz eta konfiantzaz gainezka nengoen, eta nahiz eta nirea ez zen tokian jokatu, dena atera zen ondo hasieratik. Oraingoan, ordea, lesio zail eta luze batetik nentorren, eta etxean ere une zailak bizi izan ditugu [ama hil zitzaion minbiziaz iazko azaroan]. Asko kostatu zitzaidan dena barneratzea eta egoerara egokitzea. Baina egin nuen, eta zorionez, berriz ere gaude finalean.

Meritu handia du zurea ez den postuan jokatzeak, eta zer esanik ez txapeldun izateak eta bigarren txapel bat irabazteko aukera izateak. Horren jakitun zara?

Bai. Pilotariok badakigu guztiz ezberdina dela aurrean edo atzean jokatzea: ezberdina da nola mugitzen garen, nola ematen diogun pilotari... Nik aurrean zein atzean jokatuta gozatzen dut, eta oraingoan, nahiz eta egokitzen gehiago kostatu zaidan, gustura aritu naiz. Zaila da aldaketa barneratzea, eta denbora gutxian askotan egiten bada, are eta gehiago.

Aurrelaritzat edo atzelaritzat duzu zeure burua?

Nik oso argi dut nire tokia aurrean dela. Enpresak nahi izan du atzean jokatzea, eta gustura aritu naiz, baina oso argi dut nire lekua aurrean dagoela. Are gehiago, badut erronka bat begiz joa: aurrelari moduan irabaztea binakakoa. Inork ez du lortu bi postuetan jokatuta txapeldun izatea. Badakit zaila dela, baina badut ilusio hori.

Duela bi hilabete jokatzekoa zen finalean aurkari izango zenuten bikote beraren aurka jokatuko duzue: Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak osatutakoa. Azken unera arte ez duzue jakin hori. Horrek enbarazu egin dizue?

Ez dakit, final batean edozer gerta daitekeelako. Gu gure jokoaz arduratu gara. Argi genuen bikote bat edo bestea aurkari izan, oso partida gogorra izango dela.

Nolako bikotea da Ezkurdiak eta Martijak osatutakoa?

Oso sendoa, eta konpletoa. Oso ondo moldatzen dira elkarrekin. Josebak abiadura handia ematen dio pilotari, baina asko laguntzen dio ere atzelariari. Julenek, berriz, pilota gutxi galtzen ditu, eta ondo mugitzen da.

Final guztietan esan ohi da partidan agintzen duenak eta erritmoa eramaten duenak asko duela irabazia. Hala izango da ere oraingoan?

Bai. Erritmoa eramaten duen bikoteak tantoa bere menpe izaten du, eta hori eginda, errazagoa da tantoa egitea, aurrelariak aukera gehiago baitu min egiteko. Horrela errazagoa da irabaztea.

Argi utzi duzu irabaziz gero, nori eskainiko diozun txapela.

Zalantzarik gabe, amari. Txapel bat zor diot. Nire partida guztietara joaten zen, beti nuen haren babesa frontoian, sekulako zaletasuna zuen, eta gustatuko litzaidake txapel hau ez bada, besteren bat eskaintzea.

«Azkenekobi asteetan gora egin dut»

Julen MartijaAspeko pilotaria

Duela ia bost urte profesionaletarako jauzia egin zuenean, inorgutxik pentsatuko zuen Julen Martijak (Etxeberri, Nafarroa, 1997) hain gazte binakako final bat jokatuko zuenik. Hasieran aski ongi eman zuen bere dohainen berri, baina askok uste zuten atzelari onenen artean kokatzeko kolpea falta zuela. Ordea, kasualitatetik gutxi izan du Martijaren gorakadak. Azken bi urteetan, Jokin Altuna lagun zuela finalerdietako ligaxkara iritsi ondoren, aurten txapelaren lehian aritzeko aukera izango du, Joseba Ezkurdiarekin. «Arantza hori barruan neraman, eta orain ez diot ihes egiten utzi nahi txapelari». Lehen finala izango du, baina «oso lasai» dago.

Makina bat gorabehera izan du binakakoak, eta azken bederatzi hilabeteak «oso luze» joan zaizkio. «Denetarik gertatu da. Horregatik, bikote txapelduna historiara pasatuko da». Koronabirusa eduki izanak eragin dio kezka gehien. «Ezusteko galanta hartu nuen. Kolpe latza izan zen, baina ongi osatu naiz». Kostatu zaio, ordea. «Etxean igarotako hamar egunak gogorrak izan ziren. Gainera, ez genekien noiz jokatuko zen finala. Pixkanaka entrenatzen hasi nintzen, eta hasieran neke izugarria sumatzen nuen». Horregatik, finala atzeratzeak mesede egin diola dio. «Finala orain bi aste izan balitz ez nuen nire onena emango. Kezkatuta ere banengoen, goi mailako kirolari batzuk ezinean ikusten ditudalako, birusaren ondorioak tarteko. Azken bi asteetan gora egin dut, eta jokoz sasoi onean sentitzen naiz».

Sasoi on horren seinale izan zen pasa den ostiralean Bilbon jokatu zuten finalerdia: 22-9 menderatu zituzten Asier Agirre eta Jon Ander Albisu. «Bakea sentitu genuen irabazita. Jendearen kritikak entzun behar izan genituen finalerdia jokatu gabe kokatu gintuztelako finalean, baina guk ez genuen errurik. Orain, merezita ariko gara finalean». Merezita bai, baina akaso, nekeak eraginda ere bai, lau egun besterik ez baitituzte izan atseden hartzeko. Gainera, finalerdi gogorra jokatu zuten: 662 pilotakadakoa. «Partida garrantzitsuetan askoz neke gehiago pilatzen dugu, batez ere tentsioagatik. Baina gazteak gara, eta ongi indarberritu gara finalerako».

Ilusioz gainezka dago txapela inoiz baino gertuago duelako. «Azken bi urteetan finalerdietan kanporatu ondotik, oso ondo dakit zein zaila den final batean sartzea. Birritan finalaren atarian geratua naiz Altunarekin, eta hark esan zidan final bat zor didala. Uste baino lehenago iritsi zait aukera». Azken urteetan Beñat Rezustaren eta Jose Javier Zabaletaren agintea nabarmena izan da atzeko koadroetan. «Azken final guztietan bi horiek izan dira protagonista. Bi onenak dira, baina finalean ni sartu izana izugarria da niretzat. Opari bikaina». Dena den, finalak irabazteko dira. «Horixe esaten dit Ezkurdiak:inor ez dela akordatzen galtzaileekin. Bere esperientzia lagungarri egingo zaigu».

Beldurrik ez lehia gogor bati

Esperientzia handiagoa duen bikotea izango dute aurrean. «Ohorea da maila horretako bi pilotariren kontra finala jokatzea». Hori bai, gaztea ez da egongo barkatzeko. «Seriotasuna eta pazientzia beharko ditugu. Normalean, Bilbon gogortu egin ohi dira partidak, eta guk ez diogu beldurrik horri. Ongi sentitu ohi naiz lehia estuetan». Gakoa «burutsu» jokatzea izango da. «Urrutikoetxea aurreratu egiten da pilota airez jotzeko, eta ezker horma bilatzen saiatu behar dut. Halaber, saiatu behar naiz Olaizola ezker airez ez sartzea». Harmailetan inor egon ez arren, familiakoen gertutasuna sentituko du. «Harro daude nire lanarekin, eta haiei eskaini nahi nieke txapela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.