Euskal presoak. Espainiako Auzitegi Nazionalaren trabak

Prozedura luze eta politikoak

Foro Sozial Iraunkorrak antolatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren «lobbyaz» aritu dira Garbiñe Biurrun, Puerto Solar, Txema Matanzas eta Emilio Olabarria juristak Donostian egindako mahai inguru batean. Euskal presoek auzitegietan dituzten trabak aletu dituzte, nork bere ikuspegitik.

Zaballako espetxearen irudi bat, iazkoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Gogoan dut Soton nengoela, 2008an, emakume preso batek irteera baimena eskatu zigula bere semeari pasaportea ateratzeko. Horrelako baimenak eman egiten ziren, eta izenpetu egin nion. Madrildik deitu ninduten orduan, eta esan zidaten: 'Ez dakizu FIES bat dela?'[jarraipen bereziko presoa] Nik ez nuen uste horretan eraginik zuenik». Puerto Solar Calvo mintzo da, Espainiako Espetxe Erakundeetako jurista, eta Albacete, Soto del Real eta Duesoko kartzeletan lan egindakoa (Espainia). Foro Sozial Iraunkorrak gonbidatuta agertu da Donostiara, bideo konferentziaz, ongi aski ezagutzen baititu presoek espetxe legedian aitzina egiteko izaten dituzten zailtasunak; 2008an bezala, baita orain ere: «Preso horiek talde monolitiko gisa tratatu ohi ditugu, zerbait berezi gisa, eta ahazten zaigu gure espetxe legearen oinarria indibidualizazioa dela». Azaldu duenez, ez da horrela gertatzen praktikan; eta, 2003an legea gogortu zutenetik, are gutiago: «Ez zaio begiratzen gizarteratze ibilbideari; traba lasterketa bat sortzen dute, eta gizarteratze ibilbideak ezinezko bilakatzen dira». Haren hitzetan, euskal presoentzat bezala, baita gainontzekoentzat ere: «7/2003 legean jarri zituzten baldintza espezifiko batzuk ETAko presoentzat, baina orain besteei hedatu zaizkie».

Oztopoak gizarteratze ibilbidean jarri zion bigarren izena Foro Sozialak atzo antolaturiko mahai inguruari, izenburu nagusiak traben iturburuari erreferentzia egiten ziola: Espainiako Auzitegi Nazionaleko lobbya. Oztopo horiek xehatu zituzten hizlariek atzo, hain zuzen: Solar Calvorekin batera, Garbiñe Biurrun epaileak, Emilio Olabarria jurista eta politikariak (EAJ) eta Txema Matanzas abokatuak, Teresa Todak gidatuta.

Matanzas egunerokoan dabil presoen eskubideen «joko zelaian», eta xeheki aletu zituen baimenak eta hirugarren graduak lortzeko euskal presoek izaten dituzten zailtasunak. Lehendabizikoa: denbora. «Blokeo batean gaude, eta ebazpenak sei eta zazpi hilabetez luzatzen dira. Ohikoak baino luzeagoak dira epeak». Haren hitzetan, gertatu izan da, erraterako, baimen baten eguna baino beranduago iristea horri buruzko ebazpena, eta, beraz, baimena gauzatu ezina.

Matanzasek azaldu zuenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salan dago traba nagusia, areto horretako epaile gutiz gehienek «profil ideologiko» jakin bat baitute: «Itxikeriazkoa». Are, berez «aurkakoa» beharko lukeen arren, nabarmendu zuen «kontraesana» dagoela Espainiako justiziaren eta administrazioaren artean: «Espainiako Espetxe Erakundeak ari dira presoak Euskal Herrira edo ingurura eramaten eta gradu aldaketak ematen, eta, bien bitartean, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak gradu aldaketei uko egiten die, ebazpen judizialen bidez».

Bertze oztopo bat: barkamen eskeak. «Biktimei barkamena eskatzea haien totema bilakatu da, baina zer gertatzen da? Delitu batzuetan ez dagoela biktimarik! Azkenean, epaileak onartu du biktimarik ez dagoenean ez dagoela barkamena eskatzerik, baina bost edo sei hilabete behar izan ditugu!». Damua ere ari zaizkie eskatzen presoei, baina, Emilio Olabarriaren ustez, «kontzeptu metajuridikoa» da damutzearena: «Ez da juridikoa, eta ezin da estandarizatu, damutzea sentimenduei baitagokie; ezin da objektiboki adierazi».

Espainiako Auzitegi Nazionalaren izaeraz ere mintzatu zen Olabarria; haren iritziz, ez baita auzitegi «natural» bat, eta erabaki «bitxiak» hartzen baititu. Fiskaltzaren aurka ere agertu zituen zalantzak: «Zaila da fiskaltzaren kontra egitea; organo hierarkiko bat da». «Kezkaz» agertu zen, oro har: «Oztopo hauek espetxe legediaren interpretazio zaharkitu batera eraman gaitzakete».

Borondate «politikoa»

Biurrun ahoan bilorik gabe mintzatu zen Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurka: «Gaixo dagoen erakunde bat da». Gogoratu zuen Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala espresuki euskal presoentzat sortu zutela, 2003an, eta orduan pasatu zirela Espetxe Erakundeak Justizia Ministeriotik Barne Ministeriora ere: «Ez da kasualitatea; borondate politiko argi bati erantzuten dio». Itxaropenez bukatu nahi izan zuen, dena den, urrian jasoko baitu Jaurlaritzak espetxe eskumena: «Legediari jarraitu arren, gauza batzuk aldatzen ahalko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.