Eli Pescador.
Arrauna. LUGAÑENE BASERRITIK

Aurtengo, ze plan?

2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Uda iristen denean ohikoa da, lagunartean, hurrengo hilabeteetan egingo diren planen inguruan hitz egitea. Bakoitzak bereak izaten ditu: Mediterraneora bidaiak, Pirineotako zeharkaldiak, urrutiko lurraldeetara hegaldiak, herriko festetan parrandak, musika jaialdiak... Eta elkarrizketa hauetan maiz galdetzen didate: «aurtengo, ze plan?».

Zaila izaten da askotan arraunlarien dinamikak eta bizimodua ingurukoei azaltzea. Ez dugu asteburu libre askorik izaten, zaila izaten da kuadrillako afari edo bazkarietara joateko aukera izatea, laneko opor egunak arraunean pasatzen ditugu askok. Eta, halere, urteak egiten ditugu. Badago zeharo harrapatzen gaituen zeozer eta hori harrigarria iruditzen zaie askori.

Arraunean gauden bitartean ohikoak diren plan asko galtzen baditugu ere, beste esperientzia asko irabazten ditugu. Arraunak, eta kirolak orokorrean, bizitzarako ikaskuntza handiak ematen dizkigulako: helburu bat lortzeko konstantzia, diziplina, esfortzua, taldearekiko edota norberarekiko konpromisoa, ez etsitzea, erori eta berriro altxatzea, norberaren buruarengan konfiantza...

Eta esperientzia hauetatik aberasgarriena taldeak eman dit niri. Pertsona zoragarriak topatu ditut nire ibilbidean: zailtasun guztien aurrean lanean jarraitu dutenak, helduleku ditudanak, norberarengan sinisten lagundu didatenak, onenean eta txarrenean babestu nautenak, irri eta malko lagun izan ditudanak. Eta hauekin guztiekin, aurtengo plana, disfrutatzen jarraitzea izango dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.