Bizitzan, zein kirolean, momentu askoren lehen aldia izaten dugu gogoan, baina azkena noiz izango den ez dugu jakiten. Aurten gure arraun taldean arau berri bat dugu ezarria: momentu bakoitza, estropada bakoitza, garaipen bakoitza, bizitzan egingo dugun azkena balitz bezala ospatzea eta gozatzea.
Esperientzia hartzen goazen heinean, konturatzen gara zenbat kostatzen den gauzak lortzea. Aurtengo denboraldiak itxura hori du. Garaipen bakoitza oso garesti salduko da, eta hori lortzen duen taldeak harrotasunez ospatzeko arrazoiak izango ditu.
Helmuga gurutzatu eta bakoitzak begiz ikusi edota patroiak garaipena helarazten dizunean, palakada gehiago txukun emateko indarrik geratzen ez zaizunean botatzen duzun garrasia, tostakide arteko besarkada, irribarre zabal eta oilo-ipurdia maiz sentitzeko aukera zaila izango da aurten.
Aurreko urtean, ligan irabazitako bandera, lehena eta azkena izan zen, guk espero gabe. Garaipen ezak, estropadetan burua galdu, eta ez disfrutatzera eraman gintuen, hortik aurtengo gure taldean ezarritako arauaren zergatia. Argi dugu bandera bakoitza azkena balitz bezala ospatuko dugula, baina baita estropada bakoitza, azkena balitz bezala gozatu eta borrokatuko dugula, nondik gatozen ahaztu gabe, eta ibilbidean zehar egindako lana harrotasunez erakutsiz.
Bizitzen ari garenaren azken aldia noizbait helduko den jakitun gara; beraz, hasi berri den liga hau sufritzeko, gozatzeko eta ospatzeko prest gaude.
Azkena balitz bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu