Arrauna. ANALISIA

Bandera trapu bat da?

Olatz Artola Apeztegia.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hurrengo geltokia: Bermeo. Iristerako, baina, kasik errailetik atera da trena.

Euskotren Ligako play-offak jokatuko dira asteburuan. Orain arte emakumeen lehen mailako ligaren erradiografia hau izan da: distantzian gizonezkoen erdia eta traineru kopuruan herena. Diruak, hots gutxi. Hurrengo denboraldian, distantzia laburra izango da oraindik, eta patrikak diruz bete bainoago hustu egingo dituzte arraunlariek. Baina partaideak lehen halako bi izango dira: lau izan beharrean, zortzi. Etxea teilatutik eraikita, goitik behera eror daiteke. Esaterako, 2017an San Juanen gertatutakoa errepikatzen bada, zer?

Badator aldaketa, eta hau ere gizonek erabaki dute. Eusko Label Ligan (TKE) dauden 12 taldeek erabaki dute, emakumeen trainerurik ez dutenak tartean. Hamabitik zazpi dira horiek, hau da, erdiak baino gehiago. Kontrara, Euskotren Ligan aritzeko lehian dabiltzan hainbat klubek ez dute erabakimenik eduki. Hitza bai, baina boterea ez. Zergatik-eta gizonen ligan trainerurik uretaratzen ez dutelako.

TKE liga pribatua denez, ahotsa altxatuta ere, emakumeen alde egin duten taldeek ezin dute aldatu joko zelaia. Zuek ere Alardeko txilibituak entzun al dituzue? Ez zelaia, ezta joko arauak ere. Euskotren Ligako lehen hiru ontziek ez dute maila galtzen; ETEko eta Galiziako Ligako lehen biek igotzea lortzen dute. Galiziarrek hiru urterako, gainera. Estropada guztiak atzean bukatu arren, ez dute play-offik jokatuko. Zergatik, bada, Galiziakoak izateagatik edo gizonekin egindakoa errepikatzeagatik? Iturburu desberdineko urek ez dute egiten itsasorako bide bera... Oihuak ez badira entzuten, ez badute oihartzunik, zein da bidea? Ez ikusiarena egiten duten gizonen uberan behintzat, bandera more gutxi astinduko dira. Baina, ei, haizea dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.