Ez pentsa asteartean argitaratutako zutabe batek berritasun asko gehituko duenik larunbatean Coruñan gertatukoaz. Ordutik 51 ordu eskas igaro dira. Aldi horretan iritzi bilketa bete-betekoa egiteko aukera izan da. Oro har, bi aldagai gailendu dira balorazio gehienetan: uretaratzeko arriskua eta ordezko hautabiderik eza.
Apalago iragan da erabakiaren tempoa. TKEren sare sozialek 16:47an eman zuten Eusko Label eta Euskotren ligetako lehen jardunaldia bertan behera uztearen berri; bederatzi minutu geroago, batzorde teknikoko presidentearen bideo bat zabaldu zuen kanalak, erabakiaren xehetasunak azaltzeko. Lau minutu barru, Riazor hondartzako uretaratze eremuaren bideo bat. Arriskua baieztatzen zuen lekukotza izan zen.
Hamahiru minutuan azaldu zen egoera. Euskotren ligako estropada 17:30erako iragarria zuen lehen jardunaldiko txosten ofizialak. 43 minuturen aldea. Kontrastea erabatekoa da, esaterako, iaz Boiron jazotakoarekin alderatuz. Orduan, behe lainoak asko atzeratu zuen estropadaren hasiera, itxaronarazi egin zuen, eta jokatu egin zen. Aldea nabarmena eta deigarria da, bietan naturaren aldagaiak zirelako epaile.
Larunbatean Lekittarra eta Getaria izan ziren estropada lekutik mugitzen azkenak. Egoera ez zen agudo aldatu, eta, ziurrenik, denborak indartu egingo zuen erabakiaren egokitasuna. Frantziako Tourrean Jacopo Guarnierik zintzilikatu zuen faroltxo gorria, baina Coruñan ez zen argi gorririk izan. Igandean argi berdea piztu zen, ordea, eta gaitzerdi.

Arrauna. ANTXERRITIK
Faroltxo gorria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu