KRITIKA. Musika

Ravelen magia

2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

BOS

Zuzendaria: Erik Nielsen.Ahots bakarlaria: Klara Mouriz. Egitaraua: Maurice Ravelen lanak. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Ekainak 7.

Tinbredun apoteosian bukatu zuen BOSek denboraldia, Maurice Raveli gorazarre eginez, kontzertu osoa berari eskainita. Izan ere, duela 80 urte Ravel BOSen aurrean zuzendari gisa jarri zen, Filarmonika aretoan. Ziburuko musikagilea gogora ekartzeko, hasteko, orkestrak oso gutxi interpretatu diren gaztaroko haren lanak entzuteko aukera eman zuen; maisuak bere bizitzan argitaratu ez zituenak eta Bilbon estreinatuak: Shéhérazade obertura magikoa eta hiru abesti, garaiko orientalismoaren modari jarraituz.

Oberturaren kasuan, Erik Nielsen zuzendariak egoki islatu zuen konpositorearen ezaugarri nagusia, hots, haren koloretasuna, oso ondo jokatuz egurren eta metalen sonoritateekin, hautu guztiz egokia dena atmosfera miragarria irudikatzeko. Ravelek berak, ordea, bere garaian arbuiatu egin zituen hiru abestiok, «trakestasun handiz» eginak zirela argudiatuz. Aldiz, guri atsegin handia eragin ziguten, lehenak batez ere, Asie izenburukoak, eta baita hirugarrenak ere, L'indifférent izenekoak, Clara Mouriz mezzoak kantatu zuena. Abeslariak, bolumen eta ahoskera egokiak azaldu zituen, baita behe erregistroan belusezko tinbrea ere, eta sentimenduz eta gustuko fraseoz bete zuen kantaldia.

Bestalde, bemol handiko lana da Daphnis et Chloé, jatorrian Diaghileven balleterako asmatua, eta gero bi suitetan emateko moldatu zena. Ravelen lanik luzeena da, eta orkestrarik handiena behar duena. Atseginez entzun genuen 2. suitea, zuzendariak eta musikariek partituraz egindako irakurketa zuzenari eta musikariek denak eman izanari esker. Hiru zatitan banatua, XVIII. mendeko margolariek konpositorearen irudimenean utzitako Greziaren irudi estetikoa da lanaren xedea, baina Ravelen ekarpen musikalekin: instrumentu bakoitzaren azterketa tinbrikoa egin, eta horien arteko harmonikoen konbinazioa, koloretasuna, azken batean. Asmo horretan, arreta berezia eskaini zien perkusiozko instrumentuei, egurren ñabardurei, glissandiei, tremoloei, harizkoak banatzeari, erritmo desberdinei eta dinamika paregabeei. Aintzat hartzeko da nola kudeatzen dituen crescendo-ak pianissimo-tik fortissimo-raino. Hala entzun ziren Lever du jour adierazgarrian, Pantomime konplexuan eta bukaerako Danse generale-n, maitasun fisikoari emandako gailur dionisotarra.

Bolero ospetsuarekin amaitu zen Ravelen omenaldia; haren lan unibertsalena eta ezagunena, areto klasikoetatik kabaretetaraino. Musikologoek lan arrunt gisa izendatu zuten pieza, eta, aldiz, minimalistek goraipatu egin zuten daukan indar hipnotikoagatik, errepikapenen eta aldaketen bidez lortzen duena, trantze sexualaraino eraman arte. Bertan, zuzendariak eta musikariek beren onena eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.