HUESCA 0 REALA 1

Damua uxatzeko lana

Mikel Merinok Realarekin egindako lehen golak garaipena eman die txuri-urdinei. Juanmi eta Theo kaleratuta, bederatzi jokalarirekin amaitu du Realak

Estu hartu zuen Huescak Reala, baina Mikel Merinoren gola baliatuta hiru puntuak eskuratu zituzten txuri-urdinek. JAVIER VELASCO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Merino (63. min.). Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Huescako Cucho, Luisinho, Ferreiro eta Longo; eta Realeko Pardo. Txartel gorriak: Realeko Juanmi (70') eta Theo (82') Bestelakoak. 7.600 ikusle Alcorazen; Realeko 400 jarraitzaile inguru.

Sasoi hasieran jarritako helburuak betetzeko, ezinbestekoa da atzokoa bezalako partidak irabazten jakitea. Ofizioa erakutsi zuen Huescan Realak eta hiru puntu poltsikoratuta itzuli zen Donostiara. Urteko balantzea egiterakoan damurik ez izateko egin zuen lana; maldan gora jarri zitzaion partida, baina sufritzen asmatuta lortu zuten garaipena.

Mikel Merinok Realarekin sartutako lehendabiziko gola nahikoa izan zen horretarako. Bazirudien nafarraren golak bidea erraztuko ziela donostiarrei, baina egoera erabat irauli zen handik gutxira. Hamar minuturen barruan Juanmi eta Theo kaleratu zituen epaileak, eta erasora egin zuen Huescak, ia partida berdintzeraino. Makal hasi zen bizi-bizi amaitu zen partida. Azalberrituta aurkeztu zen Reala Alcoraz zelaian; sasoi hasierako partidetan hasieratik aritutako Illarramendi eta Zurutuza aulkian utzi zituen Asier Garitanok, eta indarraren aldeko hautua egin zuen zelai erdian.

Lehen zatian kamuts aritu ziren bi taldeak, eta aurkariaren indarrak neurtzen eman zituzten lehendabiziko minutuak. 20. minutuan izan zuen Realak neurketako lehendabiziko aukera; eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat buruz errematatu zuen Merinok. Erdilaria izan zen arrisku gehien sortu zuen jokalaria, eta bere bi jaurtiketa izan ziren lehen zatian Realak izandako aukerarik garbienak.

Lehen zatiaren antzera ekin zieten donostiarrek bigarrenari ere. Indartsuago ekin zion Huescak, eta estu hartu zuen Rulli 46. minutuan. Goitikako jokaldietan lanak izan zituen atezain argentinarrak, eta etxeko taldeak presio egin zion estrategiako jokaldietan. Huesca eta Reala zelai erdiaren jabe egiteko lehian ari zirela etorri zen partida erabaki zuen gola. Ezker hegalean baloia lapurtu zuen Theo Hernandezek, eta hondoko marraraino eraman ostean Merinori eman zion pasea. Ezker hankarekin jaurtiketa indartsua egin zuen nafarrak, eta atezainak ezin izan zuen ezer egin baloia gelditzeko. 63. minutua zen.

Ondoen jokatzen ari zenean okertu zitzaion partida Realari. Zelai erdian sarrera bat egin zuen Juanmik, eta txartel horia atera zion epaileak. Erabakiarekin gustura ez, eta kexaka aritu zen aurrelari espainiarra, harik eta epaileak txartel gorria atera zion arte. Handik gutxira Theok matraileko bat eman zion aurkari bati, eta bederatzirekin amaitu zuen partida Realak, langatik zintzilik. Aukerak izan zituen Huescak eta estu hartu zuen Reala. Larri irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.